“Konposizioa ikastea erabaki nuen musika barrutik ulertzeko”

“Konposizioa ikastea erabaki nuen musika barrutik ulertzeko”

Edurne Elizondo

Musika barrutik ulertzeko erabaki zuen Haizea Huegun Duranek (Zarautz, Gipuzkoa, 1996) konposizioa ikastea. Musika barruan daramala agerikoa da bere lanaz mintzatzen denean. Zinemarekin uztartu du lan hori, eta horri buruz aritu berri da, bertze bi emakume musikagilerekin, Lekeitioko Euskal Zine Bileran.

Hiru konpositore, hiru emakume. Gero eta ohikoago bilakatu da irudi hori?

Bai. Ni hasiberria naiz, baina Alicia Morotek eta Paula Olazek badute bide bat egina jada. Oraindik ere oso gutxi gara zineman soinuaren eta musikaren esparruan ari garen emakumeak. Horretaz aritu ginen, hain zuzen. Bagoaz, baina pixkanaka.

Zuk hasi duzu bidea. Kontent?

Bai. Bi lan egin ditut. Zauriak dokumentala izan zen lehenengoa. Oso lan polita izan da. Dokumentala asko gustatu zitzaidan. Gero, Realari buruzko Sua. Irabazi arte dokumentaleko musika egin nuen. Zinemaldian aurkeztu zuten, gainera, eta oso esperientzia polita izan da.

Nola hasi zinen musikaren munduan?

Hasi nintzen 13 urterekin. Egun batean, etxean esan nuen pianoa jo nahi nuela. Gurasoak ez dira musikariak. Baina gogo hori piztu zitzaidan. Musika eskolara joan ginen, baina esan zidaten zaharra nintzela.

13 urterekin?

Bai. Eskolan hasteko zaharra nintzela esan zidaten, lehenengo solfeoa ikasi beharko nuelako lau urtez. Ondorioz, irakasle baten bila hasi ginen, eta jazz musikan aritzen zen bat aurkitu genuen. Harekin hasi nintzen.

Hutsetik hasi zinen?

Bai. Ez nuen inoiz solfeorik ikasi. Harekin hasi nintzen, pixkanaka, eta segituan lotu nintzen. Konturatu nintzen hobera egiteko egunero jo behar nuela, eta denbora asko eman, eta hori egin nuen.

Nondik sortu zitzaizun musikarako grina hori?

Aitari asko gustatzen zaio musika, eta etxean beti entzun dugu musika asko, musika klasikoa. Orkestrarako musika entzuten nuen, eta nahi nuen ulertu. Gogo horrek piztu zidan interesa. Etxean ikasi dut, eta, ondorioz, egunean bost, sei edo zazpi orduz jotzen nuen.

Pianoa jotzen hasi zinen, baina Iruñera konpositore izateko nahiak ekarri zaitu, ezta?

Hasieran piano ikasketak egin nahi nituen, eta Donostiako kontserbatoriora jo nuen, hamabost urterekin. Musika eskolan esandakoa esan zidaten berriz ere: ongi jotzen nuela, baina berandu zela niretzat. Ia uzteko esan zidaten han.

Eta zer egin zenuen?

Aitaren laguntzarekin, berriz ere, beste irakasle bat aurkitu genuen, gure kabuz. Zorte handia izan nuen, hari esker hasi nintzelako ikasten beste gauza asko, eta musika beste era batera ikusten. Ez nuen jo bakarrik egiten; hasi nintzen armonia aztertzen, konposizio ariketak egiten, eta, horrela, pixkanaka, konposatzen hasi nintzen. Goizez pianoa jo, eta arratsaldez konposatzen aritzen nintzen.

Konposizioaren aldeko hautua egin zenuen azkenean.

Bai. Baina konposizioa ikastea erabaki nuen, batez ere, musika barrutik ulertzeko eta ezagutzeko. Irakasleak esanda, askotan joan nintzen Musikenera azterketak egiten zituzten ikasleak entzutera. Eta ikusten nuen tentsio handiarekin jotzen zutela. Nik ez nuen hori nahi. Pianoa maite dut, eta gustura aritzen naiz jotzen, baina ez nuen hori nahi. Eta konposizioaren alde egin nuen.

Zinemaren eta musikaren arteko loturak piztu du zure interesa. Nolakoa izan da esparru horretan lanean hasteko bidea?

Zauriak dokumentalaren berri jaso nuen lagun batzuen lagunen bidez. Musikari bat behar zutela esan zidaten, eta, haiekin hitz egin, eta hasi ginen lanean.

Buruko osasunari buruzko lana da. Zaila izan da?

Bai. Hasieratik argi utzi zidaten asmoa zela dokumentalean agertzen diren pertsonak biktima gisa ez agertzea. Musikak, beraz, neutroa behar zuen, eta hori erronka izan zen niretzat.

Zinemaldian aurkeztu zuten parte hartu duzun bigarren lana: Realari buruzko Sua. Irabazi arte. Gaia hagitz bertzelakoa da.

Bai. Kasu honetan ere, lagunen bidez izan nuen proiektuaren berri, eta horrela hasi nintzen lanean. Bi dokumentalak oso ezberdinak dira, baina, aldi berean, ezaugarri komunak dituzte, bietan emakumeak daudelako erdigunean. Futbola ez zait gustatzen, baina Realeko emakumeen inguruko lana zela jakin nuenean poztu egin nintzen.

Lan prozesuetan aldea sumatu duzu?

Bai. Zauriak lanerako ordenagailuz egin nuen dena. Realari buruzko dokumentalerako, berriz, grabatzera joan nintzen bertze musikariekin. Polita izan zen.

Bi lanetan bada aldarrikapen bat. Zuk musika gizarte gaiekin lotuta ulertzen duzu?

Bai. Kontserbatorioan, hain zuzen, ikuspuntua aldatu zait. Ailegatu nintzenean ez nintzen ohartzen erreferenterik ez nuela. Hamabi ikasgai nituen, eta ohartu nintzen bakar batean ere ez zela emakumerik agertzen. Emakume konpositorerik ez zegoela sinetsi nuen. Bigarren mailan, bat-batean, Erik Satieren musika ezagutu nuen. Talde bat zuen, eta taldean emakume bat bazen: Germaine Tailleferre. Hari buruzko erreferentzia bakarra hori zen, taldeko emakumea zela, alegia. Haserretu egin ninduen horrek; zerbait egin nahi nuen.

Eta zer egin zenuen?

Erabaki nuen hari buruzko lan bat egitea. Eta erabaki nuen, gainera, kontserbatorioko nire lan guztiak emakumeei buruzkoak izango zirela. Nik ere ikasi nahi nuelako.

Kontserbatorioan zein da egoera?

Irakasle emakume gutxi izan ditut. Eta haiek ere gauza asko ez zuten ezagutzen. Jazzaren esparruan, adibidez, ezagutzen diren emakumeak abeslariak dira, batez ere. Baina piano edo bateria jotzaile oso onak badira. Urratsak egiten ari dira kontserbatorioan, baina, batez ere, emakumeak dira mugitzen ari direnak.

Zer duzu orain esku artean?

Aitarekin ari naiz. Eskultorea da. Bere lan batzuekin ari naiz obra osatzen. Nik sentitzen dut jolasean ari naizela musikarekin lan egiten dudanean. Ahalegin bat da, baina gozatzen dut. Hori da kontua. Gustuko duzun horretan sakontzea.