Iritzia: Ez digute ezer oparituko

Iritzia: Ez digute ezer oparituko

Lur Albizu Etxetxipia

Ez digute ezer oparituko; are gehiago, egunez egun oparitzen digutena miseria baino ez da. Opari pozoidun asko, gehiegi, eman izan dizkigute azken urteetan. Eta irentsarazi nahi izan dizkigute. Banan banan. Iruzur bat bestearen atzetik.

Krisia deitu duten hori ezagutu dugu batzuek, ez besterik. Lan-erreformen oihartzunak greba orokorren forman ezagutu genituen, nahiko urrun geratu zaizkigun arren. LOMCE, Mozal legea, murrizketak eta pribatizazioak bata bestearen atzetik etorri ziren, eta lehen pertsonan bizi izan ditugu, haiek, eta haien aurkako borrokak ere bai. Egunerokoa izan zen garai batean, eta egunerokoak izan dira gure bizitzak prekaritatez busti dituztenak. Ez dugu besterik ezagutu, ez dugu besterik bizi izan.

Ezin izan dugu, eta ezin dugu, bizi-proiektu duinik eraiki: lan-kontratu prekarioak, aldiberekotasuna, soldata miserableak, praktikak-bekak-iruzurrak, ordutegi aldakorrak, aldi baterako laneko enpresak. Hezkuntza sistemak eraldaketa sozialetik eta bizitza emantzipatuak eraikitzetik urrun jarraitzen du. Etxetik alde egin ahal izateko baldintzak gero eta kaskarragoak (ez bakarrik enplegu-baldintzengatik; zein dira gaur egun etxebizitza-aukerak eta zein baldintzatan emantzipa gaitezke?), ezegonkortasuna, bihar non egonen garen ezin jakitea. Ez bihar, ez heldu den hilabetean, ez heldu den urtean. Ezegonkorra eta ziurgabea. Hori da, agian, ezagutu dugun beste zerbait: ziurgabetasuna. Geure bizitza busti duena, goitik behera. Eta ziurgabetasun horrek, bihar non egonen garen ezin jakiteak ekarri dituen beste ondorio batzuk ere bai: denbora gero eta gutxiago geure bizitzak antolatzeko, militatzeko, harremanak eta ingurua zaintzeko. Gazteok ez gara bakarrak, baina etorkizuna eta oraina aldi berean bizi ditugun bakarrak gara: ezin dugulako ez bata ez bestea eraiki. Edo ez digutelako utzi nahi.

Etorkizuna eraikitzeko oraina eraiki beharra dagoenez lehenbizi, bizitzaren aldeko apustua egitera etorri gara. Eta bizitzaren aldeko apustua borrokan jarraitzean dagoela sinetsita nago ni; ez onartzean miseriara kondenatuta bizi behar izatea. Ez onartzean inposatu nahi diguten bizi-eredu kontsumista, otzan eta sumiso bat. Irauteko baino gehiago, bizitzeko etorri garelako. Guztiok bizitzeko, eskubide osoz, burujabe, gure herrian eta gure lurraldearekiko loturan. Burujabetza ez delako ideia abstraktu eta ezinezko bat (bakarrik): burujabetza da bidea, bideak eramanen gaitu burujabetzara. Ez gatoz bakarrik krisi deitu zuten horren kontra egitera, horren ondorioei buelta ematera. Herri bat eraikitzera gatoz, eta hamaika dira arrazoiak greba egiteko, mobilizatzeko eta borrokak aktibatzeko. Euskal Herriko Eskubideen Kartak horretarako aukera zabaldu du greba orokorrerako deialdiarekin. Urtarrilaren 30ean ez delako soilik greba bat egonen Hego Euskal Herrian: urtarrilaren 31tik aurrera ere badagokigulako (guztioi) borrokan jarraitzea eta herri justu bat eraikitzen jarraitzea. Hori dugu erronka; sareak ehundu, borrokak saretu eta aurrera egitea. Ez digutelako ezer oparituko gu borrokatzen ez bagara.