Ez dutelako ahaztu nahi

Ez dutelako ahaztu nahi

Edurne Elizondo

Deus gertatu izan ez balitz bezala. Hiru urte joan dira jada Elhadji NDiaye Espainiako Poliziaren esku hil zenetik, eta, oraindik ere, inork ez du heriotza horren ardura bere gain hartu. “Zigorgabetasuna eta isiltasuna dira nagusi”.

Horixe salatu dute migratzaile senegaldarra gogoratzeko elkarretaratzea antolatu duten eragileek. Joan den ostiralean egin zuten, Iruñeko Udaletxe plazan, NDiayeren heriotzaren hirugarren urteurrenaren egunean. Africa United elkarteak, SOS Arrazakeriak, Paperak eta Eskubideak Denontzat taldeak eta EH11 Kolore kolektiboak deitu zuten protestara. Karrikara atera ziren, ez dutelako ahaztu nahi. Ezin dutelako ahaztu.

Iruñeko Arrotxapea auzoan atxilotu zuten Elhadji NDiaye, 2016. urteko urriaren 25ean; lurrean etzanda, gainean hainbat polizia zituela agertzen da zenbait bizilagunek egindako bideoetan. Ezin mugitu. Konorterik gabe eraman zutela nabarmendu zuten hainbat lekukok. “Hilik”. Polizien bertsioaren arabera, ordea, ziegan sartzeko zain zela konturatu ziren ez zuela arnasa hartzen. Espainiako Gobernuaren Nafarroako orduko ordezkari Carmen Albak uko egin zion Nafarroako Parlamentuan azalpenak emateari.

2017. urtean, Elhadji NDiayeren heriotzari buruzko dokumentala plazaratu zuten Ahotsa.info agerkari digitalak eta SOS Arrazakeriak. Ordura arte ikusi gabeko irudiak erakutsi zituzten, eta irudiok kolokan jarri zuten bertsio ofiziala. “Bat-batean konortea galdu eta hil” zela erran zuen Espainiako Poliziak. Atxiloketa gertatu zen egunean grabatutako irudiek erakutsi zuten, ordea, Poliziaren egoitzan arrastaka sartu zutela senegaldarra; ez zela bere kabuz sartzeko gai, alegia.

“Memoria kolektiboaren egutegian markatu nahi dugu gaurko eguna, ezarri nahi diguten ahanzturaren aurka egiteko”, erran dute NDiaye gogoratu duten elkarteetako ordezkariek, Udaletxe plazan. Memoria kolektiboaren bidez, migratzaile guztien egoera erdigunean jarri nahi dute, “hirietan dauden muga ikusezinak” salatzeko.

Kontrol arrazistak

Muga horien adibidetzat jo dituzte kontrol arrazistak. “Azalaren kolorearen araberako kontrolak dira, eta agerian uzten dituzte mugek gure egunerokoan zeharkatzen gaituztela”. “Arrazakeria instituzionala” dago egoera horien atzean, gogor salatu dutenez. “Atzerritarren legearen gisako tresnak baliatzen dituzte erakunde publikoek”.

Motorrean zihoala geldiarazi zuten Espainiako poliziek Elhadji NDiaye, duela hiru urte. Bertsio ofizialaren arabera, “jokabide susmagarria” zuelako geldiarazi zuten. Africa United elkarteak eta SOS Arrazakeria erakundeak hasieratik salatu zuten beltza zelako atxilotu zutela senegaldarra; kontrol arrazista baten biktima izan zela, hain zuzen ere.

Ez hori bakarrik. NDiaye hil eta gero, heriotza drogek eragin ahal izan zutela erran zuen Espainiako Poliziak. “Gazte afrikarra droga saltzailea zela erran nahi izan zuten, susmo hori zabaltzeko herritarren artean”. Autopsiak, hala ere, bertan behera utzi zuen bertsio hori.

Ikerketa itxi zuten, Elhadji NDiaye berez hil zela ondorioztatu eta gero. Zigor bidea amaitutzat jo zuen erabaki horrek, baina administrazioaren bidetik saiatzea erabaki zuten Africa United eta SOS Arrazakeria elkarteek. Erantzun gabe zeuden galderak behin eta berriz mahai gainean jartzeko prest zirela argi utzi nahi izan zuten. Bide hori, hain zuzen ere, zabalik da, oraindik ere.

Galderak erantzuteko beharra, gainera, karrikan aldarrikatu dute NDiayeren heriotza salatu duten elkarteek eta herritarrek. Epaileek eta erakunde publikoek azalpenak eman behar dituztela berretsi dute, senegaldarraren heriotza behingoz argitu ahal izateko. Berriz gerta ez dadin, gainera, polizien jarduera kontrolatzeko protokoloak ezartzeko beharra nabarmendu dute. “Sistema arrazista da, eta bazterketa, ondorioz, egiturazkoa”, salatu dute. Epaitegiak “arrazakeria instituzionalaren bertze adar bat” direla gaineratu dute.

Elhadji NDiaye erdigunean jarri dute haren lagunek, Poliziaren esku hil zenetik hiru urte joan direnean. Bizitza handiena dela nabarmendu dute. Elkartasunera deitu dute, bai eta sareak ehuntzeko elkarlanera ere. “Bizitza eta aniztasuna jarri behar ditugulako eraiki nahi dugun eredu berriaren erdigunean”.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku