E. Elizondo
Iruñeko Udaletxe plaza bete zuten herritarrek larunbatean, Iruñeko Udalak euskararen aurka hartutako azken erabakia salatzeko: Navarra Sumak baieztatu egin du duela hainbat aste errandakoa, eta haur eskola euskaldunen eskaintza murriztuko du; ondorioz, 2022-2023 ikasturterako bakarra izanen da euskara hutsean. “Euskaldunen aurkako eraso larria da”, salatu zuen euskalgintzak, karrikan.
Navarra Sumak maiatzeko hauteskundeak egin eta gero hartu zuen agintea Iruñeko Udalean, eta, geroztik, hainbat izan dira euskararen aurka hartu dituen neurriak: euskararen ordenantza aldatu, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia zentsuratu, eta euskarazko hedabideak publizitaterik gabe utzi, bertzeak bertze. Haur eskolen aurkakoa azken-aurreko erasoa izan ote den beldur dira euskalgintzako kideak.
Hain zuzen ere, haur eskola euskaldunen aldeko aldarria aspaldikoa da Iruñean. Eskariak aurreko legegintzaldian egin zuen gora, Joseba Asiron (EH Bildu) alkate zenean; bikoiztu egin zen, zehazki, euskarazko haur eskola kopurua hiriburuan: lehen bi ziren, eta lau jarri zituzten. Denera, halere, hamasei haur eskola daude Iruñean. Hamasei horietako 11 udalarenak dira, eta bertze bostak, berriz, Nafarroako Gobernuarenak.
Orain arte, beraz, Arrotxapeko eta Txantreako bi haur eskoletan, Donibanekoan eta Printzearen Harresiko zentroan izan da euskaraz ikasteko aukera. Azken bi horietan, baina, egoera “progresiboki” aldatuko dela erran du Enrique Maia Iruñeko alkateak: hiru urtez pasatuko dituzte Donibaneko eta Printzearen Harresia eskolak euskarazko eskaintzatik gaztelania hutsekora; ondorioz, 2022-2023 ikasturterako, ez litzateke euskarazko hezkuntzarik egonen hiriburuko bi haur eskola horietan.
Arrotxapeko Goiz Eder eta Txantreako Izartegi eskoletan baino ez da euskarazko eskaintzarik izanen. Udalak aurreko legegintzaldian egindako bidean atzera egin du Maiak, beraz; hagitz atzera, Izartegi izanen baita euskara hutseko eskola bakarra, Navarra Sumak egin nahi duen aldaketa gauzatzen denean. Goiz Eder eskolan, berriz, eskaintzaren erdia izanen da euskarazkoa, baina bertze erdia gaztelaniazkoa, ingelesezko jarduerekin.
Eskubidea
Euskalgintzak argi du eskaintza hori ez dela nahikoa, eta horregatik deitu zuen larunbateko elkarretaratzera. Haur eskoletako gurasoek eta LAB, ELA eta Steilas sindikatuek ere egin zuten bat deialdiarekin. Ehunka lagunek egin zuten protesta, euskaraz bizitzeko asmoa dutela aldarrikatzeko: “Gure eskubidea delako, bai, baina eleaniztasunera salto egiteko elebitasunak eskaintzen dituen abantailengatik ere bai. Euskaldunok Iruñean ikusezin, hutsaren hurrengo nahi gaitu UPNk”.