Mendi arteko oroitzapenak

Mendi arteko oroitzapenak

Edurne Elizondo

Mendi Eguna dute biharkoa Beran. Mendi arteko herria da, eta aspaldikoa dute hango herritarrek tontorrez tontor ibiltzeko zaletasuna. Duela hamahiru urte, baina, kolpe latza hartu zuten: Bortzirietako lau mendizale hil ziren astebete eskaseko tartean, Pirinioetan. Haien omenez hasi ziren egiten bihar hamahirugarrenez ospatuko duten Mendi Eguna.

2007ko urtarrilaren 13an zendu ziren 33 urteko Luis Mari Pikabea Loro eta Xabier Zubieta lehengusu beratarrak, eta 32 urteko Xabier Saralegi lesakarra. Astebete lehenago, Lesakako bertze mendizale baten erreskate lanetan aritu ziren hirurak: 29 urteko Unai Etxepare Anayet mendian (Huesca, Espainia) hil zen, erorita, 2007ko urtarrilaren 6an. Handik astebetera, hilaren 13an, 3.144 metroko Taillon mendian izan zuten istripua Zubieta eta Pikabea lehengusuek eta Saralegik, Frantziako Pirinioetan (Pirinio Garaiak), mendi horretako iparraldeko horma eskalatzen ari zirela.

Mendia maite zuten, eta mendian hil ziren Pikabea, Zubieta eta Saralegi. Haien senideek eta lagunek ere mendira lotuta jarraitu nahi izan dute, eta Mendi Eguna bilakatu dute zendutako mendizaleak omentzeko eta oroitzeko egun. Ez hori bakarrik: herritarrek berezkoa duten mendizaletasuna sustatzea ere hartu dute xede antolatzaileek, Agerra eta Manttale mendi taldeek.

Harrobia lantzea da zaletasunari eusteko bidea, eta, horregatik, haurrentzat propio prestatutako hainbat ekinaldi izanen dira bihar, Beran, egun osoa hartu duen egitarauaren barruan. Goizez, hain zuzen ere, eskalada ikastaroa eginen dute haurrentzat, Toki Ona kiroldegian. 09:45ean hasi eta 12:00etan amaituko da.

Arratsaldez, herriko Santa Barbara mendia izanen da ekitaldi gehienen ardatz. Mendi horretan dago Taillonen zendutako hiru mendizaleen omenezko oroigarria. 15:00etan, kiroldegitik abiatuta, mendiko tontorrera ibilaldi gidatua eginen dute. Bost kilometro eta erdiko bidea eginen dute, denera, parte hartzaileek.

Ordu berean, haurrentzako lasterketak ere izanen dituzte herrian, eta, 15:30ean, berriz, bikotekako kronoeskalada eginen dute Santa Barbarara. 16 urte baino gutxiago dutenek heldu batekin egin beharko dute bidea.

Ilunabarrean, 18:00etatik aurrera, Ricardo Baroja eskola publikoan askaria emanen diete mendizaleei, eta hainbat sari zozketatuko dituzte haien artean.

Pasabanen dokumentala

Berako kultur etxean 19:00etan eginen duten ekinaldia izanen da eguneko azkena: Chhaupadi dokumentala emanen dute. Migeltxo Molina iruindarrak zuzendutako lan bat da, eta Edurne Pasabanek Nepalgo Sangita Rokaya, Laxmi Budha, Pabitra Bohora eta Saraswati Thaparekin Saipal mendira egindako espedizioa du ardatz.

Edurne Pasabanek behin baino gehiagotan erran du mendian hartu dituen kolpe latzenetako bat izan dela Zubieta, Pikabea eta Saralegiren heriotza. Haiekin zen Pasaban Taillonen, hain zuzen ere, 2007ko urtarrilaren 13 hartan. Harreman estua zuen Bortzirietako mendizaleekin, eta istripua gertatu eta gero ere, herriarekin zuen harremanari eutsi dio.

Chhaupadi dokumentala iaz estreinatu zuten. Nepalgo hitz bat da, hilekoa dutenean emakumeek jasaten duten bazterkeria izendatzeko erabiltzen dutena. Hilekoaren hurrengo lau edo bost egunetan bakartuta edukitzen dituzte, haien sinesmenen arabera ez direlako emakume garbiak. Ez diete ezer egiten uzten, ezta ezer ukitzen ere.

Pasabanekin bat egindako Nepalgo lau emakumeek arau horiek hautsi eta beren eskubideak aldarrikatu nahi izan zituzten, eta errealitate horren berri eman nahi izan du Chhaupadi dokumentalak. 19:00etan izanen dute beratarrek ikusteko aukera, bihar, kultur etxean.

2008. urtean antolatu zuten Agerra eta Mamttale mendi taldeek Mendi Eguna lehendabiziko aldiz. Ehunka herritarrek egin dute bat, geroztik. Mendia bilakatu dute mendizaleak oroitzeko toki. Bi urtean behin, gainera, Taillon mendia igotzeko ibilaldia prestatzen dute antolatzaileek. Iazkoa izan zen azkena. Mendi artean dira oroitzapenak.