Kattalin Barber
Emakumeak kontinentea astintzen ari dira. Latinoamerikan indar handia hartu dute emakumeen mugimenduek azken urteotan. Gertatzen ari den matxinada feministari buruzko ikuspegi orokorra eman du Raquel Gutierrez soziologoak (Mexiko Hiria, 1963), Iruñean. Militante eta pentsalari internazionalista hori Mexikoko Pueblako Unibertsitate Autonomoko irakasle eta ikertzailea da. Zabaldik gonbidatuta, zenbait hitzaldi eskaini ditu Nafarroan.
Latinoamerikan gertatzen ari den matxinada feminista duzu hizpide. Zeintzuk dira gakoak?
Herrialde bakoitzak bere gakoak ditu, baina guztiek badute antza. Alde batetik, ezagutza eta esperientzia handiko feministen konbergentzia bat sortu da, eta, bestetik, gazteen parte hartzea handitu da. Feminismoa berritzen ari dira. Batzuek eta besteek ikusi dute mobilizatzeko beharra, eta feminizidio eta inpunitate maila handiko gaietan esku hartzeko antolatu dira. Gai basatiei erantzuteko elkartu dira. Are gehiago, nahasi dira, eta loturak sortu dituzte; guk ezohiko aliantza deitzen diogu horri, bat egin dutelako akademikoek, gazteek, auzoetako emakumeek, kolektibo lesbofeministek…. Beste egoera batean topo eginen ez luketen emakumeak elkartu dira. Loturak zaintzen ari gara ekintza zehatzak aurrera eramateko, biolentziaren aurka. Horregatik diogu hurbiltasuna zaindu eta distantziak kudeatzen ditugula.
Horrek ekarri du ekintzak masiboak eta erradikalak izatea?
Uruguain eta Argentinan izan dira, batez ere, jendetsuenak. Argentinan, adibidez, ohitura handia dago emakumeen topaketak egiteko. Orain izan da azkena, eta oso esanguratsua izan da. Emakumeen Topaketa Nazionala zen lehen, eta Emakume, Lesbiana, Transexual, Trabesti, Bisexual eta Ez-Binarioen Topaketa Plurinazional bihurtu da orain. Are gehiago, izena oraindik eztabaidatzen ari dira. Guztiak izendapenarekin ados egon ez arren, han elkartu dira. Zer eginen luke politika patriarkal batek? Nola kudeatu diferentzia? Ziur asko, bost topaketa antolatuko lirateke, bakoitza izen batekin. Baina 200.000 emakumek baino gehiagok topo egin zuten. Hori praktika politiko desberdina da. Guk ez ditugu kontraesanak eten nahi: kontraesanak habitatu nahi ditugu, kontraesanak bizi. Nola egin hori? Nik ez dut ondokoa baliogabetuko.Beharbada ez naiz ados egongo, eta kritikatuko dut, baina egin dezala nahi duena. Hau da, anbiguotasunean moldatzea. Hori ez da berria, baina orain hain da jendetsua eta hainbeste urtean sostengatu da, energia oso interesgarria baitago. Gainera, orain zera gertatu da: egiten eta praktikan jartzen ari garen bitartean pentsatzen ere ari garela, hausnartzen.
Nola antolatzen ari zarete?
Estatutik kanpo egiten ari gara guztia. Asmatu nahian ari gara nola bermatu bizitza estatutik kanpo. Estatuzentrikoa ez den politika bat praktikan jartzen ari gara. Horrek ez du zertan antiestatala izan. Beti aukeratu behar dugu, eta guk ezetz esaten dugu, guri dena gustatzen zaigula iraultzea, eta dikotomia horretatik atera nahi dugu. Esan nahi dut, ez-binarioak izanen gara, baina alderdi guztietan, ez bakarrik gure nortasunean. Ez-binarioak izanen gara gure pentsamenduan. Zimenduak mugitzen ari garelako eta borroka bizitzaren aldekoa delako. Eta bizitzaren aldeko borroka erdigunean jartzen duzunean, begirada antikapitalista interesgarria sortzen da.
Historikoki, Latinoamerikako emakumeak izan dira lurralde borroketako protagonistak. Ekuadorren oraingoan ere horrela izan da.
Bai, eta ez da kasualitatea Marichuy Mexikoko CNI Batzar Nazional Indigenako presidentetzarako hautagaia izan izana, eta, era berean, ez zen kasualitatea izan Berta Caceres aktibistaren hilketa. Ahots indartsua duten emakumeak dira, eta gai izan dira borrokak lotzeko; horregatik hil zuten Berta, adibidez. Horrez gain, egia da emakumeak ia beti izan direla protagonista borroken hasieran; ez, ordea, amaieran. Negoziazioa iristen denean, gizonak egon ohi dira hor. Prozesuan hierarkia handia dago, eta emakume eta disidentzien ahotsak ikusezin egiten dira. Orain kontua da emakumeek ez dutela beren ahotsa eman; are gehiago, komunitateetako bilbeak ari dira aztoratzen. Ekuadorren ikusi dugu nola hartzen duten ahotsa emakumeek. Ez dute bakarrik bizitza erreproduzitu borrokaren erdian; ahotsa hartu dute, eta eztabaidak gidatu dituzte. Gainera, oso trebeak dira beste batzuekin loturak egiteko. Emakumeek eutsi diote borrokari.
Emakumeen matxinada zabalduz doan heinean, ari dira mehatxu faxistak jasotzen ere. Zer-nolako eragina dute?
Ondorioak izaten ari dira, eta batek daki nola joanen zaigun aurrerantzean. Erlijio, kapital eta militarren eraso handia dago. Eskuinerantz lerratu dira herrialde asko, eta indarkeriak gora egin du. Elizak indar handia du, ekonomikoki eta ideologikoki. Kolonbia eta Mexikoko hainbat eskualde militarizatu dituzte, eta paramilitarrak indartuta bueltatu dira. Ez da egoera ona, eta egoera latz horri ez da erraza aurre egitea. Baina ari gara. Ekuadorren, adibidez, pobretzearen aurka altxatu ziren. Une interesgarria da, borroka asko pizten ari direlako. Garrantzitsua da borroken arteko loturak sortzea. Mereziko luke internazionalismo feminista batean pentsatzea, bakoitzak parte hartzen duen borrokak lotzeko eta sendotzeko.