Saioa Alkaiza
Guk ez dugu printze eta printzesetan sinesten, are hala hasten den zutabe bat irakurtzen haste hutsak pereza ematen du, oinarrizkotasunaren oinarrizkotasunaz, jakin badakigu-eta maitasun erromantikoaren kontra gaudela, maitasun pentsamendua dela laranja erdiak bilatzera garamatzana, norbera zukutu arte, heteroarauaren zurrunean sakontzen duena, generoaren eraikuntzan bertan beste adreilu bat jartzen duena. Maitasun erromantikoaren kontra gaude, nahi ez genukeen gizarte horren isla delako, eta Mari Luz Estebanen hitzak gogora ekarriz, eredu hori delako mendeak pasatuta ere indarrez mantendu dena, gauzak bere horretan utziz. Honako hau, beraz, urteek aldatu ez dutena: “Maitasun eredu burgesa eta kapitalista, zeinean maitasunak (irrazionala arrazionalizatzen duena) gizonak eta emakumeak bereizten dituen, eta bikotea (heterosexuala) erdian jartzen duen”.
Bestela esanda, bere garaian Anna Jónasdóttirek El poder del amor ¿Le importa el sexo a la democracia? liburuan Firestoneren pentsamendua jasotzerakoan azaldu zuen bezala, maitasuna beharrezkoa da patriarkatuaren mantenurako: “Patriarkatu garaikidean, maitasuna dominazio maskulinoaren zutabea da; izan ere, estatistikoki, emakumeek egindako maitasun inbertsioa handiagoa da: jaso baino gehiago ematen dute”. Dioenez, maitasun plus hori dela-eta irteten dira gizonak esparru publikora autoestimu handiagoarekin, jasotako erreziprozitaterik gabeko kariñoaren ondorioz. Gauzak horrela, eta berriz diot, maitasun erromantikoaren kontra gaude. Ezinbestean.
Edo bestela, Estebanen Crítica del pensamiento amoroso lanean irakur daiteke Jónasdóttiren pentsamenduaren beste ale bat; eta merezi du gogora ekartzea: “Kapitala alienatutako lanaren metaketa bada, autoritate maskulinoa (emakumeengan duen eragina dela eta) maitasun alienatuaren metaketa da”. Horregatik, berriz ere: maitasun erromantikoaren kontra gaude.
Ez naiz hutsetik ari, ez naiz berritik ari; aspaldi dago “gure” ezkerreko giroetan mugimendu antierromantikoa. Hau bagenekien. Aurrekoan, lagun batek, baina, gako bat eman zidan pentsatzeko ez ote garen ari geure buruari jarritako tranpan erortzen deseraikitze lan hauetan: “Bikotearen tiraniatik ihes egin nahian, lagun talde batean jarri nuen nire indarra, kolektibo batean, aurrera begirako proiektu bat garatzeko, eta, total, azkenean, bikotea baino gehiago erromantizatu nuen kolektiboa!”.
Eta azaldu zidan nola imajinatu zituzten denen artean etxe berri bateko planoak, eta kolektibitatean nola pentsatu zituzten inoiz jaioko ez diren alegiazko haur batzuen bizitzak eta nola indar pila jarria zuen proiektuan, ia ahitzeraino, eta nola azkenean, bada, nola hautsi zen.
Eta nik neure burua ikusi nuen, binakako egitasmotik ihesi, eta lagun taldeak eta proiektu politikoak erromantizatzen. Erromantiko bezain inkoherente.