Edurne Elizondo
Gizarte osoari egiten diolako mesede: horregatik aldarrikatu dute, Iruñeko Planetarioan egindako jardunaldian, emakumeek zientzian egon behar dutela. Erakunde horrek antolatu du saioa, Nafarroako Gobernuarekin batera. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Berrikuntzako zuzendari nagusi Agurtzane Martinez izan da parte hartu duten hizlarietako bat, hain zuzen, eta nabarmendu du, 2018tik, Zientziaren eta Teknologiaren Foru Legeak ere behartzen dituela erakundeak emakumeak zientziaren bidean jartzeko estrategiak bultzatzera. Martinezek ez du zalantzarik: “Gizarteak ezin du emakumeen talentua bazter utzi”.
Planetarioan bat egin duten gainerako hizlariek mezu bera nabarmendu dute: emakumerik gabe ez dela zientzia onik, alegia. Hankamotz gelditzen baita emakumeen ikuspuntuak kontuan hartzen ez dituen zientzia; bai eta emakumeentzat ari ez den zientzia ere.
Adibide bat aipatu du Gurutze Perezek, NUPeko Emakumea eta Zientzia Katedrako zuzendariak: ” 1,75 garai diren eta 70 kilo pisatzen duten panpinekin egin izan dituzte autoetako segurtasun uhalak probatzeko saioak; ondorioz, istripuetan emakumeak larriago zauritzen ohi dira”.
Emakume eta Neskato Zientzialarien Nazioarteko Eguna da otsailaren 11, 2015. urtetik. Aitzakia hori baliatu dute Iruñeko Planetarioko jardunaldia egiteko. Gisa horretako ekinaldiak eta arreta emakumeengan jartzeko egun bat behar direla uste dute parte hartu duten profesionalek. “Zoritxarrez, lan handia dugu egiteko, oraindik ere. Datuak etsigarriak dira”.
Horixe erran du Agurtzane Martinezek. Eta mahai gainean jarri ditu datu horietako hainbat: neskatoen %7k baino ez dute uste zientzialari izan daitezkeela; Nafarroan, nesken %9-12 ari dira zientzia eta teknologia batxilergoan; Nafarroako Unibertsitate Publikoan, batez bertze, ikasleen %20 dira ingeniaritzetan ari diren emakumeak.
Azken datu hori zehaztu du Perezek: “Informatikan, %10 ere ez dira, eta antzekoa da egoera telekomunikazioetan eta mekanikan. Ingeniaritza biomedikoan, berriz, ikasleen %70 dira emakumeak. Joera aldatzen da zaintzarekin lotzen delako ingeniaritza hori”.
Emakumeen parte hartze eskasa islatzen duten zenbaki hutsez harago doa egungo egoerak behar duen aldaketa; hori uste du ADItech fundazioko proiektuen kudeatzaile Maruxa Aranak. Irabazi asmorik gabeko erakunde pribatu bat da ADItech, eta NUPeko Arrosadiko campusean du egoitza. Aranak nabarmendu du Nazio Batuen Erakundea urratsak egiten ari dela zientzia giza eskubidetzat jotzeko bidean, eta artikuluetako batean jaso duela ezinbertzekoa dela emakumeak zientziara batzea, eta, aldi berean, zientzia emakumeentzat egitea. “Zientziak emakumeon berezitasunak kontuan hartu behar dituela erran du NBEk; hori gertatzen da zientziarentzat gizaki estandarra gizona delako, oraindik ere”. Medikuntzaren arloan egoera hori agerian uzten duten adibide anitz badirela erantsi du Gurutze Perezek: “Ikerketa bat egin dute 700 gaixotasunaren inguruan, eta haietako 699tan emakumeek diagnostiko berantiarra jasotzen dute. Osteoporosiaren kasua da salbuespena”.
Gazteenekin lanean
Karmele Gomezen lanaren helburua da emakumeek utz diezaiotela zientzian salbuespena izateari. Planetarioa du lantoki, baina ez da zientzialari. Horixe argitu nahi izan du, lehenik eta behin, eta kontatu du planetarioan hasi zenean “lotsatu” egiten zutela Publizitateko bere ikasketek.
Laster utzi zituen lotsa eta beldurrak bazter, eta zientziaz gozatzen hasi zen. “Ematen zuen letretakoa izanda ezin zitzaidala zientzia gustatu. Nerabeak garenean zer ikasi hautatu behar dugu, eta ematen du arlo bat aukeratzeak bertzea bazter uzten duela, halabeharrez. Baina ez da egia”, nabarmendu du.
STEM Planeta izeneko programako koordinatzailea da Gomez planetarioan. Haur eta gaztetxoekin aritzen da, zientziarako zaletasuna pizteko asmoz. Saioan aritu diren gainerako profesionalek bezala, Gomezek ere argi du lan handia dagoela egiteko oraindik ere. “Antolatzen ditugun tailerretan izena ematen dutenen artean mutikoak dira nagusi”.
Urratsez urrats egin behar da aurrera, Gomezen hitzetan. Gakoetako bat da, haren ustez, egungo haurrentzat erreferente izan daitezkeen emakume zientzialarien berri ematea. Horretan ari da Maria Beunza, hain zuzen. Enpresa ikasketak egin zituen, baina bertze bat du lan arloa: Innovactoras izeneko ekinaldiaren bultzatzaile da. Zientziaren esparruko emakumeen berri emateko bi liburu argitaratu dituzte jada, eta aurten sari bat emanen dute. Lana badela argi du Beunzak ere. Horregatik ari da; ari dira.