“Duintasuna” 0-3 zikloarentzat

“Duintasuna” 0-3 zikloarentzat

Edurne Elizondo

Osteguna. Herrialdeko hezitzaileek zita dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Protesta egin nahi dute protesta zaratatsua aspaldikoa duten arazo batentzako konponbidea eskatzeko, behingoz. Aldarrikapena ere ez dute oraingoa. Nafarroako 0-3 Plataforma 2001. urtean sortu zen, eta, hainbat urtez geldirik egon eta gero, indarrez biziberritu dute. Kideek “nahikoa” dutela erran dute, eta “duintasuna” eskatu dute 0-3 zikloarentzat.

Haur eskolen oinarrizko arazoa argi eta garbi azaldu dute plataformako hezitzaileek: 0-3koa hezkuntza zikloa izan arren, ez dagoela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren barruan. Gobernuak laguntzen du, baina kudeaketa udalen esku dago. Horrek ondorio nagusi bat du: udalok kudeaketa eredu ezberdinak erabiltzen dituztela, eta, ondorioz, lan bera egiteagatik baldintza ezberdinak dituzte haur eskoletan ari diren profesionalek.

Plataformako kideek lan baldintza eta soldata kaskarrak salatu dituzte. Ez da hori, halere, aipatu duten arazo bakarra. Nagusietako bat da ratioena: gela bakoitzeko haur gehiegi dago, eta hezitzaileek, ondorioz, ezin dute “kalitatezko hezkuntza” bermatu. Plataformak bi auzi horiei eman die lehentasuna, haien inguruko adostasuna erabatekoa delako kideen artean: “Ratioak jaitsi behar dira, eta lan baldintzak hobetu”.

Iaz hasi ziren Nafarroako 0-3 Plataformako kideak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzeak egiten; atzokoa izan zuten orain arteko azkena. Hezitzaileekin batera, gurasoek eta sindikatuek ere bat egin dute karrikan, haur eskoletan zer gertatzen den salatzeko. Bertze urrats bat egitea erabaki dute orain, hain zuzen, eta, hilaren 20tik aurrera, eskualdeka ere eginen dituzte mobilizazioak.

Aitortzarik eza

Aditu guztiak ados dira, eta hiru urtera arteko etapa “funtsezkotzat” jotzen dute haurren garapenerako. Hezkuntza Departamentuak ere bat egin du ideia horrekin, eta etapa horrek duen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen 2007. urtean hartutako erabakiarekin: hezkuntza ziklotzat jo zuen 0-3koa urte hartan.

Aitortza, baina, erdizkakoa baino ez zen izan. Horixe uste dute haur eskoletan lanean ari diren hezitzaileek. “Hezkuntza ziklo bat gara, eta gobernuak dekretu bidez onartu du hori. Hezkuntza Departamentuak kudeatu beharko luke, gainerako zikloak bezala, baina ez dute hori egiten. Zerbitzu publiko bat pribatizatzen ari dira, merkeago ateratzen delako”.

Arbizuko haur eskolako zuzendari Eider Garderenak dira hitzak. “Mingarritzat” jo du haur eskoletan gertatzen ari dena, eta salatu du ziklo horretako profesionalen lana “gutxiesten” ari direla: “Adin tarterik garrantzitsuena da, eta baliabide ekonomiko gutxien jasotzen duen zikloa, aldi berean. Hezitzaileok bokazioz ari gara lanean; sinisten dugu egiten dugun lanean, baina militantzia ez da nahikoa; babesa behar dugu”.

Nafarroako 0-3 Plataforma sortu zenean, haur eskolek “izaera asistentziala” zutela gogoratu du Gardek; hain zuzen ere, Gizarte Ongizaterako Departamentuaren menpe ziren. Errealitate hori aldatzeko sortu zuten plataforma, 2001ean, eta 2007ko dekretuarekin lortu zuten. Aldaketa horrek, baina, ez zuen eman profesionalek eskatzen zuten aitortza osoa.

Arazo nagusietako bat izan da, hasieratik, Nafarroako Gobernuak udalen gain utzitako ardura. “Garai batean, Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen zuen eskolak eraikitzeko lanen finantzaketa, baina laguntza hori ere moztu zuen; kontua da eraikina egiten lagundu arren kudeaketa hasieratik utzi duela udalen esku, eta horrek ezberdintasunak sortu ditu profesionalen artean”, azaldu du Gardek.

