Dialisia atzean uzteko zain

Dialisia atzean uzteko zain

Edurne Elizondo

Dramatismorik gabe kontatu du: onartuz sentitu duen beldurra eta ospatuz bere gorputzak indarra baduela egunerokoari eusteko. “Jende anitzek ez du sinesten gaixo nagoela”. Maite Biurrarenak (Bera, 1972) duela hamar urte jaso zuen diagnostikoa, ordea: gibel-giltzurrunetako polikistosia. Geroztik, gaixotasunak okerrera egin du: dialisia egin behar du egunero, eta, urtarrilaren 8tik, giltzurrun berri bat jasotzeko zain da. Sakelako telefonoa gainean eta martxan du hogeita lau orduz.

Giltzurrunaren Nazioarteko Eguna izanen da hilaren 12a; urte oro egiten dute, 2006tik, martxoko bigarren ostegunean. Nafarroan, 1969. urtekoa da giltzurruneko lehendabiziko transplantea; geroztik, 1.200 baino gehiago egin dituzte herrialdean. 33 egin zituzten iaz, eta 56, berriz, 2016an. Urte horretako datua da inoizko altuena, hain zuzen ere.

Koliko batek eman zion Biurrarenari bere eritasunari buruzko lehendabiziko pista, duela hamar urte. Herriko familia medikuarengana joan, eta osasun etxetik Bidasoko Ospitalera bidali zuen, Irunera. “Han erran zidaten harriak nituela giltzurrunean, bai eta kiste batzuk ere”. Kiste horei, baina, ez zieten garrantzirik eman. “Herriko medikuak eskatu zidan Irunen egindako txostena eramateko, ez baitzen lasai gelditu, eta, txostena ikusi eta gero, Iruñera bideratzea erabaki zuen”. Nafarroako Ospitale Gunean eman zioten, azkenean, behin betiko diagnostikoa: gibel-giltzurrunetako polikistosia.

“Herentziazko gaixotasun bat da”, azaldu du Biurrarenak. Diagnostikoa jaso zuenean jakin zuen, hain zuzen ere, aitak gaitz bera duela. “Kontua da aitari ez zaiola garatu, baina niri bai”. 15 urteko seme bat du beratarrak. “Urtean behin egiten dizkiote azterketak, eta duela hiru urtekoan aurkitu zioten lehendabiziko kistea, giltzurrun batean; bertze bat du bertzean, baina txikia da. Kontrolpean da gaitza”.

Semearen osasuna da Biurrarena gehien kezkatzen duena. Semearen ardura duelako, gainera, hasieratik eskatu die artatu duten medikuei “argi eta garbi” hitz egiteko. “Nik jakin behar dut zein den egoera, une oro; jakin behar dut zer gerta daitekeen”. Hasieran artatu zuen nefrologoaz oroitu da Biurrarena hori erran duenean: “Argi eta garbi mintzatu zitzaidan, bai! Erran zidan giltzurrunak ez baziren odola garbitzeko gai, odola kakaz betetzen zela, eta, kaka burura ailegatuz gero, akabo!”.

Biurrarenaren giltzurrunek ez dute ongi funtzionatzen. Kisteak sortzen dituzte, eta kiste horiek ez diete uzten beren lana egiten, hain zuzen ere. “Kiste anitz ditut; gibelean ere atera zaizkit. Konponbidea ez da kiste horiek kentzea, giltzurrunak baitira sortzen dituztenak”.

Hasieran, urtean behin egiten zioten azterketa Biurrarenari. Giltzurrunek kisteak sortzen jarraitzen zutela ikusita, gero eta maizago hasi ziren artatzen: “Sei hilabetean behin hasieran, eta hiru hilabetean behin gero”. Duela hamar hilabete, azkenean, dialisia egin beharko ziotela erran zioten Biurrarenari.

“Kolpea hartu nuen”, onartu du. Ezagutzen ez denak eragiten duen beldurra sentitu zuela, alegia. Ordura arte, dietaren bidez eman zien Biurrarenak giltzurrunei behar zuten laguntza. “Gatza kendu nuen. Funtsean, ahalik eta garbien jaten saiatzen naiz, koiperik gabe, eta, ahal dela, elikagai ekologikoak”. Horri esker, ohiko errutinari eutsi zion. “Ongi sentitzen nintzen”. Analisi batek errealitatea parean jarri zion arte: iazko otsailean, %3 funtzionatzen zioten giltzurrunek.

