Iritzia: Idatzi ez ditudanak

Iritzia: Idatzi ez ditudanak

Lohizune Amatria

Gauza asko gertatu dira azkenekoz idatzi nuenetik. Gehiegi. “Errudunez” bete nuen zutabea duela hilabete. Orain, erredunak nonahi dira, egunkarietan orrialdeak betetzen.

Egun nahasiak izan dira niretzat, zaila egiten zait sentimenduak eta iritziak albo batera uztea lanean nagoela, eta geratu direnek hunkitu naute. Sare sozialak erabiltzen dituzte zenbaitzuek halakoetan. Baina nik aspaldi galdu nuen ohitura hori eta ez dut egin. Hori dela eta, barkatuko didazue, idatzi ez ditudan txioak irakurtzera zoaz orain.

Urria iristearekin batera idatziko nukeen lehenengoa; orduan jaso genuen lehenengo kolpea. Urriak 1. Sindikatu bat garaile, baina ez da albiste ona. Halako zerbait izan zitekeen idatziko nukeena, harrigarria baita UGTk langile publikoen eskubideak nola defendatzen dituen ikustea. Afixetan, karteletan, ikur eta seinaleetan euskara askori “deserosoa” egiten zaiela esan ere egin dute. Baliteke, dena den, honek alde onik edukitzea. Ikusi baitugu dekretu bidez ez dugula hobetuko egungo legea.

Hiru egun geroago, WhatsApp taldeetako batean jasotako argazki zenbait atxikiko nizkioke txioari. Pirinioetako biztanleak azaltzen dira argazkietan, irribarretsu, baina haserre. Garralda, Aribe, Garaioa, Otsagabia, Orreaga, Auritz, Aurizberri, Erro, Erronkari… Herritarren indarra eta borrokarako gogoak hunkitu ninduten. Harrotasunetik idatziko nukeen txioa.

Urriak 4. Bost minutuz hutsik izan dira Nafarroako Pirinioetako lanpostuak. Bost minutuko geraldia, hustea ez dadin betikotu. Herriko bizitza defenda eta babestu dezagun!

Baten kale, bestean bale dio esaerak. Zartakoa dator bada hurrengo txioarekin batera:

Urriak 9. Ezin dut burutik kendu Altsasuko gurasoei egindako azken elkarrizketa. Hau ez da justizia. Amaia Amilibia eta Koldo Arnanz aditzeko aukera izan genuen Auzitegi Gorenak auzia aztertu baino egun bat lehenago. Zorotzat definitu zuten egoera, eta, nekaturik zeudela aitortu bazuten ere, beharrik ez zen, nabari zitzaien. Epai irmoa ezagutu nahi zuten, bukaera bat eman honi. Baina susmorik txarrenak baieztatu zaizkie. Ez da amaitu. Bihar Iruñeko Justizia Auzitegiaren atarian izanen gaituzte.

Gaur idatziko nukeen txioa litzateke azken esaldi hori, baina jarrai dezagun kronologikoki. Esaera baieztatuko lukeen salbuespena urriaren 14arekin gertatu zen. Urriak 14. 70 urte izanen zituen. Pozez malkoka irten zen Lleidako nekazaritzako lurralde zerbitzuen egoitzatik. Haren herriaz erabakitzeko aukerarik ez zuela izanen sinetsita zegoen, boto papera hautetsontzian sartu aurretik. Gaur nola dagoen jakin nahiko nuke. Erreferenduma ez da delitua! Ez dago presondegirik hainbeste duintasunarentzat leloa gogorarazi dit lagun batek. Egia da.

Azken txio bat erantsiko diot zutabeari, gozoagotik amaitzeko. Urriak 26. Gazta bat, 170 kilometro, bizimodu bat. Arruazu-Isaba. Egurra, Aritz!