Sare bilakatutako babes oasiak

Sare bilakatutako babes oasiak

Edurne Elizondo

Hezegune bat galtzen denean, hezegune bat baino anitzez ere gehiago galtzen da: “Sarea osatzen dute”, erran du Gorka Gorospe biologoak. Sarea osatzen dutelako, hain zuzen ere, hezegune txikia handia bezain garrantzitsua izan daiteke. “Batetik bertzera joateko erabiltzen dituzte hegaztiek, adibidez; elikatzeko eta atseden hartzeko”.

Sare horrek Nafarroako Gobernuak sailkatutako 23 hezegune ditu herrialdean. Haietako sei —Pitillas, Las Cañas, Juncal, Dos Reinos, Pulguer eta Escudera— kontserbazio bereziko eremuak dira —Natura 2000 sarearen barruan daude—, eta sei horietako bi, gainera —Pitillas eta La Cañas—, nazioartean garrantzia duten hezeguneen zerrendan agertzen dira. Igandea naturgune horiek ezagutzeko egun aproposa izanen da, hezeguneen nazioarteko eguna baita.

Berez, sailkatutako 23 horiek baino hezegune gehiago daude Nafarroan. “Berrehun baino gehiago”, zehaztu du Jesus Mari Lekuona biologoak. Hezegune horietan bizi diren espezieak ederki ezagutzen ditu, parte hartzen baitu, urte oro, ur hegaztien errolda osatzeko lanetan. Errolda hori egiteko, hain zuzen ere, Aragoi ibaiaren ondoan edo Figarol inguruan azken urteotan jarri dituzten arroz soroetan ibiltzen da Lekuona, horiek ere erabiltzen baitituzte hegaztiek, elikatzeko eta atseden hartzeko aukera ematen dietelako. “Halakoetan gero eta kurrilo gehiago gelditzen dira neguan Nafarroan, adibidez”.

2018ko datuak jarri ditu Lekuonak mahai gainean, datuak jasotzen direnetik, inoiz baino hegazti espezie gehiagok eman baitzuten negua Nafarroako hezeguneetan, urte horretan: denera, 63k. Zehazki, 1989. urtean hasi ziren neguko errolda egiten herrialdean. “Azken bost urteotan, batez bertze, 50-57 espezie zenbatu ditugu”, erantsi du biologoak. Hezeguneetan habia egiten duten espezien errolda ere egiten dute, eta Lekuonak zehaztu du 30-35 badirela herrialdean.

Datu horiek zer islatzen duten azaldu du Lekuonak: “Herrialde txikia eta kostalderik gabekoa izan arren, Nafarroak badu bere garrantzia ur hegaztientzat; ez bakarrik hegaztientzat, hezeguneetan bertze hamaika espezietako norbanakoak ere bizi baitira”.

Hegazti migratzaileentzat ere “funtsezkoak” dira Nafarroan dauden hezeguneak, Gorospek erantsi duenez. Izan ere, hezegune horiek hegaztion babesleku bilakatzen dira Pirinioetako mendiak zeharkatu ondoren. “Ahalegin handi horren ondotik, hezeguneetan badute atseden hartzeko eta elikatzeko aukera”. Hegaztiontzat ez ezik, txori intsektiboro txikientzat ere hezeguneak hagitz espazio garrantzitsuak direla nabarmendu du biologoak, jatekoa erraz lortzen dutelako.

Nekazaritza, arrisku

Oro har, herrialdeko hezeguneen egoera ona dela uste du Jesus Mari Lekuonak, baina argi utzi du “hainbat arriskuren mehatxupean” direla. Nekazaritza intentsiboarena da nagusietako bat. “Hezegune anitz labore lurrek inguratuta daude, eta erabiltzen dituzten osagai kimikoekin kutsa daitezke”, erran du. “Hori gertatzen zen duela 25 urte, bai eta orain ere”, erantsi du biologoak.

Lekuonak errandakoarekin bat egin du Gorka Gorospek ere, eta Pitillas eta Las Cañas jarri ditu adibide. Nazioarteko garrantzia duten hezeguneen zerrendan agertu eta babestutako eremuak izan arren, ezin diote ihes egin pestizidek eta gisako bertze kutsatzaileek sor dezaketen arriskuari.

