“Argazkigintzaren sormenak asko balio du ingeniaritzan”

Uxue Rey Gorraiz

Ainhoa Albisturrek (Burlata, 1997) NUPek antolatutako azken argazki lehiaketa irabazi du, zientzia eta teknologiari buruzkoa, zehazki. Ingeniaritza Industrialeko ikasketak bukatu zituen joan den ekainean, eta masterrean murgilduta dago egun. Argazkilaritza bere pasioetako bat izan da aspalditik, eta kamera atzeko talentua saritu dute oraingoan, NUPen Zientziaren Astean.

Zer ikus daiteke zehazki zure argazkian?

Prezipitazio ontzi bat da, koloretako iman batzuk barruan dituena. Indar magnetiko bat baliatuta, iman horiek bueltaka hastea lortzen da, disoluzioa eragiteko. Abiadura handiz mugitzen ari direnez, forma bereziak eratzen dituzte uretan. Fenomeno hori ikus daiteke argazkian. Biraketa indarraren efektua, azken finean.

Zaila al da zientzia gai hartuta argazkiak egitea?

Erronka polita izan da, baina handia ere bai. Nire ikasketak eta nire zaletasunetako bat uztartzeko aukera eman dit, baina kosta egin zitzaidan zer irudikatu nahi nuen erabakitzea. Zientziaren gaia hain da zabala… Halere, argi izan nuen hasieratik ingeniaritzan zentratuko nintzela, eta fenomeno fisiko bat azalduko nuela argazkiaren bidez. Horrela, lehiaketaren helburuetako bat behintzat erdietsiko nuen: dibulgazio zientifikoa.

Zer lan dago argazkiaren atzean?

Saiakera asko, batez ere. Dena den, aurretik hainbat ideia izan nituen buruan bueltaka. Gaur egun, laborategi batean egiten dut lan, eta bertako elementuak aprobetxatzea interesgarria iruditu zitzaidan. Objektua eta fenomeno fisikoa aukeratuta, esperimentazioari ekin nion. Berrehun bat argazki egin nizkion osotara ontziari: ez zen hasieran imajinatuta nuen argazkia bezalakoa, eta azkenean beste perspektiba batetik erakargarriagoa zela ikusi nuen.

Zer behar du argazki batek ona izateko?

Irudiaren konposiziori erreparatzen diot nik, gehienbat. Argazki batek ez du konplexutasun handia izan behar ederra izateko. Izatez, nirea aski sinplea da, baina konposizioa harmonikoa izan zedin saiatu nintzen sutsuki. Simetria bilatu nuen, esaterako. Biraketa indarra puntu jakin batean nabari zedin nahi nuen, zehazki. Argazkiaren osagai bakoitza behar zen lekuan egotea lehenetsi nuen.

Kalkulu matematiko baten gisan, emaitzaren perfekzioa bilatzen duzu, beraz?

Ez. Argazki on batek ez du perfekziorik behar. Ezinbestekoa den bakarra zer edo zer transmititzea da, eta hori da lortzen zailena. Pentsarazten duten argazkiak dira hoberenak, mezu bat helarazi eta ikusleari zerbait eragiten diotenak.

Argazkiak eman nahi duen mezu hori esplizituki eman behar zaio ikusleari?

Egoeraren araberakoa da hori. Nik nahiago izaten dut imajinazioari ateak zabaldu, ez dut gustuko dena egina ematea. Kasu hau, dena den, berezia da. Nire senide edo lagun askok ez dute lehenbiziko unean jakin zer zen begi aurrean zutena. Gero, ordea, aski zuten argazkiaren azpiko deskribapena irakurtzearekin. Instagramek ematen dituen aukerak aprobetxatu egin ditut, nolabait.

Zein dira aukera horiek?

Gaur egun, mundu guztiak erabiltzen du sare sozial hori; eta zer esanik ez gazteen artean. Erakusleiho erraldoi bat da, azken finean. Helburua zientzia eta teknologia jendearengana hurbiltzea denez gero, hautu ona izan dela uste dut; erosoa parte hartu dugunontzat, eta erakargarria gainerakoentzat.

Zertan lagundu dezakete ingeniaritza ikasketek argazkigintzan?

Ikasketek diziplinatua izaten irakatsi didate. Oro har, oso saiatua behar duzu izan ingeniaritza ikasteko. Argazkigintzan ere, nire ustez, lan handia egin behar da benetan merezi duten emaitzak lortu nahi badira. Unibertsitate ikasketei esker, tematia izaten naiz lanean, eta horrek asko laguntzen dit argazkiak ateratzeko garaian. Dena den, noski, argazkilaritza artearen adar bat da, eta ez da ingeniaritzak bezain diziplina zurruna.

Eta alderantziz, zertan da lagungarri argazkigintzan aritzea ingeniari izateko?

Argazkilaritzan lantzen den sormenak asko balio du ingeniaritzan. Azken finean, ingeniari bati arazoak planteatzen zaizkio etengabe, eta arazo horiei soluzioak bilatzea da lanaren oinarria. Sormena behar-beharrezkoa da horiek aurkitzeko, egoera bakoitzean hartu beharreko bidea edo eman beharreko pausoak zein diren arinago ikusteko. Hartu-emana dago, azken finean, bi diziplinen artean.

Zer iritzi duzu argazkien edizioaren edota iragazkien erabileraren inguruan?

Ez naiz oso zalea, ezta aditua ere. Nahiago izaten dut gehiegi ez erabili, eta argazkiak bere horretan utzi. Baina emaitza ederrak lor daitezke ongi erabiliz gero. Erabat aldatu dezakete argazki batek transmititzen duena. Onerako, askotan.

Parte hartuko zenuke berriz ere horrelako argazki lehiaketa batean?

Bai, jakina. Esperientzia ederra izan da, eta kritika onak jaso izanak motibatu egin nau argazkigintzan are gogotsuago jarraitzeko. Gainera, argazkiak ateratzeak gauzak beste era batera begiratzera narama. Argazkiok atera nituenetik, laborategia txoko ederragoa iruditzen zait. Artistikoagoa, tramankulu artean egon arren.