Edurne Elizondo
Izar den garaian, futbola aitzakia huts bilakatu dute Helena Bengoetxeak, Joseba Zabalzak eta Ivan Pastorrek, Palestinako Markaz Tulkarem taldeari buruzko beren proiektuaren bidez: iaz jarri zuten martxan, finantzaketa kolektiboari esker antolatutako argazki erakusketa batekin; orain, berriz, liburua prestatu, eta Iruñean aurkeztu dute, Osasunako entrenatzaile Jagoba Arrasaterekin batera. Futbola boterearekin eta diruarekin lotzen deneko garaian, elkartasuna lantzeko eta gizartea eraldatzeko tresna gisa aldarrikatu dute, Rafa Aguilera kazetariak zuzendutako mahai inguruan.
Zisjordaniako Tulkarem hiriko kluba da Markaz. Hiriko errefuxiatuentzako kanpalekuetako batean sortu zen taldea, eta bere kideen istorioek argi islatzen dute zein den palestinarren egunerokoa. «Bizitzea erresistitzea da haientzat; futbolean aritzea egunerokoari eusteko modu bat da, eta, ondorioz, futbola okupazioari aurre egiteko tresna bilakatzen da», nabarmendu du Helena Bengoetxea dokumental egileak.
Markaz Tulkarem taldeak erabiltzen duen zelaiak Jammal Ghanem izena du, korner bat ateratzen ari zenean militar israeldarrek bizkarrean tirokatuta hil zuten jokalariaren omenez. Okupazioaren arrastoa nabarmena baita Palestinako edozein txokotan. Errealitate hori «ikusgarri» bilakatu nahi izan dute Tulkarem taldeari buruzko liburuaren egileek. «Gezurra da hedabide handiek zabaltzen duten bertsioa; Israel hartzen dute Mendebaldeak Ekialde Hurbilean duen gotorlekutzat; ikaragarria da hedabideok ezartzen duten distantziakidetasuna. Gazan ura agortzen ari da, arazo benetan larria da, baina horretaz ez dute hitz egiten», salatu du Bengoetxeak.
Argi eta garbi erran du ez dela futbolzalea, eta, Palestinara joan zen arte Tulkarem taldea ezagutzera, inoiz ez zen futbol partida bat ikustera joan. «Tulkaremek jokatutako bi partidatan izan nintzen, eta bietan nintzen zelaiko emakume bakarra».Joseba Zabalza eta Ivan Pastor dira proiektuko kide futbolzaleak. Arazorik gabe onartu dute Iruñean egindako aurkezpenean. Kirol horren egungo egoerarekin ikuspuntu kritikoa dute, halere, eta hori izan da Markaz Tulkarem taldeari buruzko proiektua garatzeko arrazoietako bat.
«Futbola maite dugu, baina ez boteredunek erabiltzen duten moduan erabiltzeko; futbolak jendea martxan jartzen duela erakutsi nahi dugu guk; futbola erabili nahi dugu Palestinan gertatzen dena erakusteko. Israeldarren okupazioa sufritzen dute, baina, hala eta guztiz ere, futbolaren bidez, herri bizia direla agerian uzten dute, egun oro», nabarmendu du Joseba Zabalza argazkilariak.
Bide luzea
Ivan Pastorrek erantsi du palestinarrak «pasioz» bizi direla. Futbola ere grina biziz gozatzen dutela. Pasio horrek egoera bitxiak sortzen dituela erantsi du: «Joseph Blatter heroitzat dute Palestinan; FIFA Nazioarteko Futbol Federazioko arduradunik ustelenetako bat izan da Blatter, baina hango lehen estadio ofiziala eraiki zuten bere agindupean, eta horregatik, heroitzat dute».
Pastorrek gogoratu du futbolak bide luzea duela Palestinan; izan ere, 1934. eta 1938. urteetan, Israel sortu baino lehen, Palestinako futbol selekzioa Munduko Txapelketarako sailkatze fasean aritu zen. «Futbol talde horretan, ordea, arabiarrik ez zegoen, denak ziren judu sionistak».
Orain, zapaltzaileari erronka jotzeko modu bilakatu dute futbola palestinarrek. Beren herriaren alde egiteko bide. Hain zuzen ere, Osasunako entrenatzaile Jagoba Arrasatek nabarmendu du zer indar duen kirol horrek giza balioak erdigunean jartzeko. Irakaslea da Arrasate entrenatzaile baino lehen, eta hezkuntzarekin lotu du futbola, argi eta garbi. «Batzeko balio du; esparru, ideologia eta klase ezberdinetako pertsonek elkarri besarkada bat ematen diote beren taldeak gol bat eginez gero». Boterearekin eta diruarekin lotutako futbolak tira egiten dio sokaren alde bati, baina horri «buelta» eman behar zaiola erran du Arrasatek, eta futbola «batzeko» erabili. «Hori egin behar dugu, futbolaz baliatzen direnei aurre egiteko».
Irudia: Iñigo Uriz /Foku
Leave a Reply