Edurne Elizondo
Kontent nago, liburuak balio izan duelako hitz egiteko, eta gu osatzeko”. Kattalin Miner idazlearenak dira hitzak; Moio. Gordetzea ezinezkoa zen (Elkar) lanari buruz erran ditu, Iruñean egindako aurkezpenean. Trans Urria programan parte hartu du, hiriko Zikutak eta Bullerak taldeek antolatutako ekinaldian. Tene Mujika bekari esker argitaratu zuen Minerrek liburua, maiatzean, Hernaniko Aimar Elosegi Ansaren heriotzak eragindako mina abiapuntu hartuta. Bere buruaz bertze egin zuen trans gazteak 2007. urtean; lagun mina eta herrikidea zuen Minerrek.
Aimar Elosegi Ansa Moio zen Hernaniko bere kuadrillako kideentzat. Minerrek ez du liburua idatzi lagunari buruz, halere; ez du lagunaren bizitza ardatz hartu; bertze ertz batetik heldu dio gaiari: Elosegi Ansak bere buruaz bertze egin eta gero herrian auziari buruz ezarritako isiltasunaren inguruan hitz egin nahi izan du idatzitako orrietan. Isiltasun hori apurtzeko, hain zuzen ere; isiltasun hori zerk eragin zuen ulertu ahal izateko.
Izan ere, Elosegi Ansaren heriotza gertatu eta gero, Hernaniko herriko plazan egin zioten hileta zibila; omenaldiak ere izan zituen; eta, ekitaldiotan guztietan, familiak eta lagunek mahai gainean jarri zuten gaztea transa zela eta bere buruaz bertze egin zuela. Haren heriotzak, beraz, izan zuen oihartzun sozial eta politikoa; baina oihartzun horren indarrak behera egin zuen denborak aurrera egin ahala, gaia isilpean utzi arte.
Elosegi Ansaren suizidioaren hamargarren urteurrena izan zen, duela bi urte, Minerren liburuaren pizgarri. “Lehenengo aldiz, ez nuen sentitu omenaldirik egiteko beharrik”. Doluaren amaieratzat hartu zuen seinale hori, baina hasierako lasaitasuna ezinegon bilakatu zitzaion, eta eguneroko bat idazten hasi zen, gogoeta egiteko, memoria lantzeko. Eguneroko hori idazten konturatu zen Miner lagunaren heriotzari buruz jada ez zutela hitz egiten kuadrillan; ez zirela auziaz gehiago mintzatzen herrian. “Isilpean zegoen”, gogoratu du.
Isiltasun horri memoria landuz erantzun nahi izan dio Minerrek, hain zuzen ere: memoria kolektiboaren bidez. Horretarako, esparru ezberdinetako testigantzak jaso ditu. Elosegi Ansaren anaia Ander eta lagunak elkarrizketatu ditu, bai eta Medeak talde transfeministako kideak, Maialen Lujanbio bertsolaria, Iratxe Retolaza kultur kritikari eta EHUko irakaslea, eta Hernaniko Brayan Altimasbere gazte transa ere.
Hiri eta herri “bizigarriak”
Liburua osatzeko elkarrizketatu dituen guztien inplikazioa nabarmendu du Minerrek. “Errespetu eta ardura kolektibo handia topatu ditut. Uste dut denek parte hartu dutela badakitelako, pertsonaletik harago, gizartean eragiteko asmo bat baduela proiektuak”. Horixe erran zuen egileak, maiatzean, liburua aurkeztu zuenean.
Eragiteko asmo horren bidetik, hain zuzen ere, idazleak argi utzi du gizarteak baduela hiri eta herri bizigarriak eraikitzeko ardura eta betebeharra. “Denentzako bizigarriak izango diren hiri eta herriak”. Elosegi Ansaren anaiaren hitzak ekarri ditu gogora Minerrek, ardura horri lotuta: “Urteak eman ditu anaiari buruz hitz egin gabe. Tabua ez zen suizidioa; tabua bestea zen: anaiak bere buruaz beste zergatik egin zuen azaldu beharra. Ezjakintasunari eta komentario ergelei egin behar izan zien aurre, eta isiltzea erabaki zuen”.
“Isiltzea erabaki zuen gaiak eztabaida eragiten zuelako, baina baita berak behar zuelako ere, berak ere ez zuelako ondo ulertzen zer zen transexualitatea”, erantsi du Minerrek. 2007. urtetik gauzak aldatuz joan direla uste du idazleak, eta orduko diskurtso anitz bazter gelditu direla jada. Minerrek nabarmendu du, halere, anitz dagoela ikasteko, oraindik ere, trans pertsonen errealitateari buruz. “Transfobia handia zen garai hartan; prezio garestia ordaindu zen gaia garrantzitsua zela ikasteko”.
Ikusezina dena ikusgarri bilakatzea da gakoa, erantsi duenez. Transentzat ere bizigarri izanen diren espazioak eta gizarteak eraikitzea. Eta, hori lortzeko, ardurak ez du haien bizkar egon behar: “Zis pertsonoi dagokigu begirada aldatzea; oraindik ere, gure asmo onenekin ere, ez dugu lortu espazio bizigarri horiek sortzea. Lan pila dugu egiteko, asko dugu ikasteko. Oraindik ere, traba egiten digu indefinizioak”. Minerren liburuak isiltasuna apurtu du, eta fase bat itxi. Bidea eman du ikasten eta ezagutzen jarraitzeko. Espazio bizigarriak sortzen laguntzeko.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku