Iritzia: Greba ez hain orokorra

Iritzia: Greba ez hain orokorra

Amets Aranguren Arrieta

Lan, pentsio eta bizitza duinen alde, urtarrilaren 30ean greba orokorrerako deialdia”.

Urtarrilak 30, ea… bale, osteguna. Kontserbatorioan azterketak, esanen diot estetikako irakasleari ea beste talderen batekin egiten ahal dudan azterketa. Gero haurren eske joan behar dut eskolara, mmm… idatziko diot haien aitari esateko greba eginen dudala eta ezin izanen dudala joan. Arratsaldean klase bat ematekoa naiz.

Ea, ba, hau baldin bada klase bakoitzagatik kobratzen dudana, kalkulatzen dut greba egiteagatik beste hau kenduko didatela eta X gutxiago kobratuko dudala. Joan den asteko itzulpenagatik X ordainduko didate (bueno, agian pixka bat gutxiago, eskatu zidana laguna baita), gehi haurrak zaintzeagatik beste X, kolaborazio bat hemen eta bestea han, X gehiago, eta ekimen honetan parte hartzeagatik ere, X. Hilabete honetan, alokairuaz gain, aparteko gastuendako ere gorde beharko dut ohi baino pixka bat gehiago, egunotan piztu baitugu berogailua. Beraz, X+X+X+X-X=Y.

Ez, ez dit ematen.

Antzeko zerbait pasatzen zaio Amaiari. Musikologoa da. Karrera bukatu du duela urte pare bat, eta masterrarekin dabil orain. Gurasoen etxetik alde egin, eta lan bila hasi zen hilabete batzuk atzera. Biolin klase partikularrak ematen ditu, eta bost ikasle ditu, bost ordu astean. Eguerditan eskola bateko jantokian egiten du lan, zerbitzari. Eta, noizbehinka, deitzen diotenean, Pirinioetara joaten da asteburu-pasa, mendi-aterpean lan egitera. Beste plurienplegatu bat lanak ikasketekin uztartzen dituena.

Anderrek ere emantzipatu nahiko luke, eta ekonomikoki gurasoekiko independente izan, baina ABLEtik (Aldi Baterako Laneko Enpresa) ABLEra dabil, hemendik bi hilabetera lana izanen duen ala ez ez dakiela. Askotan, gainera, lanean hasteko esperientzia eskatzen diote, baina esperientzia hori lortzeko lana behar du, hau da, esperientziarik ez duenez lanik ez eta lanik ez duenez esperientziarik ere ez. Eta horrela, gurpil infinituan sarturik, buelta eta buelta berriz ere.

Duela bizpahiru urteko datuek ziotenaren arabera, 30 urtekoa da batez beste Hego Euskal Herrian emantzipatzen diren gazteen adina; 23 urtekoa, aldiz, Ipar Euskal Herrian. Lanaren alorrari dagokionez, historia osoan aurreko belaunaldia baino okerrago biziko den lehen belaunaldia omen gara egungo gazteok. Ez dut zalantzarik. Nor bizi zen 30 urterekin gurasoen etxean duela 20-30 urte?

Amaiak, Anderrek eta hirurok ezin izan genuen greba egin 30ean, biren kasuan egun batean lanera ez joateagatik galdutako diruak kolokan jartzen baitzuen hilabete honetako gastuei aurre egin ahal izatea, eta bestearen kasuan lana mantendu edo galtzearen arteko aldea baitzegoen greba egin eta ez egitearen artean.

Izan dezagun buruan Eibarko manifestazioan greba egin ezin izan zuen jendeari aitortza eginez osatu zuten hutsuneko jende hori guztia, eta balio dezala besteen istorioa ezagutu gabe inoren hautu eta erabakiak epai ez ditzagun.

Gehienetan greba egin nahi duen jende batek greba egin ezin izatea baita, hain zuzen ere, grebak salatzen zuena.