Iritzia: Atseden hartzea

Iritzia: Atseden hartzea

Saioa Alkaiza

Noiz hitz egin behar den jakitea bezain inportantea, omen, noiz ixildu jakitea. Oholtzara igotzeak daukan garrantzia berbera dauka jaisteak. Idazten jakiteko adina adore ez ote den behar idazteari uzteko. Sortzeko, sormena bazter uzten jakin behar da. Bidea nondik den jakin nahi duenak goroldioa non azaltzen den ikusi behar du, nondik jotzen duen haizeak, zer dioten hodeiek; geratzea ezinbestekoa da bidea egiteko. Asko maitatu behar da, agortu denean eteten jakiteko.

Plastikozko euskaldunotaz idatzi dut orriotan, batuan baino mintzo ez garen hauetaz eta konplexuez; euskaldunekiko gorrotoaz ere bai, UPNkoek gutaz uste dutenaz eta hizkuntza eskubideak bozkatzeko ezintasunaz.

Prentsaurrekoetan hitza ororen gainetik hartu duten gizonei buruz jardun dut, gizontasunaren talaia kritikatzeko; auzolanaren maskulinotasun hegemonikoaz eta horrekiko subalternitateaz, auzolan batean argiki Bestea sentitu eta gero; eraso matxistei ez erantzuteaz egin nuen zutabe bat, erantzun ezintasun horren balioaz, autodefentsaz eta kolektiboaz; arrazakeriari buruz eta zurion pribilegioaz aritu naiz, gogoan dudala behin baino ez (sintomatikoa, autokritikaren faltan); Maravillasen handitasuna nire txikian kontatzen ahalegindu nintzen, oraindik Nabarrerian ametsak bizi zirenean; adinaren hierarkia izan nuen beste batean hizpide eta gurasotasun totalitarioa; eta kapitalismoa suntsitzearekin egin izan dut amets, baita kontatu ere; nire amari buruz idatzi nuen egun batean, lanak laztutako eskuei buruz.

Zutabe asko eta asko joan dira, nire izen-abizenekin sinatuta, neronek idatzita eta, batzuk, hala ere, ezezagunak zaizkit gaur. Berrirakurri egin dut idatzitako zenbait gauza. Ez dakit dena berriz idatziko ote nukeen. Ez dakit horrela idatziko ote nukeen.Gustatu egiten zaizkit esaldi batzuk, betiko borratu nahiko nituzkeen dozenaka daude, lotsatu egiten nauten asko. Badira ezabatu nahiko nituzkeenak eta nire egoa alaitzen duten zenbait ere bai. Asko gozatu dut. Esan ditudan batzuk errepikatuko nituzke eta esan ditudan beste batzuk, bada, ez. Ez nago ehuneko ehunean ados neure buruarekin. Twitterretik idatzi izan didate: eztabaidatzeko, kritikatzeko, zoriontzeko, testuak gustatu zaizkiela esateko; beste batzuetan, ez dut inongo erantzunik jaso. Gauza batzuk nahiko irakurriak izan dira, batere ez beste batzuk.

Ez dakit zenbat urte eman ditudan hemen idazten, baina ohorea da hitzaren mesedetan lan egitea, hitza langai izatea edo auskalo zein ideia abstrakturen garraiobide izatea; edo bestela esanda, ohorea da, besterik gabe, tarte bat izatea. Ordea, ardura bezain gozamen den honek atsedenalditxo bat eskatzen dit. Tokia hartzea bezain inportantea baita tokia uzten jakitea.

Eskerrik asko, eta merezi izan du inoiz inork gozatu badu idatzitakoa irakurtzen. Ongi segi, irakurle.

Eta azkena: Jon, zuri buruz ez dut inoiz idatzi, hitzetan kabitu ezin zarelakoan. Gorputzez, besarkada bat, zauden lekuan zaudela.