Jaso, eman ahal izateko

Edurne Elizondo

Desagertzeko asmoz sortu zuten Paris 365 jantoki solidarioa, duela hamar urte, Iruñean; elkartasun horren beharrik ez izatea hartu baitzuten helburu proiektua bultzatu zuten Gizakia Herritar fundazioko kideek. Eta desagertzeko arriskuan da orain, hain zuzen, baina ez beharrik ez dagoelako, fundazioaren egoera ekonomikoak txarrera egin duelako baizik. Laguntzen jarraitu ahal izateko laguntza behar du jantokiak, eta SOSParis365 lelopeko kanpaina jarri dute martxan, herritarren babesa jasotzeko.

2008. urtean eztanda egin zuen krisi ekonomikoak eragindako larrialdi egoerari erantzuteko jarri zuten martxan Paris 365 jantoki solidarioa, 2009. urtean. Gizakia Herritar fundazioko kideek argi izan dute beti erakunde publikoei dagokiela herritarren oinarrizko eskubideak bermatzea, baina krisi ekonomikoak itota zirenen premiazko egoerari konponbidea emateko beharrean zirela sentitu zutelako jarri ziren martxan.

Hamar urteotan, 278.000 gosari, bazkari eta afari baino gehiago banatu dizkiete Gizakia Herritar fundazioko kideek jantokiko erabiltzaileei, Jarauta karrikan hasieran, eta Descalzosen orain. Gainera, 10.250 elikagai saski baino gehiago banatu dituzte.

Batetik, 1.700 boluntario baino gehiago izan dituzte laguntzen fundazioko kideek hori guztia lortzeko; bertzetik, 500 bazkide baino gehiagoren babesa lortu du egitasmoak. Proiektua garatuz joan da, gainera, eta jantoki gisa sortutakoari hamaika adar atera zaizkio gero: Paris 365 Txokoa, sukaldea, bigarren eskuko arropa saltzeko dendak eta haurrentzako ludoteka, bertzeak bertze.

Urtarrilera arte

“Egoera larria da”. Horixe nabarmendu du Gizakia Herritar fundazioko presidente Patxi Lasak. Bera da Paris 365 egitasmoko sortzaileetako bat. Egoera aldatzen ez bada urtarrilera arte eutsi ahal izanen diotela azaldu du, baina gero itxi egin beharko dutela jantokia. Elikagai saskiak banatzeko proiektuarekin ere ezin izanen lukete jarraitu, egoerak bere horretan jarraitzen badu.

Irailean, mahai gainean jarri zituzten fundazioko kideek beren ekonomiari buruzko datuak, eta ezustekoa hartu zuten, agerian gelditu zelako 67.000 euroren galera dutela. 2017an, gainera, 50.000 euroko bi mailegu eskatu zituen fundazioak, eta horiek ordaintzen segitu behar dute.

Fundazioko bazkide diren 500 pertsonen ekarpenekin 103.000 euro jaso zituen jantokiak 2018an. Aurrekontua, berriz, 750.000-800.000 euro ingurukoa da, urte oro. Urtean 400 boluntario baino gehiago aritzen dira proiektuan lanean, eta, gainera, zortzi langile ditu soldatapean fundazioak.

Jantoki solidarioak 600 pertsona inguru artatzen ditu hilabete oro. Beharrak, beraz, ez du behera egin; alderantziz: itxaron zerrenda ere badutela azaldu dute Gizakia Herritar fundazioko kideek. Haien ustez, azken urteotan krisia amaitutzat ematen duen mezua zabaldu da gizartean, eta, horren ondorioz, behera egin dute haien gisakoaren jantoki solidarioentzako laguntzek. “Jada ez gara lehentasun. Kezkagarria da hori, beharra badelako. Erabiltzaileen kopuruak gora egin du”, azaldu dute.

Egungo egoera ekonomikoak kolokan jarri du euro baten truke behar gehien dutenak laguntzeko aukera. Herritarren babesa “beharrezkotzat” jo dute jantokia ez ixteko. Erakunde publikoen babesa ere behar dutela gaineratu dute Gizakia Herritar fundazioko kideek, arlo horretan ere behera egin baitu jantokiak jasotako laguntzak. “Hainbat proiektutan murrizketak egin beharko ditugu, eta herritarren laguntza beharko dugu urtarriletik aurrera”.

Sare sozialen bidez, laguntza hori jasotzeko kanpaina bat jarri du martxan Paris 365 egitasmoak. Arduradunek argi dute lanean aritu diren hamar urteotan lortu dutela toki bat gizarte mugimenduetan eta auzoko dinamiketan, eta ez dute hori galdu nahi. “Bazterketaren aurka ari gara, eta zuzeneko harremana dugu jendearekin. Ezin dugu hori guztia bertan behera utzi”, nabarmendu dute. Elkartasuna eskatu du jantokiak, elkartasuna eta justizia soziala elikatzen segitu ahal izateko.