Uxue Rey Gorraiz
Mendiko botak oinetan eta aitzurra eskuan, ehunka lagun bildu ziren joan den larunbatean, Ezkaba mendian gora egin eta bertan ezkurrak ereiteko. Landaretza askorik gabeko guneak basoberritzeko deialdi bat egin zuen Basoberri elkarteak Iruñeko Udalaren laguntzaz. Hirurehun boluntario inguru aritu ziren lanean, eta hiru mila ezkur baino gehiago erein zituzten denen artean, gerora haritzak eta arteak haz daitezen.
Hala, Basoberri elkarteko kideek beren aletxoa jarri dute Nafarroan, Espainiako estatuan abian den egitasmoan; ezkurrak ereiteko La gran bellotada ibérica (Ezkurkada iberiar handia) izeneko erronkari heldu diote, hain zuzen. Anbizio handiko helburuak ezarri dira bertatik: epe luzera, estatuan 25 milioi ezkur ereitea dute xede. Oraingoz, hiru milioira iritsi dira. Presarik ez da oraindik hori erdiesteko, baina ari dira pixkanaka: Nafarroan, Faltzesen eta Orba ibarrean ere egin dituzte halako ateraldiak, Ezkabako ereinaldiaren aurretik.
Mikel Baztan Basoberri elkarteko kidea da, eta koordinazio lanetan aritzen da horrelako ekintzak antolatzeko: bai ezkurrak ereiteko, baita aurretik haziak biltzera joateko ere. Joan den larunbateko ekinaldiaren gisakoek helburu anitz dituzte, bere esanetan: “Gure ekosistemak berritzeko balio du, iraungo dutela ziurtatzeko”.
Ezkurrak ereinda, hariztiak eta artadiak sortu nahi izan dituzte Ezkaban, horiek baitira, adituek diotenez, eremura hobekien moldatuko direnak. “Inguruan dagoen landaretza nolakoa zen aztertzen dugu lehenbizi, arrotzak diren espezieak ekartzeak ez lukeelako inolako zentzurik”, azaldu du Mikel Baztanek.
Ezkurretik datozen espezieak “oso esker onekoak” direla aipatu du, gainera, ereindakoan ez baitute lan handirik behar. “Pazientzia eskatzen du, motel hazten baitira, baina merezi dute erabat”, esan du.
Urteak beharko dira emaitzaz gozatu ahal izateko, baina harizti eta artadi mardulen gerizpeak izanen dira orduan nagusi orain soildurik dauden Ezkaba mendiko gune horietan. Hala ere, Basoberri elkarteak mehatxuei ere erreparatu die ereitea antolatzeko garaian. Izan ere, baliteke ekosistema horretan bizi diren animaliek jatea ezkur horiek, eta neurriak hartu dituzte bermatzeko hori gertatuta ere arbolak haziko direla: zulo bakoitzeko, hiru ezkur sartu dituzte.
Dena dela, Baztanek argitu du ekosistemak “arbolak baino askoz gehiago” direla, eta zuhaixken eta soroen garrantzia nabarmendu du. “Mosaikoak eratzen saiatzen gara, nolabait, denak direlako inportanteak. Laharrak ere landatzen ditugu, eta elorriak, orkideak…”, gehitu du. Izan ere, bioaniztasuna bultzatzea eta babestea da Basoberri elkartearen helburuetako bat.
Hiru urte dira elkartea eratu zela. Ez zen ezerezetik sortu, ordea; izatez, Ezkaba mendian bertan egindako beste jarduera batetik jaio zen taldea ofizialki sortzeko erabakia. “Ezkurrak ereiteko deialdia egin genuen hartan ere, eta ehun bat lagun bildu ginen. Hain harrera ona zuela ikusita, proiektu gehiago aurrera eramateko aukera ona izan zitekeela pentsatu genuen”. Garai hartan, Mikel Baztan Iruñeko Udalarentzat ari zen lanean. Taldea sortu denetik, hainbat eta hainbat ateraldi antolatu dituzte Nafarroan, eta sare sozialak baliatuta animatzen dute jendea parte hartzera. “Denbora honetan, elkartea osatu aurretik bakarka edo talde txikitan aritzen zen jende asko ezagutu dugu, eta bat egin dugu, helburu bera genuela ikusirik”. Sare bat osatu dute, eta, jarduera bakoitzean parte hartzen dutenen kopurua oso finkoa ez bada ere, eragitea lortzen dute beren xumean.
Datorrenari aurrea
Tamalez, dagoeneko ez dago erlojuari aurrea hartu beharrik klima aldaketak zer eragin izango dituen jakiteko. Inguruko mendietan eta basoetan antzematen hasiak dira lehen ondorioak bederen; batez besteko tenperaturak gora egin izanak, oraindik gutxi izanagatik ere, zabaltzen laguntzen die landareen plaga eta gaixotasunei. Halaxe azaldu du Baztanek: “Pinu beldarrak, esaterako, edonon daude orain. Lehenago ez ziren eremu altuetara iristen”. Horrelakoak, gainera, datorrenaren lehen zantzuak baino ez dira, haren ustean.
Ikerlariek argitaratutako aurreikuspenak “benetan beldurgarriak” direla dio, eta zeharo itxuralda daitezkeela Nafarroako basoak. “Kontuak hala jarraitzen badu, pagadiak desagertzeko zorian egon daitezke hemendik hogei edo hogeita hamar urtera, eta gauza bera gertatuko zaie hariztiei, edota mendi altuetako landaretza osoari ere”.
Ondorio lazgarri horiek saihesteko lanean jardun beharra nabarmendu du Baztanek. Horretarako, nork bere eguneroko ohiturei erreparatu beharko die, baina Basoberri elkarteak antolatutako jarduerek ere ekarpen handia egiten dute helburu hori erdiesteko bidean. “Haziak ereinda, karbonoa xurgatuko duten landare gehiago edukitzea lortuko dugu”. Berotegi efektua murriztuko da horrela, eta klima aldaketa geldiaraziko. Hori da, behintzat, helburu nagusia.