Kattalin Barber
Taula periodikoa hutsik gabe memorizatzea. Taulak dituen 118 elementuak ikastea eta ulertzea. Ohiko bideetatik at, jolasaren bitartez taula periodikoaren ezagutza jasotzeko aukera ematea du helburu A zer elementuak! izeneko mahai jokoak. Nafarroako Gobernuak sortu du, eta Durangoko Azokan aurkeztu berri du.
Jolasaren xede nagusia da taularen ezagutzaren inguruan jakin-mina sortzea haurrei, eta, aldi berean, Fisika eta Kimika irakasgaia duten DBHko ikasleei laguntza eskaintzea. Helburu horrekin, hain zuzen ere, mila ale baino gehiago banatu ditu Nafarroako Gobernuak bigarren hezkuntzako ehun ikastetxetan baino gehiagotan.
Sustatzaileek adierazi dutenez, jokoa 8 urtetik gorakoentzat da, eta aproposa da “hezkuntza ingurunetik kanpo zientzia eta teknologiaren inguruko beste gai batzuk lantzeko” ere. Gainera, lau hizkuntzatan dago, eta, bide batez, hizkuntza horiek landu daitezke: euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa.
Durangoko Azokan aurkeztu eta gero, Nafarroako Gobernuko argitalpenen dendan jaso daiteke jada, bai eta Iruñeko Planetarioaren dendan ere. 10 euro balio du jokoak.
Miren Karmele Gomez Garmendia Iruñeko Planetarioko hezkuntza programaren koordinatzailea da, eta hark ere nabarmendu du jokoa lan tresna garrantzitsua izan daitekeela zientzian: “Jolas egiten dugunean, irudimena aktibatzen da, eta hori arras garrantzitsua da zientzian”. Modu horretan, hainbat diziplina “ia konturatu gabe” ikas daitezkeela uste du. Haur zein gazteentzat zientzia ikasteko modurik “erakargarriena eta aberasgarriena” da jolasa, ezagutza ohiko bideetatik at jasotzeko balio baitu.
Irudimenaz gain, jokoetan ematen diren balioak, elkarlana eta esperientzia aipatu ditu Garmendiak. Planetarioan 25 urte daramatzate zientzia ezagutzak zabaltzen beren izar eskolarekin; STEAM programaren bidez, gainera, hezkuntza jorratzen ari dira. Ingelesezko Science, Technology, Engineering and Mathematics hitzen akronimoa da: zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika. Dibulgazio programa bat dute, eta diziplina horiek guztiak ezagutaraztea da asmoa, bereziki, ikasleen artean bokazioa sustatzeko. “Esploratzeko grina lantzea eta piztea da garrantzitsua”, dio.
Askotan, jakintza zientifikoak transmititzerakoan, gehiago bultzatu dira bide formalak, eta ez da lortu erakargarria izatea. Horregatik, jokoaren bidez taula periodikoa irakatsiz, jakintza horren transmisioa erraztu daiteke. Azken finean, transmisioa erraztea baita helburu nagusia, beste modu batean ikusaraztea zientzia.
Gomez Garmendiak badaki ez dela gauza bera zerbait buruz ikastea edo jolasaren bidez ikastea: “Ezagutza jasotzen ari zara jolasten ari zaren bitartean, baina ia konturatu gabe, eta esperientziak garrantzi handia du; ez da berdin modu estatikoan ikastea edo esperientzia baten bidez ikastea”. Ikasketa prozesua aldatzen da jokoan, eta horretan jarri du arreta: “Jolasak badu berebiziko abantaila bat: edozein gai jorra daiteke”.
150. urteurrena
Gaur egun, mende eta erdi du kimikaren ikur horrek: Dmitri Ivanovitx Mendeleiev zientzialari errusiarrak elementu kimikoen taula periodikoa duela 150 urte sortu izana ospatzen ari dira aurten. Kimika modernoaren sortzaileetako bat izan zen Mendeleiev, eta 1869an argitaratu zuen munduan dauden konposatuen sailkapen ezagunaren lehendabiziko bertsioa. Hori dela eta, hainbat ekitaldi egiten ari dira urteurrena gogoratzeko.
Joan den maiatzean, esaterako, taula periodiko erraldoia ezarri zuten Iruñeko Baluarte plazan. Hormigoizko 118 kubotan, elementu kimikoen oinarrizko informazioa jaso zuten, zientzia dibulgaziorako espazioak sortzearren. Kubo horiek plazan ikus daitezke, oraindik ere.
Taula periodikoaren sorrera zientziaren historiako jazoera adierazgarrienetako bat da. Bide horretan, A zer elementuak! zientzia dibulgazioko joko berria taula periodikoaren jakintza erakusteko modu berritzailea da. Izan ere, zientzia modu askotan lantzeko aukera dago, eta horietako bat jokoak dira, zientzia guztien eskura egon dadin.
Eskolan eta eskolatik kanpo zientzia modu erakargarrian irakastea da giltza. Zientzia ezagutzeko, zientzian lan egiteko eta zientziaren aldeko hautua egiteko ere. Bide horretan, haur eta gazteen lagun izan nahi du Nafarroako Gobernuak prestatutako mahai jokoak. Jolastuz ikasten jarraitzeko.
Irudia: Nafarroako Gobernua