Dagoena kendu, eta deus ez jarri

Dagoena kendu, eta deus ez jarri

Edurne Elizondo

Azalpenik eman gabe. Iruñeko Udalak, bere kabuz, bertan behera utzi du Yoar elkartearekin zuen akordioa, Arrosadiko migratzaile ijito errumaniarrak artatzekoa. Iazko urrian sinatu zuten kontratua kolektibo horrek eta orduan Joseba Asironek (EH Bildu) zuzentzen zuen udal gobernuak. Urte baterako zen, bertze urtebetez luzatzeko aukerarekin. Lehen hamabi hilabeteak pasatuta, hutsean utzi du Enrique Maia (Navarra Suma) buru duen oraingo udalak.

Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak haurren lagun izendatu zuen Iruñea, urtarrilean. Hiriko agintariek Arrosadiko eta Azpilagañako umeekin kezka handirik ote duten zalantzan jarri dute Yoar elkarteko kideek, ordea, taldeak auzo horietako haur eta gazteekin egiten duen lan guztia gelditu baita kolokan, udalarekin zuten kontratua bertan behera gelditu eta gero.

Yoar elkarteko arduradunek argi dute arretaren kalitateak behera eginen duela, eta behera eginen duela, halaber, beren programetan hartu ahal izanen dituzten pertsonen kopuruak. Kontratua ez berritzeak ekarri baitu, jada, hilaren 17tik aurrera, hiru pertsona gutxiago ariko direla lanean taldean.

“Ez digute azaldu zein den kontratua ez berritzeko arrazoia; programari buruzko ebaluaziorik ez dute egin; ez digute emaitzen berri eskatu; ez dute bertze alternatibarik jarri mahai gainean. Behar zen zerbitzu bat kendu dute, bertze deus eskaini gabe”. Horixe salatu du Yoar elkarteko kide Zahira Iturbidek. “Gerta zitekeela bagenekien, baina, hala eta guztiz ere, ezustean hartu gaitu gertatu denak”, erantsi du.

Yoar 1996. urtetik ari da Iruñeko Arrosadia eta Azpilagaña auzoetan lanean, haur eta gazteekin. “Auzo horietako herritarrek sortutako elkarte bat da; kezka zuten haurtzaroarekin eta haurren eskubideekin, eta arlo horretan eragiteko hasi ziren lanean”, azaldu du Iturbidek. Talde txikia ziren, hasieran, baina gora egin du inplikatu diren pertsonen kopuruak, eta horrek ekarri du Yoar elkarteko kideen lan esparrua zabaltzea.

Egoitza Arrosadian du, auzoko zentroan. “Auzo konplexua da”, Yoar taldeko kideek erran dutenez. “Migratzaile anitz bizi dira hemen. Bertze toki anitzetan baino merkeagoak dira hemen etxebizitzak, eta horrek jendea erakarri du”. Auzoaren egunerokoaren bilakaerak eragin ditu aldaketak, bai eta gatazkak ere, hainbatetan. Arrosadiko auzoko zentroko paretetan ere agertu izan dira ijito errumaniarren aurkako pintaketak, adibidez.

Egoerak piztu du Yoar elkarteko eta bertze hainbat kolektibotako kideen kezka; bai eta udalarena ere. Ondorioz, auzoko egoerari buruzko diagnosia egin zuten hiriko agintariek, eta mahai gainean jarri zituzten datuak, iaz: Arrosadiko biztanleen %34 daude pobrezia edo bazterketa arriskuan; kopurua anitzez handiagoa da bizilagun migratzaileen artean: %68. Eta 15 urte baino gutxiago duten migratzaileen egoera da larriena, ikerketak agerian utzi duenez, %47 bazterketa egoeran baitira.

Errealitate horri aurre egiteko baliabideak urriak izan dira. Diagnosiak berak nabarmendu zuen bazterketa egoeran ziren pertsonak gizarteratzeko programarik ez zegoela auzoan. Yoar elkarteak, hain zuzen ere, behin eta berriz eskatu ditu baliabideak eta auzoan eragiteko tresnak, azken urteotan.

2016. urtean, azkenean, elkarteak eta Iruñeko Udalak hitzarmena sinatu zuten. “Udalak bere gain hartu zuen prebentzioa lantzeko zerbitzu bat jartzeko ardura; bertze hainbat auzotan ere badira gisa horretako programak. Udalak, hain zuzen ere, auzo elkarteen bitartez hasi zen prebentziorako lan hori egiten”, erran dute Yoar elkarteko kideek.

