Itzalak argia nahi ez duenekoa

Itzalak argia nahi ez duenekoa

J. Senar – E. Elizondo

Ez da erraza ezkutuan gelditu nahi duen hori aurkitzea, gordeta jarraitu nahi duenak ahaleginak egiten dituelako aurki ez dezaten”. Vigoko Unibertsitateko irakasle Alberto Vaquero-Garciarenak dira hitzak, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Inarbe institutuak antolatutako jardunaldian erran ditu, itzalpeko ekonomiari eta zerga iruzurrari buruz aritu denean. Esaldi horren bidez nabarmendu nahi izan du “hagitz zaila” dela jarduera horien eragina zenbaterainokoa den zehaztea. “Espainian, adibidez, ez da inolako datu ofizialik itzalpeko ekonomiari eta zerga iruzurrari buruz”, erran du.

Nafarroan, NUPeko irakasle talde batek aztertu berri du herrialdeko itzalpeko ekonomiaren bilakaera, lehendabiziko aldiz, 1986tik 2016ra. Lanak nabarmendu du batez bertze itzalpeko ekonomiak barne produktu gordinaren %15,3ko tamaina izan duela Nafarroan, urteotan.

Ikerketa sinatu dute Pedro Pascualek, Antonio Gomezek eta Vicente Riosek. Egileok, gainera, zerga iruzurraren kalkulu batzuk egin dituzte, BEZ balio erantsiaren gaineko zerga eta errenta zerga abiapuntu hartuta.

BEZaren kasuan, NUPeko ikerlariek kalkulatu dute ogasunak gehienez bil dezakeenaren eta egiazki biltzen duenaren arteko aldea; 2008tik 2016ra bitarteko epea hartu dute erreferentzia gisa, eta aldea izan da batez bertze 662 milioi euro. Errenta zergaren kasuan, ikerketak agerian utzi du iruzurra %25 inguru dela. Zerga iruzurrak 848 euroko gainkostua eragiten dio nafar bakoitzari, batez bertze, urtero.

Pascualek, Gomezek eta Riosek ere parte hartu dute NUPeko Inarbe institutuak antolatutako jardunaldian, eta bat egin dute Vaquero-Garciarekin: itzalpeko ekonomiaren eta zerga iruzurraren inguruko datuak zehaztea “hagitz zaila” dela berretsi dute. “Datuak aldatzen dira erabilitako metodologiaren arabera”, erran du Pascualek.

Adituek eskura dituzten tresnak baliatzea eta emaitzak alderatzea izan da egileon estrategia, hain zuzen ere, beren ikerketa egiteko. Pascualek argi du metodorik “fidagarriena” dela metodo monetarioa, halere. Horren arabera, une jakin bateko eskudiru eskaera aztertu eta ohiko eskaerarekin alderatzen dute adituek.

Metodorik fidagarrienak ere, dena den, badu mugarik. “Anitz dira kontuan hartu beharreko aldaerak: zerga presioa eta zerga morala, bertzeak bertze”, Alberto Vaquero-Garciak nabarmendu duenez. Zerga presio handia duten herrietan handia izaten ohi da itzalpeko ekonomiaren tamaina, hain zuzen ere. “Baina ez da beti gertatzen; Bulgarian, adibidez, itzalpeko ekonomia %30 ingurukoa da, eta zerga presioa, berriz, txikia”.

Itzalpeko ekonomia eta zerga iruzurra “lotuta” daudela erantsi du Vigoko Unibertsitateko irakasleak, baina zehaztu du ez direla gauza bera. “Ez dute gauza bera neurtzen; itzalpeko ekonomiak ez du beti ondorio zerga iruzurra; eta, alderantziz, zerga iruzurra gertatzen ahal da itzalpeko ekonomiako jarduerarik gabe”.

Baliabide eskasak

Zailtasunak handiak dira, eta baliabideak, berriz, behar baino eskasagoak, adituek erran dutenez. Nafarroako Gobernuko Ogasuneko zuzendari kudeatzaile Oscar Martinez Bujandak ere onartu du zailtasunak egon badaudela. Txalotu du NUPeko irakasleek egindako ahalegina, eta erronka jo die, gainera, azterketarekin jarraitzeko.

Zehazki, sozietate zergari heltzeko eskatu die Martinez Bujandak NUPeko adituei, Arrosadiko campusean egindako jardunaldian. “Balio erantsiaren gaineko zerga eta errenta zerga aztertu eta gero, interesgarria litzateke jakitea zer gertatzen den sozietate zergaren esparruan”. Iruzurrari aurre egiteko, oro har, prebentzioa, kontrola eta baliabideak behar direla erantsi du Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak.

Oscar Martinez Bujandak uste du, gainera, “guztiz beharrezkoa” dela herritarrekiko harremanetan “argitasunez” jokatzea. “Administrazioak informazio osoa eman behar die herritarrei”. Zerga Ogasuneko arduradunak ontzat jo du NUPeko kideek egindako lana, eta iruzurraren aurkako borroka planifikatzeko “tresna garrantzitsua” izan daitekeela berretsi du.