“Oraino nahiko urruti ikusten dut Nafarroako Txapelketa”

“Oraino nahiko urruti ikusten dut Nafarroako Txapelketa”

Edurne Elizondo

Bere ahotsaren doinuak agerian utzi du Algortako saria irabazi izanak eman dion poza. Aitak txikitan abesten zizkion bertso zaharrekin zaletu zen Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002), eta jendaurrean gero eta erosoago ari da orain bertsotan.

Nolakoa izan da esperientzia?

Hagitz kontent nago. Algortako Bertso Eskolak Euskal Herriko sei gazte bertsolari aukeratu zituen; denak aritu ginen lehen zatian, eta bi buruz burukoan. Bertsolari eta gazte izanda, eskola arteko txapelketak izaten dira plazan aritzeko gure aukera bakarra, eta gero, gazte sariak. Aritua nintzen baten batean, baina probatzeagatik bakarrik.

Algortara bertze asmo batekin joan zinen?

Joan nintzen pentsatuz zerbait egiten ahal nuela. Hasieran, hagitz urduri nintzen, baina gero hagitz gustura kantatu nuen.

Eskola arteko txapelketetan trebatu zara?

Ni Bortzirietako Bertso Eskolan ari naiz. 15 urterekin hasten gara eskola arteko txapelketetan; horietan trebatzen gara 18 urte bete arte. Nik aurtengoa dut azken urtea. Maiatzean eginen da Nafarroako eskola arteko txapelketa, eta gero, Euskal Herriko finala.

Final horretara ailegatu zara azken urteotan, hain zuzen.

Bai, eskola arteko txapelketan bitan kantatu dut Euskal Herriko finalean, eta bietan Xabat Illarregirekin. Hagitz gustura aritu naiz.

Plazan aritzeko behar den eskarmentua lortzen ari zara?

Saiatzen ari naiz. Nafarroan gazte anitz ari dira bertso eskoletan; kontua da gero jendeari kosta egiten zaiola plazan aritzeko urratsa egitea. Nik uste dut Nafarroan hori falta dela, azken bultzada hori. Baina poliki-poliki ari gara, eta uste dut etorriko direla gehiago.

Hain zuzen, jauzi hori errazteko asmoz sortu zen Bardoak taldekako lehiaketa. Ari zara parte hartzen?

Bai, Berako Lamixene taldean ari naiz. Gure bertso eskolan bada jendea inoiz ariko ez zena jendaurrean kantuan, eta Bardoak txapelketan aritzen dira. Ariketa errazak izaten dira, eta lagunarteko giroa sortzen da. Etxeko giroa sortzen da, eta kantatzen duzu eskolan ariko bazina bezala, lasai ederrean.

Zu nola hasi zinen bertsotan?

Aitak beti izan du zaletasun handia, eta txikitan bertso zaharrak kantatzen zizkidan. Bortz urterekin edo, oroitzen naiz baten bat ikasi nuela buruz. Gero, egia da tarte batez nazkatu egin nintzela, baina ikastolan berriz zaletu nintzen. Bertsolaritza eskolak ematen zizkiguten, eta ohartu nintzen gustatzen zitzaidala. Eta zortzi urterekin hasi nintzen Bortzirietako Bertso Eskolan. Orain hamazazpi ditut, eta hor segitzen dut, hagitz gustura.

Jarraitzeko gogoz?

Bai. Hagitz gustura nago, eta nahiko nuke horrela segitu, kantatzen. Argi dut noizbait kantatzeari uztea erabakitzen badut ere segituko dudala bertso saioetara joaten.

Eskola arteko txapelketatik gazte sariketara; Nafarroako Bertso Txapelketa ere baduzu helburu?

Oraindik nahiko urruti ikusten dut aukera hori. Hurrengo urtean izanen da Nafarroako Bertso Txapelketa, eta ez dakit zerbait eginen dudan edo ez; noizbait probatu nahiko nuke, behintzat, ikusteko ea gustatzen zaidan edo ez. Ez dakit hurrengo urtean izanen den, baina ez dut baztertzen aukera hori. Asmoa eta gogoa hor daude.

Nolakoa da emakume gazte bat izatea egungo bertsolaritzaren testuinguruan?

Aurten egin dugu Nafarroan lehendabiziko aldiz bertsolaritzaren inguruko emakumeon topaketa, eta horretan bai, sentitu nuen babes bat; ikusi nuen nik sentitzen nituen gauza anitz ez nituela nik bakarrik sentitzen.

Zer-nolako gauzak?

Nik ez dut saio anitz egin oraindik, ez dut esperientzia handirik, baina bai sentitu dut batzuetan deitu izan didatela lurraldetasunagatik, eta emakumea naizelako, nolabaiteko oreka bilatuz. Nik uste dut egin behar dela lanketa bat, nik ikasteko ez didatela horregatik deitzen, deitzen didatela badudalako zer eman. Ahalduntze bertso eskola ere ari da indarra hartzen. Ari da sortzen hor indar bat bertsoaren mundua aberastuko duena.

Bazen generoaren ikuspuntua txertatzeko beharra?

Bai. Uste dut ailegatu zela txipa aldatzeko garaia, eta argi ikusi zela behar hori bazela; bertsozale elkarteak ere ikusi zuen behar hori, eta horregatik egin dira azken boladan egin diren lanketak. Bada emakume bertsolari anitz sekulako indarra dutenak eta sekulako lana egiten ari direnak.

Emakume gazteenek erreferenteak badituzte orain?

Bai. Niretzat, Maialen Lujanbio edo Alaia Martin izan dira erreferente bertsolaritzan; orain arteko erreferente gehienak gizonezkoak ziren.

Zer ematen diote bertsolaritzari emakumeek?

Nik uste dut emakumeek eman dutela ezagutzera orain arte bertsoak ikusten ez zuen alderdi bat. Dena ez dela botatzen den bertsoa; bertso hori nola gorpuzten duzun ere bada garrantzitsua.

Bertsolaritza egiteko moduetan ere, halere, izan da garapen bat; molde berriak sortu dira, ezta?

Bai. Lehen, bertsoa lotzen zen txapelketarekin edo plazarekin. Orain ari dira sortzen bertsoa bizitzeko esparru ezberdinak, antzerkiarekin, musikarekin edo literaturarekin uztartuz.

Antzerkia aipatu duzu. Beran prestatutako Harritik hazia lanean aritu zinen. Errepikatzeko prest?

Mila gauza probatu nahi dut! Herritarrek sortutako lana zen, eta gustura aritu nintzen; herriko emakumeen memoria landu genuen, gainera. Halere, argi dut bertsotan aritzeko behar dudala prestatu, horretan zentratu.