Arrotxapea, urdin eta laranja

Arrotxapea, urdin eta laranja

Edurne Elizondo

Arrotxapeko karrikak urdin eta laranja bilakatuko ditu Iruñeko Udalak, urte berriarekin batera: auzo horrek osatuko du araututako aparkalekuen zortzigarren sektorea. Udala hasi da jada ordaintzeko makinak jartzen eta aparkatzeko tokiak dagokien kolorearekin margotzen; gainera, joan den astetik, informazio bulego bat zabalik da auzoko Anelier pasealekuan, herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko asmoz.

Arrotxapeko aparkalekuen auziak eztabaida piztu du azken urteotan. Iruñeko Udalak 1999an ezarri zuen aparkaleku mugatuko sistema. Alde Zaharrekoa izan zen lehendabiziko sektorea, eta, Zabalguneetakoa, berriz, bigarrena. Sistemak hiriko bertze auzo batzuk hartu zituen gero, eta Arrotxapeko karrikak dira, egun, araututako aparkalekua ez duten bakarrenetakoak. Alde Zaharretik gertu dago, eta, ondorioz, gidari anitzek hautatzen dituzte karrika horiek autoa han utzi eta erdigunera oinez mugitzeko.

Arrotxapeko aparkalekuak arautzeko asmoa aurreko legegintzaldian jarri zuten mahai gainean. Udalak inkesta egin zuen auzokideen artean, eta emaitza argia zen: bizilagunen %87,15ek uste zuten aparkalekua arautzeko beharra bazela; eta %90,4k nabarmentzen zuten aparkatzeko arazoak zituztela auzoan. Inkestak agerian utzi zuen, gainera, Arrotxapeko familia gehienek bi edo hiru auto dituztela, eta %40k bakarrik badutela garajea.

Egungo udalak erabaki du bi modutan aratuko dituela Arrotxapeko aparkatzeko tokiak: eremu urdinekoak izanen dira 295 toki (Marcelo Zelaieta, Joaquin Beunza, Bernardino Tirapu eta Artika karriketan), eta eremu laranjakoak, berriz, gainerako 3.482 tokiak. Eremu laranjako toki horien barruan daude Gaseko eskorten ondoko bi aparkalekuetakoak, eta Anelier pasealekuaren ondoan dagoen aparlekukoak.

Eremu urdinak eta laranjak ordutegi bera dute: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara arautzen dute aparkalekua; larunbatetan, berriz, 08:30etik 14:00etara. Txartela duten bizilagunek nahi duten eremuan uzten ahal dute autoa; ez dutenek, berriz, ordaindu egin behar dute: gehienez ere, bi orduz uzten ahal da autoa eremu urdinean, eta egun batez, berriz, laranjan. Araututako ordutegitik kanpo, igandeetan eta besta egunetan edozein tokitan uzten ahal dute gidariek autoa.

Auzokideen kezkak

Arrotxapeko bizilagunek eta dendariek argi dute aparkalekuak arautzeko beharra badela; baina ez dira kontent, halere, egungo udalak egindako urratsekin. Salatu dute, batez ere, informaziorik ez dutela jaso. “Martxan jarri dira guri deus erran gabe”, nabarmendu dute La Rotxa dendarien elkarteko kideek. Ezarritako ordutegia ez dela nahikoa izanen uste dute, gainera: “Motz gelditzen da; gauez eta asteburuetan ordaindu gabe aparkatzeko aukera bada, eta, ondorioz, arazoak bere horretan jarraituko du”.

Mendialdea auzo elkarteko kideek, berriz, argi dute bizikletaren eta garraio publikoaren alde egin behar dela, hiritarrek autoa bazter uzteko ohitura har dezaten. “Halere, etxe batean auto bat edo bi daudenean, nonbait utzi behar dituzu. Eremu urdina nahi dugu, bizilagunok aparkatzeko aukera izan dezagun”, azaldu dute.

Anelier pasealekuan zabaldutako informazio bulegoa baliatu nahi du udalak herritarren kezkak argitzeko. Bulego horretan eskatu ahal izanen dituzte auzokideek aparkatzeko txartelak, gainera. 48,35 euro ordaindu beharko dituzte, urte baterako.

Iruñeko Udaleko agintarien asmoa zen urtarrilaren 1etik aurrera jartzea martxan Arrotxapeko aparkalekuak arautzeko sistema; hala ere, Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Patxi Fernandezek erran du hasiera data atzeratzeko prest direla, urtarrilaren 20ra arte. “Txartelak eskatzeko eta informazioa jasotzeko denbora izan dezaten nahi dugu”. Azken asteotan, hain zuzen, makinetan jarritako kartelak kendu dituzte Arrotxapeko hainbat karrikatan. Denak ez dira kontent.