Dialisia zen hurrengo urratsa. Bi egun eman zituen Biurrarenak ospitalean, sabelean kateterra jarri behar izan ziotelako, botikak jaso ahal izateko. Hasiera “gogorra” izan zela gogoratu du. “Dena zen berria; urduri nintzen, eta beldurrez. Hori gertatzen ahal zela jakin arren, gainera, nik ez nuen uste niri tokatuko zitzaidanik; ez nuen nire burua imajinatzen dialisia hartzen”.

Biurrarenaren hasierako arazo nagusia izan zen ezin zuela lorik egin: “Dialisia egiteko hodia azpian hartzen badut gorputzarekin, ez du bere lana egiten. Hasieran, hori gertatzeko beldurrez, gau osoa erne ematen nuen. Berez, alarma batek jotzen du hori gertatzen denean. Orain, alarma entzun ere ez dut egiten, anitzetan!”.

Prozesua ezagutzeak eta kontrolatzeak eman dio Biurrarenari behar zuen lasaitasuna. Gainera, behar izanez gero, nefrologoekin hitz egiteko aukera du, egun oro, hogeita lau orduz. “Telefono zenbaki bat dut, nahi dudanean deitu ahal izateko; Iruñera joan behar badut ere, berehala artatzen naute; ez dut itxaron beharrik ere”. Dialisia etxean egiteko aukera eskertzen du Biurrarenak, bere egunerokoarekin jarraitu ahal duelako. “Bertze aukera bat zen astean hiru aldiz Iruñera joatea, baina ez nuen hori nahi. Lana ere utzi beharko nuke”.

Zortzi orduko zikloa

Maite Biurrarenak ederki ikasi du bere gorputzak erraten diona interpretatzen. Bere buruaren mediku eta erizain bilakatu da, nolabait erranda. Egunean bitan neurtzen du tentsioa, eta ikasi du makina prestatzen, garbitzen, behar dituen datuak jasotzen eta bertze. Gauez hartzen du dialisia, logelan, zortzi ordu irauten duen prozesu baten bidez. “Nirea ez da hemodialisia; nik glukosa sartzen dut gorputzean lehendabizi, eta, gero, drainatu egiten dut. Gauean bost aldiz errepikatzen du makinak ziklo hori”.

Dialisia egiten hasi zenean ohartu zen Biurrarena ordura arteko nekeaz. “Ni ongi sentitzen nintzen dialisia egin aurretik; kontua da indarrak pixkanaka egin zidala behera, eta nire gorputza ohitu egin zen, nolabait. Baina dialisia egiten hasi nintzenean ohartu nintzen hobera egin nuela, nabarmen”.

Urtarriletik transplantearen zain da Biurrarena, eta, geroztik, ondorioz, Nafarroako Unibertsitatea klinikan artatzen dute. Nafarroako transplante guztiak egoitza horretan egiten dituzte ospitale horretako eta Nafarroako Ospitale Guneko profesionalek, elkarlanean. Giltzurrun berri baten zain denetik, hamaika proba egin dizkiote Biurrarenari. Nagusietako bat izan da ikustea tokirik ote duen organo berria jartzeko. “Eskuinean egiten ohi dute transplantea, alde horretan larruazaletik gertuago daudelako organoak, baina nik eskuinean ez dut tokirik; kistez betea dut”.

Ezkerrean, zorionez, tokia badu. “Bertzela, eskuineko giltzurruna eta kisteak kendu beharko lituzkete, tokia egiteko, eta, osatu eta gero, zerrendan sartu berriz ere”. Ez du horren beharrik izan. Transplantearen zain dago oraindik. Ebakuntza horri ere beldurra diola onartu du Biurrarenak. Horregatik galdetu die medikuei, behin eta berriz, hemendik aurrerako urratsak zeintzuk izanen diren. Jakin nahi du. Ezagutu. Lasai egon ahal izateko, giltzurrun baten zain jarraitzen duen bitartean.

Nafarroako Hitza-rekin mintzatu eta lau egunera, dei bat jaso du Maite Biurrarenak. Giltzurrun bat bada. Azken odol probek, baina, huts egin dute. Lehenean, huts; bigarrenaren zain da.