Edurne Elizondo
Gerra aurreko Siria nolakoa zen azaltzen hasi da, baina Yumana alabaren hitzek moztu egin dituzte Sultana Shiroren oroitzapenak: “Siria zen… bonbak: bonbak eta bonbak”, erran du 9 urteko neskatoak.
Familia Alepotik atera zenean 3 urte zituen. Amaren altzoan egin zuen Turkiatik Greziarako bidea, plastikozko txalupa baten gainean. “Nola ez nuen, ba, beldurra sentituko? Beso batekin Yumanari heltzen nion, eta bertzearekin, Farahri. 60 pertsona ginen txalupa barruan. Ezin nintzen mugitu, eta ez dakit igeri egiten. Hiru ordu eta erdi eman genituen itsasoan”, kontatu du Shirok.
Duela urtebete luze ailegatu zen Uhartera, Yumana eta Farah alabekin eta Ahmad Hammo senarrarekin. “Ongi gaude hemen, lasai”. Baina Shiroren begiradan, oraindik ere, sumatzen da argi ilun bat: Sirian gelditu direnak ditu gogoan; Sirian hil zirenak ere bai. Azken asteotan, gainera, hedabideen bitartez Greziatik ailegatu diren irudiak ikusi ditu, eta tristurak eta amorruak harrapatu dute emakume kurdua. “Kolpeka hartu dituzte errefuxiatuak Grezian; Turkiak, gainera, gure herria bonbardatu du; kurdu anitz hil dituzte”, erran du.
Hutsetik hasteko eskubidea aldarrikatu du Shirok. “Alepon guk jada ez dugu etxerik; bonbek suntsitu zuten. Ez dugu deus”. Hutsetik hasi, bertze biderik ez dute.
Akordioa berritzeko
Europa errudun; genozidioa gelditu lelopean, elkarretaratze bat egin zuten joan den ostiralean, Iruñeko Udaletxe plazan. Shirok eta Hammok pozgarritzat jo dute herritarrak mobilizatu izana Europak migratzaileen aurka hartu duen jarrera salatzeko. Iruñea Harrera Hiria, SOS Arrazakeria, Paperak Denontzat, Mugak Zabalduz Karabana eta Zaporeak kolektiboek antolatu zuten duela astebeteko protesta; biharko manifestazioa antolatu zuten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, baina atzo bertan behera uztea erabaki zuten.
Kolektibo horiek mahai gainean jarri dute Europak duela Grezian eta Turkian migratzaileekin gertatzen ari denaren ardura; eta mahai gainean jarri dute, halaber, Mendebaldeko herrietako gobernuen jarduerak lotura zuzena duela Sirian eta inguruko herrietan piztutako gatazkekin. “Giza eskubideak errespeta ditzatela exijitzen dugu: Europak zabal ditzala bere mugak eta berma ditzala bide seguruak Europara etorri nahi dutenentzat”.
Europako agintariek, ordea, kontrako bidea hartu dute orain arte. Duela lau urte, Europako Batasunak akordio bat sinatu zuen Turkiarekin: 6.000 milioi euroren truke, migratzaileentzat harresi bilakatzeko konpromisoa hartu zuen herri horrek. Zehazki, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak zin egin zuen EBrako migrazio fluxua etengo zuela, eta 3,7 milioi errefuxiatu Turkiako lurretan geratuko zirela.
Turkiak eta Europak hitzarmena berritzeko negoziazioak hasi dituzte orain, eta Turkiako presidenteak argi utzi du, batez ere, diru gehiago nahi duela. Europako agintariak presionatzeko, hain zuzen, Turkiak Greziarekin duen muga irekitzeko agindu zuen otsail amaieran. Eta, Grezian, Poliziak kolpeka eta tiroka hartu ditu muga zeharkatzen saiatu diren errefuxiatuak; gutxienez bi migratzaile hil dituzte. Lesbos eta Kios uharteetan, gainera, faxista talde antolatuak migratzaileak erasotzen aritu dira, polizien begiradapean. Greziari “eskerrak” eman dizkio Ursula Von der Leyen Europako Kontseiluko presidenteak, “Europako ezkutua” izateagatik.
Greziatik ailegatu diren irudiek tristura eragin diete Shirori eta Hammori. Ezinbertzean gogoratu dituzte han pasatu zituztenak. 2011. urtean lehertu zen gerra Sirian, eta 2014an erabaki zuen familiak handik ateratzea. Lehen urratsa izan zen Alepotik ateratzea. “Senarraren gurasoak Afrin herrian bizi dira; haien etxera joatea nahi zuten, baina Ahmadek ez zuen Alepotik atera nahi”, gogoratu du Shirok.
Azkenean, mugitzea erabaki zuten. Hammok taxi bat gidatzen zuen gerra piztu baino lehen, baina gatazkaren eraginez lanik gabe gelditu zen. “Lanik eta dirurik gabe; egoera gero eta latzagoa zen, gainera. Polizia zegoen batetik, eta mafiak bertzetik. Edozein tokitara joatea arriskutsua zen. Lagun anitz galdu ditut. Nire ondoan hil dituzte haietako batzuk”, kontatu du Hammok.
Afrinen eman zituzten hainbat hilabete, Hammoren gurasoen etxean. “Afrinera ailegatu eta handik aste gutxira, bonba batek gure etxeko hainbat gela hondatu zituen; bertze batek erabat txikitu zuen gero. Deus gabe gelditu ginen”, azaldu du Shirok.