Izan ere, hiru kudeaketa modu erabiltzen dituzte herrialdeko udalek: zuzena, enpresa publiko baten bidezkoa edo enpresa pribatu baten bidezkoa. “Udalen %92k ez dute haur eskola zuzenean kudeatzen”, erran du Steilas sindikatuko Diana Bruñok. Plataformako kide da sindikatu hori, eta, hezitzaileek bezala, “haserrea” adierazi du gobernuak ez duelako borondaterik auziari eusteko.

“Gobernuarentzat, ez da lehentasuna. Eztabaidatzen ari diren aurrekontuetan agerian gelditu da hori: hitzarmena duten eskoletarako 169 milioi euroren saila dago; 0-3 publikorako, berriz, hamar milioi eurorena”, erran du Bruñok. Gobernuaren “utzikeriaren” adibide gisa, adierazi du herrialdeko zazpi haur eskola oraindik ere Gizarte Eskubideen Departamentuaren menpe direla.

Plataformako kideek hamaika bilera egin dute Nafarroako Gobernuko agintariekin urteotan guztietan. “Baina ez dugu deus lortu”. Aurreko legegintzaldiko lauko gobernuarekin “esperantza” bazutela onartu du Bruñok, baina horrek ere ez zion arazoari heldu, Steilaseko eta plataformako kideak nabarmendu duenez. “Dirua aitzakia da. Hezkuntzak beti esan digu gauza bera, edozer erabaki hartu aurretik analisi ekonomikoa egin behar zela. Aurreko legegintzaldian ere partzuergo baten bidezko kudeaketa aztertzen aritu zirela esan ziguten, baina ez dituzte datuak argitara atera”.

Eskolen egunerokoa

Nafarroako 0-3 Plataformako kideek ratioak eta lan baldintzak bilakatu dituzte beren aldarrikapen nagusi. Bada bertzerik, halere, eta herriz herriko egoerak ere berezi bilakatzen du haur eskola bakoitzeko egunerokoa. “Egoera jasangaitza da”, erran du, tristuraz eta amorruz, Arbizuko eskolako zuzendari Eider Gardek. 63 haur dituzte, eta, jantokiko laguntzailea eta garbitzaileak kontuan hartuta, hamabi langileko taldea osatzen dute. “Gela guztietan gehienezko ratioak ditugu”, azaldu du.

Gauza bera gertatzen da Baztango haur eskolan; Elizondon du egoitza. Zentroan zazpi langile daude, eta gela bakoitzeko gehienezko haur kopurua dute. Horrek erran nahi du Europako Batzordeak egokitzat jo dituen kopuruak bikoiztu dituztela. Europak 1-4 umeko ratioa zehazten du hezitzaile bakoitzeko 0-1 urteko gelan; 1-6koa, 1-2 urteko gelan; eta 1-8koa, azkenik, 2-3 urteko gelan. Errealitatea da 0-1 urteko zortzi haur artatu behar dituela hezitzaile bakar batek, 1-2 urteko hamabi, eta 2-3 urteko hamasei. “Politikariekin aspertu gara; solastatu eta solastatu, eta ez dute deus egiten. Behar duguna da, batez ere, haur gutiago gela bakoitzeko, kalitatezko hezkuntza bat bermatzeko”, erran du Elizondoko eskolako hezitzaile Maider Bereauk.

Lan baldintzak ere jarri ditu mahai gainean. “Azken hamar urteotan ez digute soldata eguneratu, eta antzinatasuna ez dugu kobratzen. 1.200 euroko 11 sari ditugu”, salatu du Bereauk. “Zauden eskolaren arabera, soldata bat edo beste jasotzen duzu”, erantsi du Arbizuko Eider Gardek. Oinarria estatuko hitzarmenaren araberako 920 euroko saria dela erran du.

“Ratioa jaitsi, soldatak igo”. Horrela laburbildu du plataformak bere eskaera nagusia. Baina bada gehiago: doakotasuna, aitortza, kalitatea. Duintasuna.