Lan ordainduaz harago

Edurne Elizondo

Feministok greba orokorrera. Osteguna greba eguna da Hego Euskal Herrian, eta deialdiarekin karrikan egin du bat, jada, Iruñerriko mugimendu feministak: Iruñeko Zara dendako erakusleihoetan itsatsi ditu prekaritatearen eta esplotazioaren aurkako bere aldarriak jasotzen dituzten kartelak: “Hegoaldeko herrialdeetan arropa egiten ari diren emakumeak esplotatzen dituzte enpresa handiek; beren dendetan ari direnak ere bai; emakume guztiak esplotatzen gaituzte, objektu bilakatzen gaituztelako iragarkietan”.

Mezu hori jarri dute Iruñerriko feministek mahai gainean, eta “lan, pentsio eta bizitza duinen alde lanean” jarraituko dutela berretsi dute. Horregatik egin dute bat Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitutako greba orokorrarekin.

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek bilera eginen du astelehenean greba orokorraren deitzaileekin. Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin ere hitz egin nahi zuten, baina Iñigo Urkulluk uko egin dio biltzeari. Erran du ez duela uste elkartzeak ezer konponduko duenik.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak joan den urrian eman zuen greba orokorrera deitzeko asmoaren berri, eta azaroaren bukaeran zehaztu zuten data gutuneko kide diren sindikatuek. Haiek egin zuten greba deialdi ofiziala: ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Etxaldek, EHNEk eta Hiruk, alegia. CNT gehitu zaie, bai eta ikasleen sindikatua, Ikasle Ekintza, Ernai eta Eragin ere. Bertze eragile anitzen babesa ere jaso du protestak.

Hilaren 13an, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak CEN Nafarroako enpresaburuen elkartearen Iruñeko egoitzan izan ziren, eta lana duintzeko eskatu zioten patronalari. Lan, pentsio eta bizitza duinak izateko eskubidea ere aldarrikatuko dute sindikatuek osteguneko greba orokorraren bidez. ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzaren arabera, “benetako lorpenak iristeko ezinbestekoa da mobilizazioa”. Eta lortu nahi dutena argi dute: erosahalmena berreskuratzea; prekaritatea amaitzea; gutxieneko diru sarrera duinak bermatzea 1.200 euroko gutxieneko soldatarekin eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioarekin; genero arrakala amaitzea; zigorrik gabeko erretiro aurreratua; osasun zerbitzu publiko eta doakoak ziurtatuko dituen sare unibertsala; diru sarrerak bermatzeko errenta eta errenta bermatua gutxieneko soldataren bera izatea; eta pentsioak osatzeko araudia.

ELAk eta LABek nabarmendu dute 2013 amaieratik hona izan den hazkunde ekonomikoaren zikloa “langileen lepotik” egin dela, eta erantsi dute argazki horrek bere alde iluna duela, datu makroekonomikoek hobera egin badute ere. Nafarroan, adibidez, pobreziari buruzko hirugarren txostena aurkeztu berri dute Nafarroako Gobernuko agintariek, eta datuek erdigunean jarri dute 81.500 pertsona daudela egun pobrezian herrialdean: erdiek lana dute, eta 16.700 herritar, gainera, pobrezia larrian daude.

Beraz, lana izatea ez da pobreziatik ateratzeko bermea, gobernuaren txostenak agerian utzi duenez. “Enpresaburuek diote ondasuna sortzen dutela, baina datuek erakusten dute langile pobreak daudela, eta hala aitortzen du Nafarroako Gobernuak berak ere”, LABeko Nafarroako koordinatzaile Imanol Karrerak nabarmendu duenez.

Emakumeen bizkar

Soldata kobratzen duten langile pobreen egoera salatu dute sindikatuek. Ez dira, halere, langile prekario bakarrak. GITE Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak bertze sektore bat jarri nahi izan du fokupean egunotan: soldatarik kobratzen ez duten langileena, alegia. 1970eko hamarkadatik ari da Maria Angeles Duran aditua (Madril, 1942) ikerketa esparru hori jorratzen, eta Iruñean izan da GITEko kideekin eta herritarrekin bere gogoetak partekatzen. Politika eta Ekonomia Zientzietako lizentziaduna da, bertzeak bertze.

Gogoeta eta eztabaida guztiak baldintzatzen dituen datu bat jarri du Duranek mahai gainean: kobratu gabe lanean ari diren langile gehienak emakumeak direla, hain zuzen ere. Ordaintzen ez den lan horrek zaintzarekin du lotura anitzetan, eta zaintzaren ardura emakumeen bizkar dago, gehienetan.