Gogoan du, batez ere, egun haietan sentitu zuen beldurra. Beldur horrek eraman zuen familia sorterritik ateratzeko erabakia hartzera, hain zuzen ere. Turkia izan zuten lehendabiziko helmuga. “Senarra joan zen lehendabizi; karrikan egon zen bizitzen, lan bat lortu zuen arte. Dirua lortzea zen kontua, familia guztia Turkiara mugitzeko”.
Kolpeak eta negarra
Deus gabe atera ziren senar-emazteak eta bi alabak Siriatik. Muga zeharkatzen lagundu behar zien gizonak eskatutakoa ordaintzeko erabili zuten bildutako azken dirua. “Mugara ailegatu, eta Turkiako Poliziak hartu gintuen. Senarra jotzen hasi ziren”. Kolpeak ahaztu zaizkio Hammori, baina ez, ordea, emaztearen eta alaben negarra. “Beldurrak hartu gintuen”. Azkenean, aske utzi zituzten. Eta hiru urteko etapa hasi zuen familiak, Turkian.
Hiru urte horiek “hagitz gogorrak” izan zirela nabarmendu dute Hammok eta Shirok. “Hamaika orduz lan egin behar nuen, soldata txiki baten truke”. Etxebizitzetako hezetasuna du gogoan Shirok, eta giro horrek Farah alabari kalte egiten ziola kontatu du. “Asma du, baina botikak hagitz garestiak ziren, eta ezin genituen erosi. Paperik gabe, gainera, ospitalean ez gintuzten artatzen”.
Senarra gaixotu zenekoa ekarri du Shirok gogora. “Larrialdietara joan, eta bota egin gintuzten, paperik ez genuela ohartu bezain pronto”. Azkenean, lagun baten agiriak erabili zituzten bertze ospitale batean Hammok behar zuen zaintza jaso zezan. “Zorionez, artatu egin zuten, paperak bereak ez zirela jakin arren”.
Turkiara ailegatu zirenetik, Greziara joatea zuten helburu Shirok eta Hammok. “Europan gure egoerak hobera eginen zuela uste genuen; lortuko genuela bizitza hobe bat, eta hutsetik berriz hastea”, erran du Sultana Shirok.
Baina bidea ez zen batere erraza izan. Plastikozko txalupa gaineko hiru ordu eta erdiko bidaiak eraman zuen familia Greziara. Lurra ukitu bezain pronto gobernuz kanpoko erakundeek eta boluntarioek egindako harrera biziki eskertu zutela erran du Shirok. “Arropa eman ziguten, eta jatekoa”. Errefuxiatuentzako gune batera eraman zuten familia, Atenas hiriburutik hiruzpalau ordura. “Hotel zahar bat zen; dena zegoen hondatua, eta baldintzak kaskarrak ziren”.
Hala eta guztiz ere, ez zuten itxaropena galdu. “Hobera eginen genuela uste genuen; lortuko genuela gure bizitza proiektu berria martxan jartzea”, erran dute senar-emazteek. Sultana Shiroren ahizpa bat Alemanian bizi da, eta Ahmad Hammok ere senideak ditu han. Horregatik, Alemaniara joan nahi izan zuen familiak, Greziara ailegatu zenetik.
“Baina ez ziguten utzi; Greziako agintariek Madrilera joateko aukera baino ez ziguten eman. Familia anitzi gertatu zitzaion hori: herri batean senideak izan arren, bertze batera bidaltzen zituzten, inolako loturarik ez zuten bertze herri batera. Eta guk ezin genuen deus erabaki”, azaldu du Shirok.
Madrilerako bidea hartu zuen familiak, halabeharrez. Baina handik Alemaniara joan zen. “Alferrik. Berriz ere Madrilera bidali gintuzten”. Eta Madrildik, Euskal Herrira ailegatu ziren, duela urtebete luze. Iruñeko Mendillorri izan zuten lehendabiziko aterpe, eta, iaztik, Uharten bizi dira.
CEAR erakundearen babesa
Gaztelania ikasteko eskolak senar-emazteentzat eta ikastetxeko errutina alabentzat. Jarduera horiek bete dute familiaren egunerokoa hilabeteotan. Madrilera ailegatu zirenetik, CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordearen babesa izan dute Shirok eta Hammok. “2023. urtera arte dugu eman diguten nazioarteko babesa; gero bertze bost urtez berrituko digute, eta hurrengo urratsa izanen da hiritartasuna lortzea”, azaldu du Sultana Shirok.
Ez du buruan Alepora itzultzeko aukera. Baina ezin du barrutik atera han gelditu direnenganako kezka. Ama eta aitarekin mintzatzen da hilabetean behin, baina familia urrun izatea “mingarria” dela onartu du. Hammorentzat ere zaila da egoera. “Turkia Afringo kurduak bonbardatzen hasi zenean, gurasoek etxetik ihes egin, eta mendira joan behar izan zuten, babes bila”, kontatu du, kezkaz.
Sultana Shirok 31. urtebetetzea ospatu du asteon. Sorterritik kanpo, berriz ere, baina ospatu egin du. Ospatu nahi izan du, eta egin du barre, familiarekin eta Uharten egindako lagunekin. Bideo batean jaso du besta, familiari bidaltzeko. Alepon prestatzen zituen goxoak ere egin ditu, Uharteko bere sukaldean. “Baina ez zaizkit ongi atera. Ez dute han zuten zapore bera. Ez dira berdinak”.