Euskaldunena ere izan dadin

Euskaldunena ere izan dadin

Edurne Elizondo

Hutsaren hurrengoa. Horixe da euskarak duen tokia, Enaitz Ibabek NUPen aukeratutako graduan. Lehen mailan, hamar ikasgaitik bederatzi ikasi ahal izan zituen euskaraz, baina egoera erabat aldatu zen bigarren mailatik aurrera: hamar ikasgaitik bi bakarrik ziren euskaraz. Hirugarren maila egiten ari da orain Ibabe, eta ikasgai bakar bat ere ez du euskaraz. “EHUn ez dago Nekazaritza Ingeniaritza, horregatik etorri nintzen Iruñera ikastera; ez nuen pentsatu ere egin NUPen gradu osoa euskaraz egiteko aukera izango ez nuenik”. Ibabe Oñatikoa da (Gipuzkoa), eta ezustekoa hartu zuen Iruñera ailegatu bezain pronto. “Euskara, NUPen, hirugarren mailako hizkuntza bat da. Unibertsitateak indar handiagoa egiten du ingelesa bultzatzeko euskara bultzatzeko baino”.

Ibaberekin bat egin du Libe Renteriak ere. Zornotzakoa da (Bizkaia), eta Bioteknologia graduko lehen maila egiten ari da, Iruñeko Arrosadiko campusean. NUPek oraingo ikasturtean lehendabiziko aldiz eskainitako gradu berrietako bat da hori, eta hasieran ikasgai bakar bat ere ez dago euskaraz. “Gradu berria denez, NUPek esan du lau urte pasatuta ikusiko duela arrakasta ote duen, ikasgairen bat euskaraz jartzeko aukera aztertzeko”. Egoera berean dira Psikologiako eta Medikuntzako graduetako ikasleak ere, bertzeak bertze.

Erizaintzako ikasketak ez dira berriak NUPen, baina euskarak lehen bezain toki txikia izaten jarraitzen du Osasun Fakultatean ere. Lehendabiziko mailan ari da Irati Juaristi mutrikuarra. “Lehen seihilekoan ditugun hirurak dira gradu osoko euskarazko ikasgai bakarrak”, salatu du.

NUPeko Euskara Taldeko kide dira Ibabe eta Renteria; Juaristi, berriz, NUPeko Osasun Fakultateko Euskara Taldekoa. Elkarlanean aritzen dira denak, baina nor bere esparru fisikoan, Osasun Fakultatea Nafarroako Ospitale Gunean baita; hau da, Arrosadiko campusetik at.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskararen alde ari diren ikasleok mahai gainean jarri nahi izan dute hizkuntzaren auzia egunotan, eta horretarako, batetik, manifestaziora deitu dute apirilaren 2rako; bertzetik, Osasun Fakultatean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko sinadura biltze bat egin dute. Finean, NUPeko agintariei argi utzi diete beren hizkuntza eskubideen alde lanean segitzeko prest direla. Are gehiago orain, unibertsitatea eta Nafarroako Gobernua datozen lau urteotarako aurrekontua negoziatzen ari direnean. Euskara bultzatzeko baliabideak ere aurrekontu horren menpe izanen dira.

Orain artekoari segida

NUPeko Euskara Taldeko Libe Renteria eta Enaitz Ibabe. Iñigo Uriz / Foku

Egungo errektore Ramon Gonzalok 2019ko ekainean hartu zuen kargua. Alfonso Karlosena errektore zenean, Ikerketako errektoreorde izan zen Gonzalo, eta hauteskundeak irabazi aurretik ere argi utzi zuen azken urteotako lanari “segida” ematea zela bere asmoa. Abenduan, BERRIA-n egindako elkarrizketa batean, asmo horiek pixka bat zehaztu zituen errektoreak: “Orain, gure eskaintza akademikoaren %21 inguru egiten da euskaraz. Urrun gaude oraindik Euskal Herriko Unibertsitatearen kopuruetatik, jakina, baina gure helburua da ehuneko hori handitzea urtetik urtera; pixkana, euskarak unibertsitatean duen pisua handitzea”.

“Euskarak duen pisua handitzea”. Zehaztasun maila hori ez dute ontzat jo NUPeko Euskara Taldeko kideek. Nabarmendu dute Karlosenaren agintaldian NUPek ez zuela borondaterik izan euskarari bultzada emateko, eta Gonzalok ere, oraingoz, ez duela ezer egin. “Hauteskunde garaiko marketina besterik ez digu eskaini”, erran du Ibabek.

