Zer gogoratu, eta zer ahaztu

Zer gogoratu, eta zer ahaztu

Edurne Elizondo

Eraitsi beharko lukete; ez dut ulertzen zergatik ez duten oraindik egin”. Fernando Mikelarena historialariak (Bera, 1962) ez du inolako zalantzarik; argi du administrazioak Iruñeko Erorien monumentu frankista behera bota beharko lukeela. Eraikina bere azken liburuko gai nagusiarekin lotu du: “Irabazleen kontakizunarekin”, alegia. “Eskuinaren indarkeria sinbolikoaren eta hegemonia kulturalaren menpe gaude, oraindik ere”, nabarmendu du. Irabazleek erabaki dutelako, beti, zer gogoratu eta zer ahaztu.

2015. urtean Sin piedad izenburuko liburuarekin hasitako trilogia itxi du Mikelarenak, orain, La (des)memoria de los vencedores. Jaime del Burgo, Rafael García Serrano y la Hermandad de Caballeros Voluntarios de la Cruz (Pamiela, 2019) lanarekin. 2017an, Muertes oscuras argitaratu zuen historialariak. Hiru lanotan, 1936ko eta 1937ko garbiketa politikoa jorratu du idazleak.

Lehendabiziko liburuan garbiketa politiko horren biktimei egin zien so Mikelarenak, batez ere, eta izen-abizenez aipatu zituen, gainera, errepresioaren erantzule, kolaboratzaile eta exekutatzaile izandakoak. Auzi horri eutsi zion Mikelarenak bigarrenean ere, baina Bidasoaren lurraldean kokatuta. “Kontrabandisten lurraldea da Bidasoarena, eta horrek bitxi bilakatzen du hango ekosistema”, azaldu zuen egileak, lan hori aurkeztu zuenean. Mikelarenak ikertutako heriotza ilunen artean zen Gazteluko Sagardia Goñi familiako kideena. Berriki argitaratutako hirugarren lanarekin, azkenik, 1936ko altxamendu militarra bultzatu eta gerra irabazi zutenei egin die so historialariak, memoria eta ahanztura nola kudeatu zituzten aztertzeko.

Egileak nabarmendu nahi izan du, batetik, nahita eta asmo garbi batekin erabaki zutela zer gogoratu eta zer ahaztu 1936ko eta 1937ko garbiketa politikoa egin zutenek; eta, bertzetik, argi utzi du garaileena dela “oroimen hegemonikoa” oraindik ere. “Hori penagarria da”.

Hegemonia horren adibidetzat jo du Iruñeko Erorien monumentua. Mikelarenak kritikatu du Iruñeko Udalak eraikinaren etorkizuna erabakitzeko egindako prozesua: “Bada garaia dauden tabuak gainditzeko eta ausardiaz jokatzeko”, erran du: “Eraikina eraitsi beharko lukete”.

Kontakizuna osatu

Erabaki zer gogoratu eta zer ahaztu; zer nabarmendu eta zer bilakatu bigarren mailako elementu. Hori eginez, oraindik ere indarrean den kontakizuna osatzeko aukera izan zuten 1936ko gerrako garaileek. Nafarroan, kontakizun horrek berezko hainbat ezaugarri izan zituela azaldu du Mikelarenak, hain zuzen ere. “Errepublikaren aurkako mezuak Nafarroako testuingurura egokitu zituzten erreketeek, eta gurea jo zuten errepublikako kaosari aurre eginen zion herrialdetzat”.

Erreketeek garbiketa politikoan bete zuten rola sakon landu du Fernando Mikelarenak bere trilogian. Zehazki, Sin piedad izenburuko lehen liburuan, garbiketa politiko horretan hainbat ardura mota bereizten ahal direla azaldu zuen historialariak: “Lehen mailan dira agintari militarrak”, erran zuen, orduan; erreketeen eta falangisten buruzagiak kokatu zituen bigarrenean; eta hirugarren maila batean, berriz, “bertzeak hiltzeko prest” zirenak. Garaileek memoria eta memoriarik eza kudeatzeko egindako prozesuan, hainbatek erreketeen ardura “ukatu” egin dutela erantsi du Mikelarenak.

Nafarroan Molak eta Sanjurjok izan zuten garrantzia aipatu du, bertzalde, Mikelarenak. “Nafarroan, altxamenduaren aldeko sektoreek sinetsarazi nahi izan zuten Molaren eta Sanjurjoren alde aritzeko egin zutela bat diktadurarekin, ez Franco laguntzeko”.

Erran dena bezain garrantzitsua izan da isilarazitakoa. Horixe nabarmendu du Mikelarenak, eta salatu du garbiketa politikoaren inguruko agiri anitz desagerrarazi zituztela, 1936ko gerra bukatu eta gero. “Falangistek errepresioan izan zuten arduraz anitz hitz egin da; baina hemen ez ziren hainbertze. Erreketeen arduraz, ordea, ez da hainbertze hitz egiten”. Trantsizioan ere alderdien artean “isiltzeko hitzarmen bat” izan zela gaineratu du historialariak.

Garaileen memoria eraikitzeko prozesuan zenbait pertsonak bete zuten rola aipatu eta nabarmendu du Fernando Mikelarenak, bertzalde; zehazki, bi izen jarri ditu mahai gainean: Jaime del Burgorena eta Rafael Garcia Serranorena. Mikelarenak argi utzi du egileon idatziek kontakizun hegemonikoa osatzen lagundu dutela.

Ia laurehun orriko liburua egin du historialariak, kontakizun hegemoniko horren berri emateko; eta, batez ere, kontakizun hori kudeatzeko prozesuen berri zabaltzeko. Trilogiaren azken lana da Pamielarekin argitaratutako La (des)memoria de los vencedores. Azkena, “oraingoz”, egileak zehaztu duenez. Ikertzen jarraitzeko aukera badela nabarmendu du historialariak. Lanerako gogoa eta grina ere ez ditu faltan, artxiboen artekoa baitu Mikelarenak berezko habitata.