Edurne Elizondo
Valentziatik eskatu dioten argazki bat da Bakartxo Aniz Aldasorok (Iruñea, 1977) egin duen azkena. “Martxoaren 8an, natura argazkigintzan ari diren emakumeak jorratuko dituzte institutu batean, eta nire lanaren berri jaso nahi zuten”. 14 urterekin hartu zuen kamera lehendabiziko aldiz; orain, argazkigintza du ogibide (www.bakartxoaniz.com).
Gizonak dira nagusi natura argazkigintzaren esparruan?
Bai. Oro har, gizonak dira toki guztietan nagusi, oraindik ere, eta egoera hori hagitz nabarmena da argazkigintzaren esparruan, bereziki natura argazkigintzaren esparruan.
Emakume gutxi zarete, edo zaila da ari zaretenen berri izatea?
Gutxi gara, eta egiten dugun lana ikusezina da, neurri handi batean. Gizon bati eskatzen zaion baino anitzez ere gehiago eskatzen digute guri gure lana kontuan hartzeko. Ni duela hogei urte baino gehiago hasi nintzen; pixkanaka-pixkanaka egin dut nire bidea, baina zaila da. Lan handia egin behar da.
Amore emateko asmoa izan duzu?
Eutsi diot, argazkigintza niretzat pasio bat delako. Arazoa, batez ere, bertze aldean dago, halere, argazkiak jasotzen dituen publikoan, alegia. Atzean dagoen kontua da egiturazkoa; egungoa gizarte matxista bat dela, alegia.
Mendira bakarrik joaten zara lanera?
Bai. Bertze argazkilariren batekin topo egin izan dudanean, giroa ona izan da, baina nik maite dut bakarrik lan egitea. Bakarrik, mendian errazagoa da niretzat egiten ari naizen lan horretan kontzentratzea. Halere, orain ari naiz proiektu bat prestatzen bertze argazkilari batekin.
Zein da asmoa?
Finlandiara joanen gara, hango fauna eta paisaiak lantzera. Hartzak, otsoak eta jatunak daude, bertzeak bertze. Duela bi urte joan behar nuen, baina bidaia hasi baino astebete lehenago eskumuturra eta hanka hautsi nituen, eta ezin izan nuen joan. Gogo handia dut. Irailean joatea da gure asmoa. Udaberrian argi ordu gehiago izaten dira, baina udazkenekoa anitzez ere argi bereziagoa da, eta horren bila goaz. Zailagoa da lana, baina, ongi eginez gero, emaitza sekulakoa da,
Argazkilari ez ezik, basozaina ere bazara. Biak uztartu dituzu?
Bai. Nik lehendabizi basozain ikasketak egin nituen, baina argazkigintzarako zaletasuna aspaldikoa dut. 14 urterekin hasi nintzen argazkiak egiten aitaren kamera zaharrarekin; 18 urterekin, lehendabiziko kamera erosi nuen. Hamar urtez nire kabuz aritu nintzen ikasten, eta 2004. urtean, azkenean, Donostiako Euskal Argazkigintzaren Institutuan hasi nituen ikasketak.
Zerk bultzatu zintuen urrats hori egitera?
Argazkigintza nire ogibide bilakatzeko gogoak. Saiatu nahi nuen, behintzat, zaila baita. Zure kabuz aritzen zarenean, ikas dezakezunak mugak ditu, eta horregatik erabaki nuen ikasketak egitea, profesionalizatzea.
Lortu duzu argazkigintza ogibide bihurtzea?
Neurri handi batean, bai. Azken bi urteotan batez ere argazkigintza ikastaroak antolatu ditut, eta ongi ari dira funtzionatzen. Helburua da natura argazkigintza naturan bertan jorratzea. Talde txikiak egiten ditut, gehienez ere bost pertsonakoak; hirukoak ere bai zenbaitetan. Nafarroako Gobernuarentzat ere ari naiz lanak egiten. Kontent naiz. Pixkanaka, baina ari naiz.
Pazientzia, hain zuzen, ezinbertzekoa da natura argazkilari batentzat?