Hitzekin nekatu dira ikasle euskaldunak, eta ekintzak nahi dituzte, euskararen alde. “Karlosenaren agintaldian, unibertsitatea ez zen gai izan Euskara Planean jasotako oinarrizko helburu guztiak betetzeko ere”, gogoratu dute ikasleek. Plan horren arabera, NUPek, denera, 1.299 ikasgai eskaintzen ditu euskaraz. Irakasletzako graduan baino ez dago, ordea, ikasketa guztiak hizkuntza horretan egiteko aukera. NUPen, ikasleen ia %31k badakite edo ulertzen dute euskara.

Gradu bakarra euskaraz, eta meritua, gainera, ez da NUPeko agintariena. 2017ko elkarrizketa batean, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko orduko zuzendari Garbiñe Petriatik orriotan gogoratu zuen NUP bera sortu aurretik ezarri zituztela Irakasletza ikasketak euskaraz. Unibertsitate publikoak 33 urte egin ditu, eta, denbora horretan, beraz, gradu bakar bat ere ez du ezarri euskaraz: “Eskaintza hasierako bera da; euskarazko ikasgaiak jarri dituzte han eta hemen, baina gradu batean euskaraz, adibidez, bost ikasgai egin ahal izatea ez da deus”, nabarmendu du Libe Renteriak.

Arazoa da, NUPeko Euskara Taldeko kideen ustez, euskara ez dela lehentasuna unibertsitate publikoko arduradunentzat, eta ez dutela borondaterik hizkuntzari benetako bultzada emateko. Hainbat adibide jarri dituzte mahai gainean: Ibabek aipatu du, batetik, Historiako gradu berrian bazirela hainbat irakasle euskaraz aritzeko prest; euskaraz ikasi nahi zuten ikasleak ere baziren; baina NUPek ez du urratsik egin Historian euskarazko ikasgairik jartzeko.

Bertzetik, Irati Juaristik salatu du NUPek orain arte ez duela erakutsi inolako asmorik euskaraz ikasi nahi duten ikasleen inguruko datu zehatzak jasotzeko. “Unibertsitateak ez du benetako eskaria ezagutzeko urratsik egiten; guk egin behar izan dugu, ondorioz”.

Joan den astean Osasun Fakultatean egindako sinadura biltzeaz ari da Juaristi. Euskara Taldeko kideek mahai bat jarri zuten eraikinaren sarreran. 150 sinadura jaso dituzte, denera. Juaristik argi du euskaraz ikasi nahi duten euskaldun guztiek ez dutela sinatu; halere, nabarmendu du Erizaintzan, denera, 400 ikasle inguru direla, eta “ontzat” jo du 150 sinadura jaso izana. “Horietatik 130ek esan dute euskaraz ikasi nahiko luketela, ez bakarrik euskararen aldeko jarrera dutela”.

Erizaintzan aspaldikoa da euskarazko ikasketen aldeko aldarria, ikasleen erdiak baitira euskaldunak. Eta ikasleen eskubidea ez da jokoan dagoen bakarra, Juaristik erran duenez. “Osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko herritarren eskubidea ere badago jokoan”, nabarmendu du.

Juaristik onartu du hasieran gogorra egin zaiola, adibidez, gelan aurkezpenak gaztelaniaz egin behar izatea. “Euskaraz pentsatu, eta itzuli egin behar nuen esan nahi nuena”. Euskara du bere hizkuntza, eta osasun zerbitzuetako erabiltzaile euskaldunak ere euskaraz artatzea du helburu.

Xede hori lortzeko egin dituzte egunotako ekinaldiak. Ibabek eta Renteriak ere argi dute lanean jarraitzeko beharra badutela. Euskararen inguruko plan estrategiko berria dago mahai gainean, bertzeak bertze. “Esan digute errektoreak nahi omen duela Euskara Taldeak prozesuan parte hartzea”, azaldu dute. Oraindik ez dute NUPeko agintarien deia jaso, halere. Zain diren bitartean, euskaraz ikasi nahi dutela aldarrikatzen jarraituko dute. Apirilaren 2ko manifestazioan izanen dute hori egiteko aukera. Protestarekin bat egitera deitu ditu ikasle guztiak Juaristik. NUP euskaldunena ere izan dadin.

Irudiak: Iñigo Uriz / Foku