“Iruñeko saioetan badakigu txaloak zintzoak direla beti”

“Iruñeko saioetan badakigu txaloak zintzoak direla beti”

Uxue Rei Gorraiz

Fagota jotzen ikasia da, baina, urteek aurrera egin ahala, Itsaso Loinaz (Iruñea, 1992) izen ona lortzen ari da operaren munduan ere. 2015ean Euskadiko Interprete Gazteen saria irabazi zuen, eta bigarren postua erdietsi zuen 2019ko Vincenzo Bellini nazioarteko sariketan, baita zinpeko epaimahaiarena ere. Clotilderen rola interpretatu du Norma emanaldian, Baluarten.

Nolako esperientzia izan da Belliniren Norma Baluartera ekartzea?

Balio handikoa izan da niretzat. Operaren mundua, orokorrean, musikarena, oso mundu zaila da, eta gutxitan izaten da halako aukerarik. Irudipena dut beti pertsona berberek hartzen dutela parte horrelakoetan. Eskaini zidatenean, ezin nuen sinetsi. Gazteena naiz, eta izugarri miresten ditut nirekin aritu diren denak, urte askotako esperientzia dute eta. Niri ez zegokidan egunetan ere hantxe izan naiz, haien proba saioak ikusi eta haiengandik ikasteko irrikan.

Akustika ez ezik, eszenaratzea ere erronka izan al da?

Kasu honetan, eszenaratzeak mesede egin digu, nahiko estatikoa izan baita. Zuzendariari eta publikoari begira egin ahal izan dut kantuan oro har, eta horrek asko laguntzen du ahotsaren proiekzioan. Beste batzuetan, ordea, sekulako komeriak bizi izan ditugu.

Nola hasi zinen kantuan?

Hainbat faktorek bat egin zuten. Oso gazte hasi nintzen musika ikasten, fagotarekin. Kanpora ere joan nintzen ikastera, baina, lesio batengatik, jotzeari utzi behar izan nion denbora batez. Gainera, bestetik, nire institutuan antzerkigintza lantzen genuen batxilergoko bigarren urtean. Gogoan dut Flauta-jotzailearen erretaula antzeztu genuela ikasturte hartan. Emanaldi musikatua zen, eta eszena batean kantatu egin behar nuen. Aditu zidatenek bide hartatik jarraitzeko esan zidaten, ona nintzela. Eta, halaxe, gauza bat dela bestea dela, interesa piztu zitzaidan, eta kantu lirikoa ikasten hasi nintzen.

Sopranoa zara operan. Zer motatakoa?

Ahotsen sailkapena asko aldatu daiteke herrialdetik herrialdera. Niri soprano liriko arina naizela esan ohi didate. Bel canto-tik hurbilago kokatzen naute, Bellini edo Donizetti konpositoreen adarrean, alegia. Beren lanek arintasun handia eskatzen dute kantuan, eta ahotsa luzitzea da helburua erabat. Orkestrak lagundu egiten du, bigarren plano batean.

Noraino iritsi nahi zenuke operaren munduan?

Giacomo Puccini da nire konpositorerik gustukoena, baina nire ahotsa ez da egokiena haren lanetarako, behintzat orain. Soprano lirikoagoek interpretatzen dituzte halakoak normalean, ozentasun handiagoa izan dezaketen ahotsek. Hala behar du izan, bel canto-aren aldean musika tresnek pisu handiagoa baitute emanaldi horietan. Izugarri gustatzen zait hori, baina emakume helduagoen paperak dira, oro har; ahotsa ere ondu egiten baita urteek gora egin ahala.

Nola hezi behar da ahotsa?

Kantua oso subjektiboa da, eta sentsazioek gidatzen dute dena, nire ustez. Irakasle batek ere bere sentsazioei jarraikiz egiten du lan, eta biziki zaila da sentsazio horiek zureekin bat egitea. Oraindik ez dut aurkitu erabat konbentzitu nauen irakaslerik, eta, horregatik, nire kabuz lantzen dut kantua. Noski, adituen beharra ere badut, eta noizbehinka irakasle batzuekin elkartzen naiz gomendioak jasotzeko.

Kirolariak gorputza sasoian behar du izan. Nola zaindu abeslariak ahotsa?

Bakoitzak bere metodoak ditu, bere beharretara moldatuak. Dena dela, emanaldien aurreko egun edo asteetan bereziki erreparatzen zaio zainketari, jakina. Asko ez dira gauez ateratzen, edozein tabernatan ohi baino altuago hitz egin eta berehala nabaritzen delako hori ahotsean. Orduantxe ohartzen ez bagara ere, ahotsa nekatuta iristen gara gero. Kontuz ibiltzen gara edari beroegi eta hotzegiekin ere, eta ni zapia lepoan ibiltzen naiz beti.

Fagota ikasi izanak nola laguntzen dizu operan?

Arnasketan, batez ere. Azken finean, oso alderdi garrantzitsua da airezko musika tresna bat jotzeko, eta horretan asko lagundu dit. Bestetik, partiturak irakurtzeko eta melodiak barneratzeko erraztasuna dudala iruditzen zait, kontserbatorioan asko landu baitut hori fagota jotzeko. Noiz edo noiz esan izan didate zuzendariek nabaritzen dela kantaria ez ezik musikaria ere banaizela.

Nafarroan nolakoa da operaren afizioa?

Iruñean, hiri txikia izanagatik ere, berotasunez hartzen gaituzte, baina egia da hemen operak ez duela hainbesteko tradiziorik. Beste hiri batzuetan emanaldi gehiago izaten dira urtean; hemen bi besterik ez dira egin. Dena dela, arrakastatsuak izan dira. Pozik gaude.

Eskari urria izan arren, erantzuna ona da, beraz?

Zuzendariek esaten dute Iruñeko publikoa nahiko hotza dela; kosta egiten da txaloak piztea. Baina horrek ez du zertan txarra izan. Izan ere, zerbait bereziki gustatu zaienean, orduan bai, txalo zaparrada jasotzen dute oholtza gainekoek saioan, eta badakigu txalo horiek zintzoak direla beti.

Zergatik joan beharko luke jendeak opera emanaldi batera?

Aukera aparta da emanaldi berean antzerkiaz, musikaz eta kantuaz gozatzeko. Belliniren Norma lan liluragarria da, baina, bestela, operak milaka genero ditu bere barrenean. Gustu kontua da; komediak edo tragediak, antzeztuagoak edo kantatuagoak… denak dira gustagarriak.