Uxue Rey Gorraiz
Energia nuklearraren kontra eginiko protesta baketsu batean, Guardia Zibilak Gladys del Estal hil zuen, tiroz. 1979ko ekainaren 3an izan zen, Tuteran. Egun hartako gertakariak eta mugimendu antinuklearrak Euskal Herrian zein nazioartean izan zuten rola bildu dute 66 minutuko dokumentalean. Bertha Gaztelumendi (Irun, 1962) da zuzendaria, eta lana garaile izan da Argia Sarietan.
Nola jaio zen gai horren inguruko dokumental bat egiteko ideia?
Ideia Sabino Ormazabalena izan zen hasieratik. Berak proposatu zidan filma egitea. Bidea aspaldi hasi genuen, orain dela hiru urte egin baikenituen lehenbiziko grabaketak, Lemoiz inguruan, eta duela urtebete erabaki genuen proiektuari buru-belarri ekitea. Elkarrizketen eta grabaketen lan mardularen ondoren, udan egin genuen muntaketa lana. Hala, emaitza Gladysen hilketatik berrogei urte pasatu diren honetan estreinatzea lortu genuen, 2019an.
Hilketaren egunean gertatutakoa kontatzea da asmoa?
Hori du ardatz edo interesgune nagusi, bai, baina Gladys lurra eta ingurumena defendatzen ari zela hil zuten, eta, ezinbestean, zentral nuklearren aurkako borrokari buruz mintzatu gara filmean. Oso mugimendu plurala zen, sormen handikoa. Manifestazioak eta protestak egiteko modu berri bat sortu zuten garai hartan. Desobedientzia zibilak rol handia jokatzen zuen, antimilitarismoarekin ere harremana zuen batzuen kasuan… Diskurtso desberdin asko biltzen zituen mugimendu bat zen. Mugimenduan parte hartu zuten 33 ahots jaso ditugu.
Zergatik narrazioa barrenetik egiteko hautua?
Gidoi bat diseinatzeko orduan, beharrezkoa da hainbat erabaki hartzea: zer kontatu eta noren ahotik, gure kasuan. Erabaki genuen borroka horretan parte hartu zuten horiek izango zirela protagonistak. Dena dela, barrutik kontatu dugu, baina Euskal Herriko mugak zeharkatu, eta kanpora ere atera gara ahots horien bila. Danimarkan, Anne Lund elkarrizketatu genuen, hain zuzen; Ez, eskerrik asko! logotipoaren egilea da. 70eko eta 80ko hamarkadetan, mugimenduak garrantzi handia izan zuen hemen, baina baita nazioartean ere.
Zer jarrera erakutsi dute dokumentalean aditu daitezkeen 33 ahotsek?
Hasieratik oso prest agertu ziren parte hartzeko. Azken finean, bistan da mugimenduaren parte zirela eta konpromiso handia erakusten dutela gaiarekin. Pozik agertu ziren, kontatu ez zena kontatzera gindoazelako nolabait. Horrela, askotariko ahots sorta bat lortu dugu, eta esan daiteke milaka film biltzen direla pelikula bakarrean.
Zer xede erdietsi nahi ditu dokumentalak?
Omenaldi, aldarrikapen eta transmisiorako tresna gisa funtzionatzea dugu helburu. Testuinguru konplexu hartan zer gertatu zen kontatu, eta urteetan ezkutatu izan dena argitara ekarri nahi izan dugu. Baina helburu nagusia Gladys del Estal estatuko motibazio politikoko biktima bat dela aldarrikatzea da. Horixe baita, askok hala ikusi nahi ez badute ere.
Zer aitortza egin diote instituzioek Del Estalen kasuari?
Estatuko instituzioek bizkarra eman diote erabat. Ez dute sekula onartu gertatutakoa. Hemen, gurean, bai. Urtero egiten dira omenaldiak hilketaren urteurrenaren bueltan, eta Egiako auzokideek ekitaldiak prestatzen dituzte. Hantxe da Gladys Enea parkea, esaterako. Iaz, bestalde, Gladys gogoratu zuten Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Adiorik gabe izeneko ekitaldian. Estatuak, ordea, ez du halakorik egin berrogei urtean, eta ez da bidezkoa. Gladys del Estalek eskubide osoa du biktimatzat har dezaten, eta bere hurbilekoek behar bezalako erreparazioa merezi dute. Justiziarik ere ez da izan kasuaren inguruan.
Zergatik da hain garrantzitsua gaur egun gogoratzea?
Oso inportantea da gizarteak ez ahaztea eta bizirik mantentzea. Hori ere gertatu zelako, eta hori ere kontatu behar delako. Askotan errepikatu da halakorik: gauza batzuk kontatu egiten dira, eta beste batzuk, isilarazi eta ezkutuan gorde. Kasu batzuk gogorarazi egiten dizkigute, baina beste batzuk oroimenean gordetzen ditugu soilik, ahal bezala. Asko ikasten da iragana orainera ekarrita, eta garrantzitsua da etorkizunera ere eramatea.
Gazteek ezagutzen dute Gladys del Estalen istorioa?
Ez dute inondik inora ezagutzen gertatutakoa. Irudipen hori dut nik behintzat. Helduok horren berri izatea normala da, garaikideak baikara, baina kontu urruna da belaunaldi berrientzat, eta ez nau guztiz harritzen. Kontatu ez den istorio bat da, eta horregatik kontatu nahi izan dugu guk.
Gazteei ere mintzatu nahi izateak badu eraginik azken emaitzan?
Bai. Narrazio ulergarri bat izan dadin saiatu gara; ulerterraza, ez bakarrik guretzat, baita atzetik datozenentzat ere. Erritmo bizia eman nahi izan diogu, kontakizun dinamiko bat egin. Erronka handia izan da, gai asko ekarri nahi genituelako argitara filmean, baina narrazioa gehiegi zamatzeak ez luke zentzurik egungo kontsumo joeretara egokitu nahi bagenuen. Emaitza ikusita, uste dut helburua bete dugula. Harrera oso positiboa izaten ari da.
Berrogei urte joan dira: zertan dira antzekoak orduko mugimendu antinuklearra eta egungo klima aldaketaren kontrakoa?
Borrokatzeko modua asko aldatu da, baliabideak beste batzuk direlako, bereziki. Halere, funtsean harreman estua dute bi mugimenduek, orduan izan zirelako ekologiaren lehen pausoak. Beste izen batzuk jartzen zitzaizkien gauzei, ekologia izena nahiko ezezaguna zen orduan, baina mugimendu antinuklearra ekologia modernoaren aurreko zuzena da. Klima aldaketa mundu osoko arazoa da, eta halakoa zen zentral nuklearren mehatxua ere. Egun, bistan da erronka handia dugula aurrean, eta kontzientzia behar da aurre egiteko; bestela, jai dugu.