Patinen gainean, aske

Patinen gainean, aske

Edurne Elizondo

Sortu zeneko mamiari eutsi dio roller derbyak, eta askatasun espazio bat izan nahi du kirol horrekin bat egiten duten guztientzat, oraindik ere; gizarteak arau bilakatutako ereduez harago, bazterrean gelditzen den errealitateari ere egin nahi dio so roller derbyak, kirolariak patinen gainean ahalduntzeko.

Ez da ohiko kirol bat, eta, kirolaz harago ere, badu zer erran. Herrialdean, Iruñeko Nafarriors taldea da roller derbyaren espirituaren ordezkari, eta bertze hamalau talderekin batera, Liga antolatu du aurten.

1930eko hamarkadan du jatorria roller derbyak, Ameriketako Estatu Batuetan. Emakumeak aritu dira, batez ere, hasieratik. 40 urtez arrakasta izan zuen, eta txapelketak oso sonatuak izan ziren; haatik, gainbehera izan zuen. Baina errautsetatik biziberritu, eta gora egin du berriz. Euskal Herrira ere ailegatu da, eta ari da bidea egiten.

Arauak argiak dira: irristaketa pista batean jokatzen dute hamar pertsonak; bostek talde bakoitzeko. Talde bereko lau lagun batera jartzen dira hesi bat eginez, kontrako taldeko puntu-egilea (jammer) ez pasatzeko; aldi berean, haien taldeko puntu-egileak aurrera egitea ahalbidetu behar dute. Horretarako, lasterketak, bultzadak, blokeoak eta estrategia dira beharrezkoak. Eta hori guztia gurpil gainean.

Ikusgarria eta erritmo biziko kirola da roller derbya, baina ez die jokalariei mugarik jartzen parte hartzeko. Izan ere, haren oinarri nagusietako bat da edozeinek egiten ahal duela bat kirol horrekin. “Arautik kanpo dauden gorputzez osatutako kirol bat da gurea; pertsona trans eta ez-binarioak aritzen dira, eta emakume edo bolleren gorputz argal edo gizenek ere badute tokia”. Maia Ansa Diez de Urerenak dira hitzak. Duela urte eta erdi egin zuen bat Iruñeko Nafarriors taldearekin, eta ez du zalantzarik: “Proiektuak maila pertsonalean eta politikoan asetzen nau”.

Autogestioaren alde

Aurten martxan jarri duten Roller Derby Ligan ari diren hamabost taldeetako bat da Nafarriors. ARDE izeneko elkartea sortu dute talde horietako jokalari batzuek, eta autogestioaren alde egin dute Liga antolatzeko. Nafarriors taldeko jokalariek urtarrilaren 25ean izan zuten lehen partida, Insubmises Roller Derby Reus taldearen aurka. Porrot batekin hasi dute sasoia, baina martxoaren 14an izanen dute errebantxarako lehen aukera, Bartzelona Roller Derby taldearen aurkako bigarren norgehiagokan.

Garaipena, halere, ez da Nafarriors taldeko kideen helburu nagusia. Patinen gaineko jokoaren bidez, “taldea indartu, ikasi eta gozatu” nahi dute, batez ere. Ikasteko prozesu horretan, roller derbyaren lehendabiziko urratsak gogoan izateko beharra nabarmendu dute jokalariek. “Roller derbya sortu zenean, emakumeak aritzen ziren, gainerako kirol espazioetan sartzea debekatzen zietelako. Beren lasterketa propioak antolatzen hasi ziren egoera horri aurre egiteko”, azaldu du Ansa Diez de Urek. Kirol horren bidez, egunerokoak ezartzen zizkien mugak apurtzen zituzten emakumeok, eta patinen gainean korrika eginez azaleratzen zuten muga horiek eragiten zieten amorrua.

Pistan, nolabait, beren alter ego-a eratzen zuten emakumeek, gurpilen gainean. “Hortik dator roller derby taldeko jokalarion derby name edo ezinena”, kontatu du Nafarriors taldeko kideak. Ansa Diez de Urek ere badu berea: patinak janzten dituenean, Gata Tangana bilakatzen da patinatzailea.

Karrikan aurkitutako kartel baten bidez izan zuen jokalariak Nafarriors taldearen berri. “Emakume ausartak behar zituztela jartzen zuen, eta berdin zuela patinatzen jakin edo ez”. Ansa Diez de Urek bitan baino ez zituen patinak jantzi, taldearekin bat egin aurretik. “Roller derbyaz deus ere ez nekien. Baina harrera beroa egin zidaten, hasieratik”.

Talde izaera horrek duen garrantzia berretsi du Nafarriorseko kideak, eta, horrekin batera, zaintzak taldean duen balioa. “Jokalari berri bat sartzen denean, beteranoetako batek babespean hartzen du, nolabait, prozesuan laguntzeko”.

Ezaugarri horiek berezi bilakatzen dute taldea, eta ekartzen dute kideen konpromiso handia. “Taldeko kide izan direnek eta orain garenok lortu dugu dugun guztia; inork ez digu deus oparitu. Horrek eman digu egun dugun indarra eta babesa”, nabarmendu du Ansa Diez de Urek.

Gorabeheraz betetako bidea izan da azken bost urteotakoa, baina oinarri sendoa lortu du taldeak jada. Hamahiru jokalarik osatzen dute, baina bertze hainbat pertsona aritzen dira taldea laguntzen, eta, denera, hogei lagun inguruko komunitatea osatzen dute.

Ezkabarten entrenatzen dira Nafarriors taldeko kideak, astean bitan. “Partida baten atarian, gehiago”. Nafarriors martxan jarri zuten kideek zailagoa izan zuten hasierako bidea, eta hastapeneko entrenamenduak karrikan egin behar izaten zituzten. Zailtasunak zailtasun, ez zuten etsi, halere.

Ligan ari diren taldeen arteko harremana ere hagitz ona dela azaldu dute jokalariek, eta elkar laguntzen saiatzen direla beti, beharra dutenean. Kanpoan inor ez uztea baita kontua. Taldea osatzea. Gozatzea. Patinen gainean askatasun espazioak sortzea.