Mahai gainean da auzigaia

Mahai gainean da auzigaia

Edurne Elizondo

Antolatzaileak ere ezustean hartu ditu Iruñeko kaldereroen bestari buruz egindako mahai inguruak piztu duen jakin-minak. Herritarrek lepo bete dute Kondestablearen jauregiko bigarren solairuko bederatzigarren gela; jende gazteak egin du bat, batez ere, Ricardo Hernandez (Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo Federazioa), Bea Villahizan (SOS Arrazakeria) eta Txekun Lopez Aberasturi (EH 11 Kolore) hizlariek errateko dutena entzutera. Saioaren izenburuak eman die edukiari buruzko lehen pista: Kaldereroak: Iruñeko blackface?

Beltzak irrigarri bilakatzea helburu duen jarduera bat da blackface izenekoa, Afrofeminas komunitateak afrofeminas.com bere webgunean jasotako informazioaren arabera. Ameriketako Estatu Batuetan du jatorria, XIX. mendean. Garai hartan, aktore zuriek aurpegia margotzen zuten antzezlanetan beltzak irudikatzeko, eta hortik dator izena. Iruñeko saioaren antolatzaileek mahai inguruari jarri dioten izenburuak, beraz, azaltzen du solasaldiaren asmoa, eta Hernandezek eman dio galderari lehen erantzuna: “Ijitook ez gara eroso sentitzen kaldereroen bestarekin. Zergatik ez dugu parte hartzen? Ez dugulako gure sentitzen”.

Gaz Kaloko kideak onartu du “aspaldi” hasi zela gaiari buruz gogoeta egiten. Bertze ijitoekin hitz egin zuen, lehendabizi; gero, Villahizan, Lopez Aberasturi eta gizarte mugimenduetako bertze hainbat ekintzailerekin. Mahai inguruarekin, azkenean, Hernandezek bere kezkak zabaltzeko urratsa egin du. Batetik, bertze ijito anitzenak ere badirelako, eta, bertzetik, auziaren inguruan gogoeta egitera deitu nahi dituelako herritarrak. Iruñean ez ezik, Lizarran eta Beran ere egiten dute kaldereroen besta, bertzeak bertze.

Hernandezek gogoetarako asmoarekin lotu du besta hori bere testuinguruan jartzeko beharra, eta, testuinguru horretan, bi elementu nagusi nabarmendu ditu mahai inguruan: batetik, ijitoen historia, eta, bertzetik, ijitoen gaur egungo egoera. Bigarren elementu horri buruz, SOS Arrazakeriako Bea Villahizanek esaldi batean laburbildu du kontuan hartu beharreko gako nagusia, hain zuzen: “Gizarte arrazista batean bizi gara”.

“Urtean egun batez ijitoen arropa janzten dute payo-ek, baina horren atzean zer dagoen ezagutu gabe”. Eta herri bat dago atzean. Hori nabarmendu du Gaz Kalo federazioko kideak: ehunka urtez bazterketa sufritu duen herri bat da, gainera, ijitoena, eta hori ezin da ahaztu herri horren inguruan besta bat antolatzen denean. “Payo-ek ijitoarena egiten dute egun batean, eta gainerakoetan herri hori baztertu egiten dute”, erran du Ricardo Hernandezek. “Kultura bat elementu gutxi batzuen bidez adierazten dugunean, gauza bilakatzen dugu”, erantsi du Villahizanek.

Hamar milioi pertsona

Horregatik berretsi du Gaz Kaloko kideak ezagutzeko beharra: ijitoen historia eta egun bizi duten egoera ezagutzeko beharra, alegia. Hernandezek Villahizanen hitzak gogoratu ditu: “Arrazista da egungo gizartea, eta ijitoen aurkako jarrera ere badu”.

“Ez gara gu eta bertzeak; denak gara gizartearen parte”. Gaz Kaloko kideak duela urtebe erran zituen hitzok, Nafarroako Gobernuak Ijito Herriaren Garapenerako Estrategia aurkeztu zuenean. Ijitoek Indian dute jatorria, baina Greziara eta Turkiara ailegatu eta gero bilakatu ziren herri. “Europako gutxiengo etniko gutxituetan zaharrena eta ugariena da ijitoona; hamar milioi pertsona gara”, azaldu du Hernandezek. Hamar milioi horietatik bi dira kalderash: ijito talderik handiena da, eta kaldereroen bestaren jatorrian dagoena.

Nafarroara XV. mendean ailegatu ziren ijitoak. Eta, hala eta guztiz ere, gizarteak bertzeen multzoan sartzen ditu oraindik ere, Hernandezek duela urtebete salatu zuenez. Muga hori ez da desagertu. Kaldereroen gisako bestetan gertatzen dena adibide bat bertzerik ez da. EH 11 Kolore elkarteko kide Txekun Lopez Aberasturik nabarmendu du bestaren funtzio nagusia dela “identitate kolektiboa eraikitzea”. Hernandezek argi utzi du kaldereroen besta ez dutela propiotzat. “Helburu horretan huts egin du”, azaldu du Lopez Aberasturik. Gogoeta eskatu du hark ere.

Gogoeta. Hitz hori aipatu du, behin eta berriz, Hernandezek. Argi utzi nahi izan du auzia mahai gainean jartzeko urratsa egin izanak ez duela erran nahi besta bertan behera utzi nahi dutela. Xedea da, nagusiki, ijitoek ere besta hori propio sentitzea. Bertzela ez baita besta. “Miamiko frontoietan toreroen irudiak agertzen dira pilotarien irudien ondoan; Euskal Herriaren inguruko besta egin, eta horrela irudikatu balute, zer sentituko zenukete?”, galdetu du Hernandezek.

Gakoa zera da: bertze batek erabakitzen duela herri baten eta kultura baten irudia zein den eta nola azaltzen den. Eta, horrekin batera, erabakitzen duen horrek baztertu egiten dituela ordezkatu nahi dituen herria eta kultura.

Horri buruzko gogoeta bultzatu nahi du Gaz Kalok. Lehen iritziak saioan jaso dituzte elkarteko ijitoek: “Nik maite dut kaldereroen besta; maitasun osoz parte hartzen dut, eta ijitoak deitu nahi ditut bat egitera”, erran du entzuleetako batek. Hernandezek erran du, baina, egungo ereduarekin ez direla eroso sentitzen, hasieratik. Iruña taldeko kideek ere parte hartzen dute bestan, eta haietako batek baiezkoa eman dio Hernandezen eskaerari. “Gogoeta eginen dugu”. Hori nahi dute Gaz Kalo federazioko ijitoek.