Joxerra Senar
Gaur amaituko da Osasuna auziko epaiketa nagusia. Mailu kolpeen ostean, epaiaren zain geratuko dira 11 auzipetuak. Hilabete eta erdi honetan, mahai gainean jarri dira bost urtean bildutako frogak eta akusazioaren eta defentsen estrategiak. Epaimahaiaren esku geratuko da, halaber, mahaigaineratutako galdera nagusiei erantzuna ematea. Irabazteagatik pizgarri gisa dirua ematea legez kanpokoa al da? Osasunako zuzendaritzak dirua partidak erosteko erabili al zuen? Eta hala ez bada, zertan erabili zen dirua?
Ezinbestean, epaiketako protagonista nagusietakoa Angel Bizkai izan da, 24 urtez Osasunako kudeatzaile izan zena. Espainiako Futbol Liga Profesionalak (LFP) behartuta, Bizkaik 2015eko otsailean aitortu zuen Miguel Artxankoren agintaldiko bi denboraldietan (2012-2013 eta 2013-2014) sei partida erosi zirela. Aitorpen haren haritik tiraka egituratu dute akusazioa fiskaltzak eta bi akusazio partikularrek (LFPk eta Osasunak). Bizkaik aitorpen hura zergatik egin zuen susmo ugari piztu baditu ere, kudeatzaile izandakoak epaiketa hasieran ukatu egin zuen inongo presio edo mehatxu larririk jaso izana. “Osasunagatik” egin zuela aipatu zuen. Hitz egiteko borondate hori azkenean ez bide zaio hain garesti aterako: epaiketaren hasieran, fiskalak hamalau urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen, baina amaieran, jarrera on horregatik, bost urte eta 11 hilabetera jaitsi zion.
Javier Tebas LFPko presidentea da auziko beste protagonistetako bat. Urtarrilaren 30ean deklaratu zuen epaitegian, eta, azaldu zuenez, 2013-2014 denboraldi amaierako zurrumurruen ondorioz, Osasunaren atzetik zebiltzan. Valladolideko presidenteak ohartarazi zion Sisik —une hartan Osasunan, baina hainbat denboralditan Valladoliden jokatutakoa— informazioa pasatu ziela. Detektibeak jarri zituzten zuzendaritzako kideen atzetik, baina pertsonaz erratu ostean, Bizkai izan zuten jomugan, kontuetan irregulartasunak atzeman ostean. Behin auzi judiziala irekita, Sisi izan zuen Tebasek beste jomuga. Egun Japoniako talde batean ari da jokalari gorritxo ohia, eta epaiketan jakinarazi zuen Fermin Otamendi instrukzio epaileak eta Tebasek eskaintza egin ziotela zekiena azal zezan. Sisik esan zuen ez zekiela ezer. Asteon, fiskalak, “gezurrezko lekukotza” ematea leporatu dio Sisiri.
Jokalariaren salaketa larria da, Otamendi epailea kinka larrian utz dezakeelako. Horrek guztiak agerian uzten du zer zailtasun izan dituzten ikerketaren arduradunek egia jakiteko eta, batik bat, frogatzeko. Izan ere, Bizkairen aitorpenaz harago, epaiketari begira bildutako frogek —batik bat Betiseko jokalarien sakelakoen gaineko entzuketek eta kokaguneak— agerian uzten dute Artxankoren zuzendaritzak dirua ordaindu ziela Sevillako talde horretako jokalariei. Auzia da zenbat eta zertarako.
Bizkaik aipatu zuen Osasunak 650.000 euro ordaindu zizkiola Betisi, 2013-2014 denboraldiko azken-aurreko partidan Valladolidi irabaz ziezaion, eta azken partidan Osasunaren aurka gal zezan. Alta, mahai gainean dauden frogen jakitun, auzipetuen defentsek onartu dute 400.000 euro eman zirela, soilik Valladolidi irabaz ziezaion. Aitorpen horren ondorioz, epaimahaiak lehenik eta behin argitu beharko du ea garaipena sustatzeko diru sariak legez kanpokoak ote diren edo ez. Defentsak ahalegindu dira erakusten, halaber, Betisek ez zuela nahita galdu Osasunaren aurkako azken partidan, hori baita akusaziorik larriena —kirol ustelkeria—.
Diruaren mugimenduak
Horretan datza auziaren mamia, Artxankoren agintaldian 2,3 milioi eurotik gora atera zirelako kontuetatik: 900.000 lehen denboraldian eta 1,4 milioi bigarren denboraldian. Bizkairen arabera, diru mugimenduok sei partida erosteko baliatu ziren, eta, ikerlarien arabera, diru mugimenduok bat datoz Bizkaik aitortutako partiden datekin. Haatik, zantzu hori nahikoa al da Osasuna auziko akusazioa frogatzeko?
Erantzunaren zain, gerta liteke auziak hutsune handi bat uztea. Izan ere, partiden erosketa zehatz-mehatz frogatzerik ez badago, orduan non daude desagertutako ia 2,4 milioi euroak? Akusazioek diruaz bidegabe jabetzea leporatu diete Artxankoren zuzendaritzako kideei, baina eurek ukatu egin dute irmo salaketa. Berriro ere froga argirik gabe, fiskaltzak eta LFPk euren eskaeretan alternatiba gisa proposatu dute zuzendaritzako kide ohiei administrazio bidegabearen akusazioa leporatzea: diruaren erabileraren helburua dena delakoa, administrazio desegokia egin zelakoan.
Bi denboraldi horietako diruaren joan-etorrietan beste hainbat delitu egin ziren. 2012-2013 denboraldiko kontuetan 900.000 euro atera zirela justifikatzeko, gezurrezko fakturak izenpetu ziren Cristina Valencia eta Albert Nolla higiezin arloko agenteekin. Ondorengo denboraldian, 1,4 milioi euro atera izana justifikatzeko, Flefield enpresarekin gezurrezko kontratuak eta fakturak izenpetu ziren. Hori guztia”kontuak manipulatzeko” egin zen, fiskalaren arabera.
Epaiketan, hainbat auzipetuk faltsutze horren errua elkarri bota diote. Halere, bi kontratuok Bizkairen ordenagailuan egin ziren. Hark adierazi zuen beste pertsona batzuek bazutela bere ordenagailuan sartzeko pasahitza. Fiskalak hari egotzi dio errua, baina “zuzendaritzaren aginduetara” zegoela zehaztu du. Epaimahaiak argitu beharko du batzuen eta besteen erantzukizuna.