Arrosadiko eta Azpilagañako haur eta gazte guztiekin lan egin izan dute taldeko arduradunek, baina Europa ekialdeko migratzaileen etorrerak aldatu egin ditu Yoar elkarteko kideen dinamikak, azken urteotan: “Ijito errumaniarrek behar eta ezaugarri bereziak dituzte, eta horrek ekarri du haiek artatzeko ahaleginak gure zerbitzuetatik kanpo utzi izana bertze erabiltzaile anitz”, azaldu du Itxaso Arangurenek. Hau da, Yoar taldeak ijito errumaniarren kolektiboa artatzeko bideratu behar izan ditu baliabide anitz, eta, ondorioz, bertze lan esparruak bazter utzi behar izan dituzte. “Ezin izan baitugu dena egin”.

Arreta osoa

“Ijito errumaniarrek arreta handia behar dute; gobernuak ere esku hartu beharko luke, gure ustez, esparru guztietan eragin ahal izateko. Badira, adibidez, eskolan inoiz egon ez diren hamahiru urteko nerabeak. Egungo hezkuntza sistema ez da gai gazte horiek hartzeko. Egoerak okerrera baino ez du egiten pertsona horiek arreta osoa jasotzen ez badute”. Horixe nabarmendu nahi izan du Itxaso Arangurenek, egin beharreko lana zenbaterainokoa den azaltzeko.

2018. urtean, bertze urrats bat egin zuen Iruñeko Udalak lan horretan laguntzeko. “Guk egiten genuen lana sendotu beharrean, bertze proiektu bat jarri zuen udalak martxan, bizikidetza lantzeko”, erran du Iturbidek.

Prebentzioa lantzeko programa batekin eta bizikidetza lantzeko beste batekin, ontzat eman dute Yoar taldeko kideek azken urtean egindako lana. Lantaldea sendotu ahal izan dute, eta eskura izan dituzten baliabideekin, arreta hobetu. “Ijito errumaniarrak artatzen hasi ginenean, kolektibo horretakoak ez ziren erabiltzaileen kopuruak behera egin zuen nabarmen; egoera hori aldatzea lortu dugu”. Azken urtean, laurehun erabiltzaile inguru izan ditu Yoar elkarteak; haietatik 108 ziren ijito errumaniarrak: 59 adingabe, eta hamasei inguru 18 eta 25 urte bitartekoak. “Helduen artean, gehienak emakumeak izan dira”. Bertzeak bertze, alfabetatze programetan parte hartu dute Yoar taldeko kideek. Programa horietan bitartekari lana egin duten hainbat emakume errumaniar ijito ere aritu dira.

Datozen hilabeteotarako ikastaroak prest zituen jada Yoar elkarteak, Iruñeko Udalaren erabakiaren berri jaso zuenean. Kontratua ez berritzeak ekarri du, ondorioz, ikastaro horiek guztiak bertan behera uztea: “Denak beteta zeuden; jendeak badu parte hartzeko gogoa eta interesa, eta ez dute ulertzen zergatik ezin izanen duten egin. Guretzat, zaila da azaltzea udalak hartu duen erabakia, guk ere ez baitugu inolako azalpenik jaso”, erran du Iturbidek.

Eneko Elizari eta Marta Tabernero aritu dira, azken hilabeteotan, udalarekin adostutako bizikidetza programan lanean. Hilaren 17tik aurrera, lanik gabe geldituko dira. “Tristuraz hartu dugu berria, baina larriena ez da gure egoera; guk eginen dugu aurrera. Arazoa da jende anitz geldituko dela behar duen arreta jaso gabe”, nabarmendu du Eneko Elizarik.

“Ez dakigu zer eginen dugun; gure lan guztia berrantolatu behar dugu. Ezin izanen dugu lehen egiten genuen guztia egin”. Egoerak kezka sortu die Yoar taldeko kideei; eta, batez ere, ezintasun sentipena. “Zergatik hartu du udalak hartu duen erabakia? guri ez digute azaldu. Nork bere analisia egin dezala”.

Bilera bat eskatu dute auzoko hainbat elkartek, baina ez dute erantzunik jaso. Ijito errumaniarrak artatzen dituztenen Roma Sareko kideek ere idatziz egin dute eskaera, baina haiei ere ez diete deus erantzun.

Aurrera egin nahi dute Yoar taldeko kideek, bidea maldan gora dutela ederki jakin arren. Halere, Arrosadian eta Azpilagañan elkar ezagutu nahi duten bizilagunen ondoan jarraitu nahi dute, argi baitute hori dela bizikidetzaren gako nagusietako bat: ondoan dagoena ezagutzea. Gisa horretako zubi lana sendotu nahi dute, hitzarmenik gabe zaila dela jakin arren.

Irudiak: Iñigo Uriz / Foku.