Iritzia: Berrosatu, iraun, bizi

Iritzia: Berrosatu, iraun, bizi

Lur Albizu Etxetxipia

Duela pare bat aste ekarri zigun BERRIAk azalera, Ion Orzaizen erreportaje batean: “Azken ikerketek zurian beltz azaleratu dute arazoa: jendez husten ari dira Nafarroa ekialdeko Pirinioak”. Argi bila omen dabiltza Pirinioak. Beste eskualde batzuk ere (ez neurri berean, baina) odoluste motel baina iraunkor horren parte dira. Herriak hustu, hiria bete; herriak aisialdirako espazio huts bilakatu, hiriak egunerokorako toki; herrietan ezin ikasi, ezin lan, ezin bizi; hirietan aukera gehiago (bizirauten jarraitzeko).

Nafarroa ez dago bakarrik Iruñerrira bideratua. Beste eskualdeak isolatzera bideratuta dago, ikusezin bilakatzera. Garraio publikoa duela hamarkada batzuetako berdina da; are gehiago, okertu egin da, eta, trenari dagokionez, etorkizun beltza daukagu, norabide honekin jarraitzen badute. Herriak tren-geltokiak galtzen. Ibilbideak husten. Ordutegi eskasak, txarrak, garestiak.

Ez da erraza herrietan bizitzea. Iruñearekiko dependentzia ere gero eta handiago bilakatzen ari da (edo dependentzia hori egonkorra den heinean, gero eta ondorio lazgarriagoak ditu). Lanerako, bizi ahal izateko, bizirauteko espazio. Ikasi ahal izateko toki. Herrira bizitzera joatea, batzuentzat, abentura bat da: egunerokoan malabareak egitearen artea, leku batean sustraiak izan eta beste batzuekin dantzan aritzea.

Herriak ez husteko, bizi-proiektuak bertan eraikitzeko aukerak ugaritu behar dira ezinbestean eta nahitaez. Ez dute partxeek balioko: norabidea behar da, estrategia behar da, apustu konkretuak behar dira eta planifikazioa behar da. Lekuan-lekuan badira proiektuak, bada anbizioa eta bada jendea buru-belarri lanean dabilena, etengabe. Baina baliabide gehiago behar dira; baliabide asko beharko dira, eta konpromiso konkretuak. Benetakoak. Neurriak, bizitzeko, proiektuak egiteko, etxe hutsak betetzeko, herriak bizigarri egiteko, bizi-ereduak garatzeko, ikasi ahal izateko.

Ikasi, bizi eta lan ez da lelo hutsa. Gure bizitzak zeharkatzen dituen zerbait da. Eta gure eskualdeetan eta herrietan bizi nahi dugu. Ditugun arazoak ez dira txikiak. Hiriak bai, baina herriak bereziki etxe hutsez beteta daude; inork ezertarako erabiltzen ez dituen etxez beteta, erortzen ari direnak. Garestiak, konpontzen garestiak, bizitzeko erronka direnak. Ez bazaio gai horri heltzen, herriak eroriko zaizkigu. Herriak-hiria-herriak konektatuko dituen garraio publiko eta duin bat behar dugu, oraingo erridikulua konpontzen hasiko dena. Herriak konektatuko dituen garraioa, ez bereiztera joko duena. Eskolak irekita behar ditugu, zabalik geratzen direnak, behintzat. Gazteei herrietan geratzeko arrazoiak, baldintzak eta bitartekoak mahai gainean jartzea.

Ez du kosmetikak konponduko, ez dute neurri sinbolikoek konponduko. Norabide argia eta bide luzea ditugu aurretik egiteko, guztiok. Baina helburuak egingarria behar du izan: Nafarroa bizia nahi dugu, ez hilzorian dagoen mamua, erdiguneak guztiz jana.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku