Edurne Elizondo
Urte oroko jarduna dute, astelehenetik aurrera, Iruñerriko mikologoek eta Gorosti zientzia elkarteak: hilaren 28an hasiko da Luis Garcia Bonak zuzendutako onddoen inguruko ikastaroa. Hamar egunez, mikologiaren esparruan sakontzeko aukera emanen du Gorostik. Perretxikoak biltzeaz harago, ikerketa sustatzea izanen da helburu nagusietako bat, onddoak eta haien fruituak ezagutzeko eta sailkatzeko asmoz.
Onddoak eta perretxikoak ezagutzeko toki hagitz aproposa da Nafarroa. “Aberastasun handikoa da gure herrialdea”, nabarmendu du Garcia Bonak. Biologoa 1972. urtetik ari da mikologiaren esparruan lanean. Onddoen inguruan egin zuen tesia, hain zuzen ere. Mikologian doktore da, eta 1992. urtean sortu zuen esparru hori ikertzeko atala Gorostin. 2017. urtean, zientzia elkarteko bere kideekin batera berrogei urtez egindako lanaren emaitza sarean jarri zuen Garcia Bonak, navarra.observation.org webgunearen bidez.
Zientziarekin lotutako interesak eramaten ditu Gorostiko kideak onddo bila. Garcia Bonak badaki, hala ere, Nafarroako mendietan perretxiko biltzaileak direla nagusi. Jarduera hori bazter utzi gabe, biltzen den hori ezagutzera deitu ditu herritarrak Gorostiko kideak. “Anitzez ere gehiago gozatzen ahal dugu perretxikoak bilatzen, argazkiak egiten, identifikatzen eta sailkatzen”. Lau hamarkadatan jasotako datuak sarean eta denen esku jartzeko urratsak jakin-mina piztu nahi du, hain zuzen ere, perretxiko biltzaileak mikologo bilakatzeko.
Astelehenean hasiko duten ikastaroak ere helburu bera du. Hilaren 28koa izanen da lehendabiziko saioa, eta azaroaren 12koa, berriz, azkena. Teoria jorratzeaz gain, txangoak ere eginen dituzte: lehendabizikoa azaroaren 2an, eta bigarrena, berriz, azaroaren 9an. Hogei pertsonarentzako ikastaroa antolatu dute Gorostikoek, eta ia betea dute. “Interesa bada”, erran du Garcia Bonak.
Piztutako interes hori zientziaren arloko datuekin elikatzea da Gorostiko kideek antolatu duten ikastaroaren bidez egin nahi duten lana. “Lortu nahi dugu, adibidez, jendeak gogoeta egitea onddoek naturan betetzen duten rolari buruz”, erran du biologoak.
Eman ditu galdera hori erantzuteko hainbat zertzelada: “Onddoen funtzio nagusia da lurzoruko gai organikoen hondarrak deskonposatzea. Hori egiten dute onddo gehienek. Batzuk landareen parasito izan daitezke, eta bertze anitzek, berriz, landareak elikatzen laguntzen dituzte”.
Nafarroan 2.100 onddo espezie baino gehiago identifikatu dituzte Gorostiko kideek. Sarean eman dute ikusitako perretxikoen berri, behaketa bakoitzaren kokapenarekin. 70.000 dira, denera, azken lau hamarkadatakoak.
Luis Garcia Bonak nabarmendu du azken hamar urteotan klima aldaketak onddoei eragin diela, eta gero eta gutxiago direla herrialdeko mendietan agertzen diren perretxikoak. “Ez du euririk egiten behar duen bezala, eta, ondorioz, perretxiko gero eta gutxiago ateratzen da. Sasoia, gainera, anitz laburtu egin da”, azaldu du. Gorostiko kideen jardueran ere izan du eraginik egoera horrek: bi ikastaro egiten zituzten hasieran, baina bakarra antolatu dute azken bost urteotan. Astelehenean hasiko dena prest dute.