“Oihalezko poltsan betiko gauzak sartzen jarraitzen dugu”

Edurne Elizondo

Larraungo Kalaxka talde ekologistan hasi zuen Mikel Saralegik (Donostia, 1963), duela hamalau urte, Sustrai Erakuntza fundazioko patronatura eraman duen bidea. Erakundeko presidentea da.

Nola egin zenuen zuk bat fundazioarekin?

Larraungo Kalaxka talde ekologistan hasi nintzen, duela hamalau urte. Inguruko gaiak jorratzen ditugu taldean. Sustrai Erakuntzaren sorreraren berri izan genuen, duela hamar urte, eta, laguntza behar genuenez, harremanetan hasi ginen. Handik gutxira, fundazioko bazkide bilakatu nintzen, eta duela lau urte, berriz, patronatuko kide.

Fundazioaren zeregin nagusietako bat da bertze taldeak laguntzea?

Bai. Sustrai Erakuntza sortu zen Castejongo zentral termikoaren eta AHTaren kontra ari ziren ekintzaile batzuek eta beste hainbatek bat egin eta gero. Hausnarketa egin zuten, eta ohartu ziren mobilizazioaz gain beste tresna batzuk ere behar zirela. Konturatu ziren, batez ere, zure jarreraren alde egiteko behar dituzula helduleku eta argudio sendoak, eta legeak dituen zirrikituak baliatzen ahal direla. Toki askotan baziren gatazkak, eta horien aurka ari ziren talde txikiak. Ezinean ari zirela sentitzen zuten askok, eta Sustrai Erakuntza sortu zen mugimendu horri babesa eta indarra emateko, hain zuzen; konfiantza emateko.

Kalaxkan, adibidez, sentitu duzue babes horren beharra?

Bai. Taldea sortu zen, batez ere, Aldazko harrobiaren proiektuaren aurka egiteko. Lekunberriko industrialdea handitzeko egitasmoa eta Plazaolaren azpian dagoen zabortegiaren auzia ere badaude mahai gainean.

Aldazko harrobiaren kasuan, Sustrai Erakuntzaren bidez izan genuen aukera antzeko gatazken aurka ari ginen hainbat herritako jendea elkartzeko, eta gure esperientziak partekatzeko. Legeen arloan nola jokatu ikasi genuen, adibidez. Sustrai Erakuntzak Nafarroako harrobi eta meategien inguruko txostena egin zuen, elkarlan hori abiapuntu hartuta. Hori da fundazioaren helburua. Tresna eraginkor bilakatzea taldeentzat.

Legearen zirrikituak erabiltzeko aukera aipatu duzu. Muga anitz ditu epaitegietako bideak?

Bai, mugak baditu. Halere, ingurumenaren aldeko borroketan, eskura izan ditzakezun baliabide guztiak erabili behar dira. Mobilizazioak ere ez dira nahikoa izaten askotan, baina horrek ez du esan nahi egin behar ez direnik. Dena erabili behar da: kalea, diskurtso sendo bat eta epaitegien bideak izan ditzakeen zirrikitu guztiak, nahiz eta agerikoa izan legeak noren alde diren.

Hamar urteko bidea egin eta gero, nola ikusten duzue egungo egoera? Hobera egin du?

Azterketa kuantitatiboa eginen bagenu, uste dut egoera duela hamar urtekoaren berdintsua dela; edo, agian, okerragoa. Administrazioaren jokabideari so eginda, uste dut betiko parametroetan ari dela. Betiko proiektuekin eta betiko filosofiarekin segitzen du administrazioak, azpiegitura handien alde. Ez hori bakarrik: formari dagokionez ere, administrazioak segitzen du eskura dituen bestelako trikimailuak erabiltzen: proiektuak udan aurkezten dituzte, helegiteak aurkezteko epeak aukeratzen dituzte parte hartzea txikitzeko asmoz…

Parte hartzeko aukera emateak ez du beti parte hartu ahal izatea bermatzen?

