Naiara Elola
Zaila. Sarritan oso zaila izaten da familia eta lana uztartzea. Hil bukaerarako sosa iritsiko bada, lana egitea ezinbestekoa da, nahi edo nahi ez. Harreman sareaz gain, kontziliazioa gauzatzerakoan haur eskolak zerbitzu zinez eraginkorra dira haur txikiak ditugunontzat. Gogoan dut behin hezitzaile batek esandakoa: “Haur eskolak ez dira, askok uste duten bezala, haurrak traste zaharrak balira bezala uzteko tokiak; haurrak, oso txikiak izanagatik ere, hezi egiten ditugu”. Hala ere, heziketa hori zer baldintzatan gauzatzen den dago gakoa.
Gure etxean, uda amaieran piztu zen alarma gorria. Hamar hilabeteko txikia haur eskolan hastearekin batera. Hezitzaileak zalantzan jarri ezin den borondate ona izan arren, 1-2 urtekoen gelaren egoera larritzeko modukoa zen. 22 haur, negar batean, ia kontsolamendurik gabe. Haiei laguntzeko bi hezitzaile besterik ez, bata lanaldi osoz, bestea, aldiz, erdiz. Bakoitzak altzoan bost-sei ume zituztela hasten zuten lanaldia. Erotzeko modukoa zen goizaren hasiera.
Egoera horren erantzulea nor den galdetuta, pare bat datozkit burura. Alde batetik, Nafarroako Gobernua. 2007an parlamentuan onartutako foru dekretuak ezartzen du haur eskola publikoetako hezitzaile bakoitzak izango duen haur kopurua. 0-1 urteko zikloan, zortzi haur hezitzaileko; 1-2 urtekoan, hamabi, eta 2-3 urteko zikloan, aldiz, hamasei.
Lege hori egin zutenen borondate ona ez dut nik zalantzan jarriko. Baina komenigarria litzateke haur eskola batetik pasatzea. Izan ere, heziketa eredu aitzindarienak ere alferrik dira, haurren ongizatea bermatzerik ez badago. 22 haur bi hezitzailerekin daudenean, nahikoa lan bada guztiak ikasgela batean kontrolatuta izaten. Arreta pertsonalizatuarena, haur bakoitzaren garapen erritmo ezberdinei errespetua, haurren deskantsua eta gainerako printzipioak beste plano batean utzi behar, halabeharrez.
Haurren egoera larri horren aurrean, haur eskoletako langileak ez daude isilik gelditzeko prest. Izan ere, haien lan baldintzak ere izugarri txarrak dira. Gauza bakarra eskatu dute: duintasuna. Hori baita Nafarroako Gobernuak abian duen legediak haurrei zein hezitzaileei ukatzen diena. Gure txikiak haur eskolan ia zazpi orduan lorik egiten ez zuelako kezkatuta geundela bildu ginen tutorearekin duela lau bat hilabete. “Pedagogiarik aurreratuena alferrik da haurraren ongizatea bermatua ez badago”, esan genion, haserre. Hori hala dela erantzun zigun, “ahal zutena” egiten dutela. Nik ez dut zalantzarik; ahal dutena baino gehiago egiten dute.
Baina egoera horren aurrean, isilik daude bai Nafarroako Gobernua eta baita udalak ere. Ezin baita ahaztu udalak ere badirela egoera horren erantzule. Baztango Haur Eskola, esaterako, udal zerbitzu bat da, enpresa pribatuen esku utzitakoa, bai, baina udalarena, azken finean. Etorkizuneko gizartea eraikitzeaz arduratuko diren egungo txikien ongizatea dago kolokan; ez dut udalen eta gobernuaren aldetik hori hobetzeko ahaleginik ikusi, eta haur eskoletako haurren ongizatea dago jokoan.