Bertzelako arazoak ere badira, Erriberako Ekologistak Martxan taldeak nabarmendu duenez. Kolektibo ekologista horrek salatu du Ablitasko Bajabon urmaelean ura drainatzeko lubaki bat egin dutela nekazariek, “segur aski, baimenik gabe”.

Hezegune hori da Nafarroako Gobernuak sailkatutako 23 hezeguneetako bat. “Lubakia hiru metro sakon da, bertze hiru metro zabal, eta zazpiehun metro luze. Lubakitik ateratako lurra hezeguneko landaretzaren gainean utzi dute”, salatu dute ekologistek, eta hezegunea “lehengoratzeko” eskatu dute.

Lubaki batek hezegune baten ur sistema osoari eragiten ahal diola nabarmendu dute Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kideek. Eta hezegune batean gerta daitekeen edozein aldaketak ere hamaika espezieri eragiten ahal dio, Gorospe eta Lekuona biologoek azaldu dutenez. “Nekazariek erabilitako kutsatzaileak hezegunera ailegatzen badira, adibidez, urak nutriente gehiago izanen ditu, eta horrek eraginen du alga gehiago sortzea. Alga gehiagorekin, oxigeno gutxiago du urak, eta horrek arazo ekologiko handi bat eragin dezake”, erran du Gorospek.

Txori zezena eta tximutxa

Pitillasko aintzira eta Vianako Las Cañas izenekoa dira Nafarroako hezegune nagusiak, duten hektarea kopuruari so eginez gero. Berrehun baino gehiagoko azalera du Pitillaskoak, hain zuzen ere, eta ehun baino gehiagokoa, berriz, Las Cañasek.

Prismatikoekin, teleskopioarekin eta argazki kamerarekin hamaika bisita egin dizkiete bi hezegune horiei Gorospek eta Lekuonak. Espazio horietan ikus daitekeen txori zezena nabarmendu du Gorospek, batetik. “Gutxi daudelako. Nafarroan bada umatzen den hainbat bikote”, azaldu du. Bertzetik, tximutxa aipatu du biologoak. “Txoritxo atsegina da, eta Las Cañasen eta Pitillasen populazio onak ditu. Maite dut txori hori”.

Herritarrek hegaztiei behatzeko gero eta interes gehiago dutela argi du Gorospek, eta hezeguneak zaletasun hori garatzeko toki aproposak direla azaldu du. Pitillas edo Las Cañas hezeguneetan, adibidez, interpretazio zentroak badira, eta ibilbideak markatuta daude.

Ontzat jo ditu Gorospek egitura horiek, baina erantsi du “aspaldi” ez duela administrazioak inbertsio garrantzitsurik egin tokiotan. “Pitillasen edo Las Cañasen hegaztiei so egiteko dorreren bat jartzea aproposa litzateke, adibidez; dauden behatoki txikiak ere egokitu beharko lituzkete, landaretza hazi denez hasierako funtzioa jada ez baitute betetzen”.

Nafarroako hezegune nagusiak “benetako harribitxiak” direla nabarmendu du biologoak, eta merezi dutela “berritzea”. “Azpiegiturak hobetzea eskertuko dute ornitologoek eta gainerako bisitariek; hori eginez, gainera, espazio horien kudeaketa hobetzen ahal da”, nabarmendu du.

1971ko hitzarmena

Gorospek eta Lekuonak argi dute oraindik ere igandekoaren gisako egunak behar direla herritarrak hezeguneen garrantziaz ohartarazteko. Otsailaren 2a da hezeguneen eguna, 1971. urteko otsailaren 2an sinatu zelako Hezeguneen Inguruko Ramsar Hitzarmena, Irango izen bereko hirian.

Hitzarmen horren bidez, nazioartean garrantzia duten hezeguneen zerrenda osatu dute, bertzeak bertze. Pitillas eta Las Cañas urmaelekin batera, bertze 2.370 hezegune daude sailkatuta, hain zuzen ere, mundu osoko 170 herri baino gehiagotan.

Hezegune horien guztien arrisku nagusietako bat klima aldaketa da. “Joera da tenperaturak gora egitea, eta gero eta euri gutxiago izatea; udazken lehor batek erabat alda dezake hezegune bateko dinamika”, gogoratu du Lekuonak. Ura baliabide eskas eta mugatua dela nabarmendu du, eta “zentzuz” erabili behar dela. “Funtsezkoa da hori nabarmentzea hezeguneen nazioarteko egunaren atarian. Lan anitz dugu egiteko”, erran du biologoak.