Edurne Elizondo
Maniobra militarrak, berriz ere, Bardeako tiro eremuan. Ostiralean egin zituen Espainiako armadak, Bardeako Batzarrak bere webgunean ezagutarazi zuenez. Egun berean, erakusketa zabaldu zuen azpiegitura horren aurkako Bardea Libre plataformak, Iruñeko Kondestablearen jauregian. 59 artelan zintzilikatu dituzte, Odolezko dirua izenburupean, gerra eta gerraren negozioa salatzeko. Abenduaren 15era bitarte ikusi ahal izanen da.
1951. urtetik dago martxan Bardeako tiro eremua. Azpiegitura horri eusteko azken kontratua, hogei urterako, 2008an sinatu zuten Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak eta Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak, 210 milioi euroren truke. Iazko abenduaren 31rekin batera, kontratu hori modu automatikoan berritu zen, bertze hamar urtez. Aldaketa bakarra Bardeako Komunitatean bat egiten duten erakundeek jasoko zuten ordainaren kopurua izan zen: bikoiztu egin zen. 2008. urtetik, zazpi milioi euro jaso dute erakundeok, urtean; 2019. urte hasieratik, berriz, bikoiztu egin da kopuru hori, eta hamalau dira orain.
“Odolezko dirua” da hori, Bardeako tiro eremuaren aurkako plataformako kideentzat, eta horregatik egin dute izenburu hori hartu duen erakusketa. “Argi izan behar dugu diru horren atzean zer dagoen; herriek diru hori hartzen dute NATOren eta Espainiako Defentsa Ministerioaren arteko akordioen berri jaso ez dezaten. Auzi hagitz iluna da”, erran dute Bardea Libre taldeko kideek, erakusketaren aurkezpenean.
Plataforma laguntzeko
Dirua da Kondestablearen jauregian zabaldu duten erakusketako ardatz: billeteak erabili dituzte parte hartzen duten artistek beren lanak osatzeko. Gerrak eta dirua lotu dituzte artista horiek beren obren bidez. Bardea Libre plataformako kideek gogoratu nahi izan dute hemendik at egiten diren gerra horiek Bardeako tiro eremuaren gisako azpiegituretan hasten direla; Bardeakoaren gisako tiro eremuak “armak probatzeko” tokiak direla, alegia.
59 lan hartu ditu Kondestablearen jauregiak. Haien bidez, bertze helburu batzuk ere badituzte tiro eremuaren aurkako herritarrek: batetik, auzia, berriz ere, mahai gainean jartzea, eztabaida pizteko; eta, bertzetik, tiro eremuaren aurkako lana egiten jarraitu ahal izateko dirua lortzea. Obren kopiak eros daitezke, hain zuzen ere, diru horren bidez plataformaren jarduera babesteko.
Iruñean erakutsi eta gero, Nafarroako bertze hainbat herritara eramanen dute erakusketa. Tiro eremuarena “nafar guztien arazoa” dela nabarmendu dute Bardea Libre plataformako kideek, argi eta garbi.