Gogoeta eta eztabaidetan eragin handia duen bertze auzi bat nabarmendu nahi izan du Duranek, horrekin batera: ordaindu gabeko lanaren atzeko datuak ezagutzeko dauden zailtasunak. Hau da, “hagitz zaila” dela jakitea benetan zenbaterainokoa den batez ere emakumeek egiten duten kobratu gabeko lan jarduera horren tamaina. “Hasieran baino inkesta eta ikerketa lan gehiago egiten dira, baina ez dira, oraindik ere, behar bezain zehatzak, eta ez dira behar bezainbertzeko maiztasunarekin egiten; administrazioak hiru hilabetean behin egiten du Biztanleria Aktiboaren Inkesta, baina ordaindu gabeko lanari buruz zehaztapen hori lortzetik urrun gara”.

Estatistikarik eta daturik ezari aurre egin behar izan zion Duranek bere ikerketak hasi zituenean. Adituak berak zuzendu ditu gaiari buruz egin diren inkesta lan anitz. 1980ko hamarkada hasierakoak dira lehendabizikoak. Orduan, etxean lan egiten zuten emakume anitzek ez zeukaten lantzat beren etxeko jarduera hori, Duranek azaldu duenez: “Etxean zituzten betebeharrak egiten zituztela erantzuten zuten; hau da, zegokiena egiten zutela”, gogoratu du.

Emakumeok, batez bertze, zortzi orduz aritzen ziren etxean, lanean, egunean. “Emakumeok ez zuten soldatapeko lanposturik; bilatu ere ez zuten egiten; halere, eskainiz gero, %55ek erran zuten onartuko zutela”, azaldu du adituak.

Datu hori garai hartako langabezia tasari buruzkoarekin lotu zuen Duranek, ikerketa egin zuenean, eta agerian utzi zuen administrazioek eta ekonomiaren esparruko agintariek esku artean zituzten kopuruak ez zirela, inondik ere, errealak: “1980ko hamarkadaren hasiera hartan, Espainian 800.000 pertsona ziren langabezian; baina ordaindu gabeko lana egiten ari ziren, eta, eskainiz gero soldatapean aritzeko prest ziren %55 horiek kontuan hartuz gero, hiru milioi pertsona baino gehiago baziren langabezian”, azaldu du.

Duranek ez du zalantzarik: “Gizarteak aurrera egiten du eta eusten dio ordaindutako lanari esker, bai eta ordaintzen ez den lanari esker ere”. Horregatik, argi du administrazioak ezin duela azterketa makroekonomikoak egiten jarraitu, bakarrik merkatuarekin lotutako datuak kontuan hartuz. “Ez dago doako lanaren laguntzarik gabe mantentzen den politika publikorik”, nabarmendu du Duranek.

Hainbat datu jarri ditu mahai gainean, ordaindu gabe egiten den lan horrek politika publikoekin duen harremana azaltzeko. “Osasunaren arloan, adibidez, sistemak ematen dituen 12 orduko, bertze 88 ordu behar dira osagarri”. Duranek zehaztu du osasun sistemak artatu beharreko gaixo gehienak ez direla apendizitisak jota edo hanka bat hautsi dutelako ailegatzen ospitalera. “Gurearen gisako gizarte garatu eta gero eta zaharrago batean, gaixotasun kronikoek gero eta pisu handiagoa dute; gero eta zaintza gehiago behar dugu, eta zaintza hori sistematik at jasotzen dugu. 88 ordu horiek, batez ere, emakumeek ematen dituzte”, zehaztu du.

Tentsioa

Sistemak ematen dituen orduen eta emakumeek kobratu gabe egiten dituztenen arteko desorekari aurre egitea ez da batere erraza. Horixe nabarmendu du Maria Angeles Duranek. Zaintza behar duten sektoreen artean aipatu ditu haurrena, gaixoena eta zaharrena. Baina bada laugarren bat, hagitz garrantzitsua, adituaren hitzetan: “Zaintzaren ardura hartzeari uko egiten dioten gizonena, alegia”.

Zaintzaz arduratzen diren emakume anitzek nork zaindu ez dutela gaineratu du Duranek, eta, kasu anitzetan, diru sarrera txikiak dituztela. Biztanleria zahartzeak, baina, argi utzi du zaintzaren beharra gero eta handiagoa izanen dela, eta horrek “tentsioa” sortzen du. “Konponbide magikorik ez da; nik, behintzat, ez dut. Halere, argi izan behar dugu kalitatezko zerbitzu publikorik ez dugula izanen sistemaren alde txarra onartzen ez badugu: zerga presioa, alegia”, erantsi du.

Ordaindu gabeko lanak egiten dituzten horiek kategoria propioa osatzen dutela azaldu du adituak, baina kategoria horri zerbait falta zaio klase sozial bilakatzeko, Duranek zehaztu duenez: “Kontzientzia falta zaio; eta, horrekin batera, buruzagiak eta barne antolaketa”. Duranek badu, oraindik ere, zer ikertu eta zer aztertu lan ordaindu gabeari buruz.

Irudiak: Iñigo Uriz / Foku