Iritzia: Euskalduna naiz eta ‘harto’ nago

Amets Aranguren Arrieta

Sentitzen dut, baina D ereduak ez du funtzionatzen. Edo bai?

Ea ba. Seme-alabek euskara ulertu, hobeki ala okerrago hitz egin eta irakurtzean ulertzeko gai izatea nahi baduzu, bai, D ereduak funtzionatzen du. Alta, seme-alabek aisialdia euskaraz pasa, bere inguruko beste hizkuntza (gaztelania edo frantsesa) bezain ongi menperatu eta “euskara salbatzea” nahi baduzu ez, ez du balio.

Nazkatuta gaude arduraren motxila eramateaz. Ulertzen dugu 1960ko hamarkadan landaturiko hazien loreak urtez urte loratzen ikusi ondotik loreetan arantzak topatzean sortzen ahal den amorrua, baina gazteoi motxila kargatzeak, errudun sentiarazteak eta presioa sartzeak ez dute ezertarako balio. Edo agian bai, kontrako jarrera hartzeko.

“Nik 17 urte nituenean erabaki nuen euskaraz zekien jende guztiarekin euskaraz arituko nintzela”, gogorarazten digu aitak noizean behin. Gogorarazi baino, aurpegiratu. Guk ez, guk ez dugu hautu hori egin. “Eta zergatik ez?”, galdetzen diot maiz neure buruari. Aitak ez zuen guraso euskaldunik (guk bietako bat bai), bere garaian askoz ere jende gutxiagok zekien euskaraz eta berea izan zen euskaraz ikasi ahal izan zuen belaunaldi lehenengoetakoa. Ba, agian, horrexegatik hain zuzen ere, oso gutxiren artean banatu behar zutelako hizkuntzaren biziraupenaren ardura, “galeraren arriskua” ikusgarriagoa zen. Gaur egun, berriz, ematen du hizkuntzaren ezagutzarekin biziraupena bermatua dagoela eta erabilerak baino, hizkuntzaren ezagutzaren zenbatekoaren igoerak lasaitzen gaituela.

D ereduan ikasi dugu hiru anai-arrebok; badakigu euskaraz berreketak egiten, fotosintesiaren eskema egiten eta baita Fernando VII.ak aldatu zuen lege salikoak ekarritako ondorioak azaltzen ere. Baina ez dugu kale hizkerarik. Eremu formaletik kanpoko hizkeraz ezagutzen dugun gutxia ez dugu hain gure sentitzen. Guretako urde zikina-k ez du, inondik inora ere, puto cerdo-k duen indarra, eta hori oztopoa da gazteok euskaraz egin dezagun. Adibide ergela eman dezake, baina irainetatik kanpo umorearen, sexuaren eta haserrearen munduan ere ez dugu hiztegirik, eta hori oso inportantea da.

Etxean ondoko araua izan dugu beti: euskaraz dakienak euskaraz egin behar du, familiako kide izan ala gonbidatu. Arauak betetzen ez dituenak etxetik alde egin beharko du. Bai, tokatu izan zait 7-8 urterekin lagunari alde egin behar duela esan eta errudun sentitzea, bai nik gaztelaniaz hitz egin izanagatik, bai Anak gaztelaniaz hitz egin izanagatik eta baita aitak Ana etxetik botarazi izanagatik. Orain Anarekin dudan harremana gaztelaniaz da. Aitaren formulak huts egin zuen, sorpresa!

Ez dut formula magikorik, baina iruditzen zait emakumezkoak feminismoaz bakarrik hitz egitera gonbidatzen direnetan bezainbeste husten dela euskara, hizkuntzaren egoera objektu eta tresna gisa erabili ordez subjektu eta gai protagonista gisa tratatzen denean. Saia gaitezen euskara inplizituki eta zeharka lantzen. Euskararen salbatzaile gutxiago eta Iruinkoko gehiago, faborez.