Amets Aranguren Arrieta
Bukatu dira. Finitu dira. Agortu dira. Gastatu dira. Ez, ez da Hatortxurako sarrerarik geratzen. Bai. Benetan. Nola da posible? 10 urtean ez duzu jaialdira huts egin eta orain esanen dizute aurten ez zarela joanen? Beti erosi izan duzu sarrera abenduan; aurten azarora heldu gabe gaudela atera dute Sold Out dioen kartela.
Ea, itxoin. Zurekin batxilergoa egin zuen neska beltzaran argal hura antolakuntzan dabil, ezta? Idatz iezaiozu, fijo ulertuko duela eta sarreraren bat eman ahalko dizula, ziur aski ez dio inork horretarako idatzi. (Ideia brillantea).
-Aupa, Maddi! Ongi? Aizu, Hatortxuko antolakuntzan zabiltza, ezta? Begira, kontutxo bat…
Edo bestela… musika taldeek ere badituzte gonbidapenak. Bidali Tasiori mezu bat, gertukoa da tipoa eta ez dizu ezetz esanen. (Garun pribilegiatua).
– Ei Tasio! Ze bizi? Aurten Hatortxun joko duzue, ezta? Bua, qué guay. Ba badakizu zer? Ni sarrerarik gabe geratu naiz, tío….
Bueno, egia esan, lortzen ez baduzu ere, Nogen, Xabi Bandini, Huntza… Puf… Hatortxu Rock baino, hobe luke Hatortxu Pop deitu. Urteak daramatzazu hori esanez eta arrazoi… Gainera, 20 euroan saldu dituzte sarrerak aurten, eta duela urte batzuk 15 euroan zeuden… Eta bueno, bide batez, kuadrillako batek egiteko eskatu zizun txandaz libratuko zara, zeren, Hatortxura juerga egitera joaten ez bazara, txandarik ez duzu eginen, noski. Falta zena.
Eta hori da, jaun-andreok, hain zuzen, Hatortxu Rockek nahi eta behar ez duen jendea.
1. Hamar urte daramazu Hatortxura joaten… primeran. Horrek ez dizu betirako premium bonurik, urrezko sarrerarik edo antzekorik emanen. Bilatu bestela antolakuntzan hogei urte baino gehiago ibilita daudenetatik zenbatek pasatu duten Hatortxu bat sarrerarik erosi gabe. Zorte on.
2. Hatortxu Rock-Hatortxu Pop. Benetan? Bueno ba, itzul gaitezen festibal honen lehen urratsera, lehenengo mailara. Hatortxu Rock ez da musika jaialdi bat. Bai, musika taldeak daude, kantuak, oholtzak, alkohola, bokatak, taldeen merchandising-a… Bai, jaialdi batek dituen ezaugarri berberak. Eta ehunka boluntarioak? Eta etekinaren helmuga? Gaueko ekitaldia (kontzertu artean rolloa moztu eta hizketan hasten diren tarte hori)? Festibala sortzeko arrazoi, abiapuntu eta helburua? Hatortxu Rock ELKARTASUN jaialdia da, beste dena aieru.
3. Sarrera 20 euroan. Kalkulu azkar batzuk: hemezortzi musika talde/bakarlari/DJ. Batez beste hamabi bat kantu jo/jarriko ditu bakoitzak. 0,09€ kantuak. Bederatzi zentimo kantu batek. Kantu bat = 9 zentimo. Broma ematen du. Zenbat kostatzen zaigun immateriala denagatik, ukitu ezin dugunagatik pagatzea, e?
4. Hatortxu Rockek (bai, izenean oraindik Rock darama) boluntarioekin funtzionatzen du. Elkartasun jaialdia da (berriz, badaezpada). Boluntariorik ez = Hatortxurik ez. Txanda bat egiteko eskatu eta zure erantzuna “depende zein txanda”, “depende zein ordutatik zein ordutara”, “depende non, norekin edo zein kontzertu galtzen dudan” bada, ez duzu ezer ulertu.
5. Utzi Maddi eta Tasio bakean. Sarrera lortzeko aukerarik balute ere, ez lukete zuretzat lortuko.
Sarrera lortzen baduzu, egidazu fabore bat. Esaiozu duela hamabi urte etxetik hamar ordura 18 metro koadroan bizi denari Hatortxu Rockek Hatortxu Pop beharko lukeela. Esaiozu asteburuero 1.300 kilometroko bidaia egin behar duenari zenbat izorratzen dizun sei orduko txanda egiteak eta puf… Igual 20 euro gehiegitxo dela dagoen eskaintzaren truke.