Lur Albizu Etxetxipia
Hamar urtean behin gertatzen direnak efemeride bilakatzen dira kasik iragarrita dauden une beretik. Data dutenetik bilakatzen dira ahaztezin, gertatu baino lehen ere.
Azkar esaten da hiru mila emakume batu garela hiru egunez eztabaidatzeko, entzuteko, hausnarketak plazaratzeko eta mahai gaineratu beharreko gaiak azpimarratzeko. Hiru mila. 3.000.
Gutako askoren lehen jardunaldi feministak izan dira. Aurretik, ezin nuen imajinatu zer ziren, nolakoak ziren eta norekin eginen nuen topo. Ondoren, ulertu dut zer diren, nola pasatzen diren orduak eta egunak, eta bidean lagun/ezezagun/kide askorekin egin dut topo.
Baina galderak biderkatu zaizkigu, ez dugulako bakarrik abstraktuan hitz egin. Zehatzera jo dugu, ertzetara, ikusten (begiratzen) ez ditugun kontuetara. Mugimendu feministan antolatzeaz hitz egin dugu, burujabetza aurrera begirako erronkez, bollerismoaz, aniztasunaz eta haren kudeaketaz, indarkeria matxistaz, gorputzez, etxeko lanez, prostituzioaz, dekolonialitateaz, elikadura burujabetzaz, sexualitateaz, autodefentsa feministaz, zaintzaz, pentsioez…
Irudi lezake gai askotarikoak landu ditugula, sakondu dugula, parte hartu dugula… Baina ez bakarrik hori. Batez ere, agian ez zehazki hori. Gehienetan beste zerbait gertatu delako: seinalatuak sentitu gara. Interpelatuak. Ez gutxitan, batzuetan baizik. Beharbada zapaldu eta zapaltzaile, zapaldu eta pribilegiatu sentitzeko ikastaro intentsibo eta zorrotza izan dira jardunaldiak. Gorputza eta burua konektatu ditugu: geure pribilegioak zein diren esan digute. Zuzen. Bidezidorretan ibili gabe: pribilegiatua zara. Pribilegiatua naiz. Nor naiz? Min eman digu. Aurretik ere bagenekien feminismoa ez zela erosoa izanen. Eta izatekotan… berrikusi beharrekoa izanen zela. Korapiloak biderkatu zaizkigu igual. Durangotik ez gara joan ginen bezala bueltatu. Ez gara berdinak, eztanda txikiek okupatu gaituzte. Batzuetan ez dago atzera-bueltarik. Begiradak aldatu zaizkigu, aldaketei heltzeko irrikaz.
Euskal Herria feminista eraikitzen jarraitzeko lan handia daukagu, bide luzea eta zaila. Luze eta, batzuetan, iluna. Baina ikasi dugu egoera ankerrenei ere aurre egiten. Mugimendu feministak bide asko erakutsi dizkigu orain arte, norabidea markatu eta bizitza aldatu. Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak ez dira gutxiagorako izan.
Existitzen direla oroitu ere egiten ez garen ertz horiek mahai gainean jartzeagatik, nondik gatozen gogorarazteagatik, ibilbidean kokatzeagatik, azken hamarkadetako genealogietara hurbiltzeagatik, desadostasunak elkar aitortzatik kudeatzeagatik, pedagogiagatik eta pedagogiarik ezagatik, buruan hainbeste klak probokatzeagatik. Horregatik maite dut feminismoa eta maite ditut feministak. Sistema injustu honi aurre egiteko tresnak, erremintak eta gorputza eman dizkidatelako. Konfiantza, plazera, aitortza eta sareak oparitu dizkigutelako. Salda badago!