Aukera hori eman behar dute, baina kalitate eskaseko prozesuak izaten dira. Betikora mugatzen dira, eta ez da, benetan, behar bezalako prozesu bat bultzatzen, behar diren epeak zehaztuz, alternatibak aurkeztuz, ikuspuntu ezberdinak dituzten pertsonak bilduz. Arlo horretan ez dugu aldaketarik sumatu urteotan.

Eta espero zenuten aldaketarik?

Aldaketarik ezak ez gaitu harritu. Finean, ingurumen gatazkak lotuta daude eredu batekin, ekoizteko, kontsumitzeko eredu jakin batekin. Urteotan agintean egon direnek, berdin alde batekoek zein bestekoek, eskema bera erabili dute. Jende berarentzat ari dira lanean. Proiektu zehatzen atzean daude presio talde handiak, enpresak, multinazionalak… Diru asko dago jokoan. Agintean direnek hazkundea helburutzat hartzen dutenean, halabeharrez ekartzen du horrek ingurumenari eraso egitea.

Eredu ekonomikoa da aldatu behar dena?

Bai, paradigma aldatu behar da. Orain asko hitz egiten da klima aldaketari buruz. Duela hamar urte baino askoz ere gehiago. Ikusten da agintariak ere egokituz joan direla, eta ekologiaren ingurukoak, nolabait, erakusleiho bateko pieza bilakatu dituzte. Elementurik deigarrienak erakusten dituzte, asmo handien berri ematen dute, mobilizatzen diren gazteen ondoan argazkiak egiten dituzte, baina atzean, betikoa baino ez dute. Betiko paradigmak.

Adibidez?

Egunotan irakurri dut Ekologistak Martxan taldeak epaitegietan salatu duela Nafarroako Gobernua, airearen kutsaduragatik. Egoerak okerrera baino ez du egin. Berriki aurkeztu dituzte berotegi gasen inguruko datuak, eta isuriek gora egin dute. Gobernuaren helburua zen 2020rako %20 jaistea; eta helburu hori errepikatu dute behin eta berriz. Bertze adibide bat: despopulazioarekin duten kezkaz hitz egiten dute, baina hamaika herri zerbitzurik gabe utziko dituen AHTa bultzatzen dute.

Epe motza dute buruan?

Ezin da helburutzat hartu hazten segitzea. Burbuila baten barruan jarraitzen dute, diruari mesede egiteko. Esaten dute plastikozko poltsak erabiltzeari utzi behar diogula; kanpainak egiten dituzte horren alde; baina arazoa da paperezko edo oihalezko poltsan betiko gauzak sartzen jarraitzen dugula. Planetaren baliabideek muga bat dute; gustatu edo ez, gure kontsumoak behera egin behar du, arlo guztietan. Kapitalismoaren funtsa da irabaziak lortzea, baina gertatzen ari denak erakusten digu gaizki funtzionatzen duela sistemak. Horren ondorio dira bai egungo prekaritatea eta bai egungo bizi baldintzen kaskartzea. Irabaziak lortzen jarraitu nahi du sistemak, herritarren bizkar. Eta planetaren bizkar. Aurrera begirako ihesaldia da.

Zaila da horren aurkako mezua zabaltzea?

Pedagogia, mobilizazioa, plangintza behar da. Kontua da denbora asko ari garela galtzen. Asturiasen, adibidez, aspalditik dago argi ikatz meategiak itxi beharko zituztela. Ez da inolako plangintzarik egin, ez da alternatibarik jorratu, eta ingurumenaren aldeko borroka langileen kontrako borroka bilakatzen saiatzen dira. Denborak aurrera egin ahala, arazoa gero eta larriago bilakatzen da.

Zeintzuk dira egungo gatazka nagusiak, zuen ustez?

AHTa da bat, zalantzarik gabe. Garaiz gara proiektu hori gelditzeko. Egin nahi dituzten meategien auzia ere larria da. Bai eta Esako urtegia handitzeko lanena ere. Herritarrak deitu nahi ditugu gurekin bat egitera, lanean jarraitzeko, eredu energetiko deszentralizatu eta publiko baten alde.