Bai. Gerta daiteke lanera ateratzea, egun osoa ezkutalekuan sartuta ematea, eta argazki bakar bat ere ez egitea. Ez da ohikoena, baina gertatzen da. Pazientzia handia behar da, baina ez bakarrik faunaren argazkiak egiteko, paisaiarenak egiteko ere bai. Jendeak uste du zailagoa dela faunarekin lan egitea, baina paisaia baten argazki on bat egitea ez da batere erraza.
Zein da zailtasun nagusia?
Irudi ikusgarri eta on bat bilatzen duzunean, lan handia egin behar duzu. Anitz landu behar duzu argiaren auzia, adibidez. Finean, argia da argazki ororen oinarria. Nik ikastaroetan beti erraten dut argazki baten atzean ezin imajina daitekeen lana dagoela. Kontua ez da kamera hartu eta mendira joatea, ez da hain sinplea.
Asmo zehatz bat dago argazki baten atzean?
Argazkigintza lengoaia bat da, eta argazki orok badu zabaldu nahi duen mezu bat. Bertze kontu bat da zuk zabaldu nahi duzun mezu hori jendearengana ailegatzen ote den. Baina asmoa hor dago beti. Argazkiak astindu egin behar zaitu; ez du zertan ederra izan.
Zein da zure asmoa?
Nire asmoa da naturak duen indarra eta sentikortasuna azaltzea; naturan dagoen arriskua ere bai, batzuetan. Jendeak nik egindako sugegorrien argazkiak ikusten dituenean, adibidez, beldurrarekin lotzen ahal ditu. Finean, espezie orok, edo momentu, argi eta paisaia orok transmititzen du istorio bat, eta kontua da naturak duen hori guztia jendearengana hurbiltzea.
Jendeari ere egin diozu so zure lanaren bidez: Aragoiko (Espainia) herri hutsen inguruan egin duzu Piedras con alma argazki liburua. Nolakoa izan da esperientzia?
Herrikoa naiz ni, hagitz herrikoa. Basozaintzako praktikak egiten ari nintzenean, lankideek herri huts batera eraman ninduten. Ilunabarrean joan ginen, eta anitz ukitu ninduen. Erabaki nuen noizbait eginen nuela herri hutsen inguruko lanen bat. 2006an, argazkigintza ikastaroak amaitu nituenean, ikasketen amaierako lana egin behar nuen, eta aukera egokia zela pentsatu nuen. Azkenean, lau urtez aritu nintzen Pirinioetan gora eta behera, eta lan horren emaitza da liburua. Lan horren bidez, erabat aldatu zait Pirinioei buruzko ikuspuntua.
Zertan aldatu da?
Niretzat Pirinioak ziren natura, fauna, mendiak, eta orain pertsonak ikusten ditut. Herri hutsetako harri horietan ere badago pertsonen arrastoa.
Irakasle ere bazara. Gora egin du zaletasunak kamera digitalen eta sare sozialen aro honetan?
Zaletasunak gora egin du, bai, eta neurri handi batean izan da kamera digitalak gero eta eskuragarriagoak direlako. Arazo bat ere sortu du horrek, kamera bat duen edonork uste baitu argazkilaria dela. Ezin dugu ahaztu argazki bat ez dela bakarrik klik egitea. Natura argazkigintzaren esparruan, funtsezkoa da argazkilariok dugun kode etikoa, eta horrek erran nahi du bertze edozer gauzaren gainetik dagoela argazki bilakatu nahi dugun animalia, paisaia edo landare hori.
Teknologia anitz aldatu da; argazkia ere bai?
Nik uste dut ezetz. Egia da batzuek gehiegi editatzen dituztela argazkiak, baina hori sumatzen da, zorionez. Kamera digitalek dirua aurreztu digute, baina denbora kendu digute, bertzalde. Aukera anitz eskaintzen dute, baina jakin behar da kudeatzen. Ni orain hasi naiz droneekin lanean, betiere kontu handiz eta errespetuz. Baina aldaketa horiek guztiak gertatu arren, argazkia, funtsean, ez da aldatu.
Irudia: Bakartxo Aniz Aldasoro.