“Antzerki alternatibo eta abangoardista eskaini nahi dugu”

“Antzerki alternatibo eta abangoardista eskaini nahi dugu”

Uxue Rey Gorraiz

Hirugarrenez abiatuko da zirkuitua. Nafarroako Antzoki Sarea da antolatzailea, eta programaren parte diren ikuskizunen aurkezpena egin du berriki. Pello Gurbindo (Atarrabia, 1964), elkarteko lehendakaria, pozik ageri da aurtengo eskaintza zabala ikusita.

Gai sozialak jorratzen dira emanaldi gehienetan, ikusleek begirada kritikoa lantzea eta hausnartzea baita zirkuituaren helburua, batik bat. Zaldi urdina, Aita eta Saioak dira oholtza gainean ikusi ahalko diren lanetako batzuk.

Nola aukeratu dituzue antzezlanak?

Proposamen mordoa jaso genuen, 140 inguru, eta mota askotakoak ziren, gainera. Irizpideak hainbat dira, baina, gero eta gehiago, lanek oinarri soziala izatea lehenesten dugu, beste ezaugarri askoren gainetik. Kalitate handikoak dira konpainia guztiak, eta ezin dira edonon aurkitu. Antzerki alternatibo eta abangoardista eskaini nahi dugu, joera komertzialetatik urrundua.

Zer dakar komertziala ez den bide hori hartzeak?

Garrantzitsuena ez da antzokiak lepo betetzea, bestelako publikoetara iristea eta horiek fidelizatzea baizik. Gauza oso interesgarriez gozatzen ahalko da zirkuituan, eta, era berean, hau izan ezean funtzionatzen segitzeko adina antzoki betetzeko zailtasunak izanen lituzketen konpainia horiei eman diegu parada agertokietara igotzeko.

52 emanaldietatik, konpainia nafarrenak dira 42. Beharrezkoa da bultzada ematea etxeko taldeei?

Nafarroan produkzio lan handia dago, eta oso aberatsa, gainera. Horregatik, babesa eman nahi diegu, jendea ohar dadin zer dugun etxean. Dena dela, hemengoak ez diren eta kalitate handikoak diren beste emanaldi batzuez gozatzeko aukera ere badago gure zirkuituan. Gainera, kanpora salto egin dezaten lagundu nahi diegu. Ez dugu burbuila batean gelditzerik nahi, ez konpainiak, ezta ikusleak ere.

Bitartekaritza jarduerak dituzue aurtengo zikloko berrikuntza. Zer dira?

Konpainia batzuek jarduera jakin batzuk antolatu dituzte, emanaldiaren aurretik edota ondotik. Tailerrak, solasaldiak eta hitzaldiak eginen dira, eskoletan, antzerki eskoletan, zale klubetan… Horrela, ikuskizuna ez da mugatzen emanaldiak irauten duen denbora tartera, eta, garrantzitsuena, herritarrek ere parte hartu dezaketenez, ikusleak eta antzerkigileak bereizten dituen laugarren pareta eraistea lortzen dugu.

Urtez urte, nabaritu al duzue alderik jendeak zirkuituari egindako harreran?

Ezin da ukatu zirkuitua errotzen ari dela. Jendearen erantzuna oso ona da. Gainera, urtetik urtera gero eta konpainia gehiagok nahi izaten dute parte hartu. Lastima da asko kanpoan utzi behar izaten ditugula. Zirkuitua hazteko bidean da, eta zenbakiak gure alde ditugu oraingoz: gure aurrekontua inoizko handiena da.

Zer helbururekin sortu zen Nafarroako Antzoki Sarea?

Antzerkigintza profesionala Nafarroako txoko guztietara eramateko sortu zen, deszentralizatu beharra zegoela ikusi baikenuen. Helburu hori lortu dugula esanen nuke nik. Erakunde gutxik esan ahalko dute, kultura arloan bederen, Nafarroa iparraldetik hegoaldera lotzen dutela. Berdin dio Ribaforada, Castejon, Bera, Lesaka edo Berriozar. Goitik behera saretzen dugu Nafarroa, herri bakoitzean boterean den alderdi politikoa edozein izanagatik ere. Gainera, gero eta udal gehiago biltzen ditu sareak; 24 udal ziren hasieran, 33 dira gaur egun, eta gehiago sartuko dira agudo, segur aski.

Zer antzerki mota sustatu nahi duzue sarean?

Denetarik eskaintzen saiatzen gara, baina zirkuituan ez ezik, urte osoko programa antolatzeko garaian ere emanaldi desberdinagoen alde egiten dugu. Gainera, antzerkiaz gain, beste arte eszeniko batzuk ere ekarri ditugu gure emanaldietara; dantza garaikidea eta zirkua, adibidez. Oro har, ikuslea gai jakin batzuen inguruan hausnartzera animatu nahi dugu. Zirkuituan izanen den Ados Teatroa konpainiaren Igel euria obra horren adibide ederra da. Gai latzak jorratzen ditu, baina umore puntu batekin.

Zein da zuen antzokietara joaten den antzerkizalearen ohiko profila?

Ez dakit halakorik baden, zehazki. Askotan iruditzen zait jendea irri pixka bat egiteko joaten dela antzerkira. Hori ere beharrezkoa da, eta ez da txarra, baina gehiagorako ere balio dezake. Pixkanaka, kritikoagoa den ikusle mota bat ere zabaltzen ari da, eta hori sustatu nahi dugu guk, hain zuzen ere: jendea emanaldi bereziagoak ikustera animatu nahi dugu. Dena dela, orokorrean, antzerkiaren afizioa oso fidela da, zinearena baino fidelagoa. Ikuslearengandiko hurbiltasunagatik izan daiteke, agian.

Zenbaterainokoa da Nafarroako Gobernuarekin duzuen hitzarmenarekiko menpekotasuna?

Erabatekoa da. Hitzarmen hori gabe, ezingo litzateke deus martxan jarri. Dena dela, aldaketa batzuk proposatu ditugu, berriki. Eskatu dugu Nafarroako Gobernuarekin sinatzen diren hitzarmen horiek hainbat urterako akordioak izan daitezela. Gaur egun, urte bakarra irauten dute hitzarmenek, eta ziurgabetasunez lan egitera behartzen gaitu egoera horrek, epe motzera baino ezin garelako aritu, ez baitakigu urtea amaitzean berritzeko aukerarik izanen dugun edo ez. Oraingoz, begi onez ikusi dute proposamena, eta borondate politikoa nahiko handia da.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira Nafarroako Antzoki Sarean dituzuen erronka nagusiak?

Sarea ahal adina zabaldu nahi dugu Nafarroa osoan. Horregatik, aukera berriak aztertzen ari gara; esaterako, antzokirik ez duten herriei ondoko herriekin elkarlanean arituta parte hartzeko atea ireki nahi diegu. Iruñea gure sareko kide izatea ere gustatuko litzaiguke, orain arte bere kontura aritu baita hiriburua. Seguru gaude haren parte hartzea onuragarria izanen litzatekeela.

Euskarazko emanaldiek nolako pisua dute aurtengo zirkuituko eskaintzan?

Asko dugu hobetzeko, oraindik ere. Gure eskaintza Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan izatea nahi dugu, eta lanean jarraituko dugu euskarazko eskaintza zabaltzeko, hain zuzen. Aurten, zortzi emanaldi dira euskaraz, zehazki; hau da, aurreko urtean zeudenak halako bi; baina, halere, gutxiegi dira oraindik. Hobetzen jarraitu behar dugu.