Iritzia: Fobiak eta beste

Iritzia: Fobiak eta beste

Lur Albizu Etxetxipia

Ez dute inolako intentziorik atzera egiteko. Guztiaren gainetik pasatu nahi dute eta horretara doaz. Hasi da ofentsiba berria, etenik izan ez duena, baina indarrez ari dira. Fobia eta autogorrotoa hedatu nahi dute eta horretan ari dira: airez, lurrez, itsasoz (gobernuan, udaletan, komunikabideetan, diskurtsoetan, sindikatuetan).

Kontziente gara?

Kontua ez da orain arte zer egin dugun (bakarrik). Kontua ez da euskararen aldeko borrokak lagun eta bidaide gehiago behar dituela. Kontua da orain eta hemen zer egiteko prest gauden, eta zer eginen dugun. Eta kontua da beharbada konturatuko ginela, baina kontzienteago izan behar dugula (usteak besterik ez dira): euskararen aldeko borroka gakoa da ez bakarrik geure hizkuntzak bizirik iraun dezan. Ez bakarrik euskalduntzerako. Euskararen aldeko borroka gakoa da gizarte justuagoa, sozialagoa, solidarioagoa eraikitzeko. Guk euskara defendatu eta euskaraz bizi nahi dugulako beste zerbaitetan sinesten dugulako. Bizitzan txuri eta beltzak bakarrik ez daudela dakigula eta koloreak askoz gehiago maite ditugulako. Ez dugulako monolitikoak izan nahi.

Ari da zerbait mugitzen, arrazoi asko daudelako. Haur eskoletan euskaraz ikasteko aukerarik ez duten umeak, Lezkairun euskara ez eta alemana (!) ezarri nahi izatea, Mendigorriko eskolan matrikulatu diren haurren %40 baino gehiago eskolatik kanpo geratzeko arriskua, euskararen alorrean unibertsitatean egin diren urrats eskasak (ezerezak, geldoak), Lanbide Heziketetako egoera guztiz lotsagarria, euskarazko hedabideei diru-laguntzarik ez emateko asmatzen ari diren irizpide berriak (eta bidenabar, hauek guztiz itotzeko apustua), epaiak eta dekretuak, plantilla organikoen kontrakoak…

Ezer aldatu nahi ez dutenak dira euskararen kontrako kanpainak azken urteetan bata bestearen atzetik zabaldu dituztenak. Gorrotoaren hedatzaile, inposizioaren gezurraren zabalpena egin dutenak. Egia ezkutatuta, bereak eta bi egin dituztenak D eredua eremu ez-euskaldunera heldu ez zedin. Euskara mikrofonotik entzun ezin den zerbait dela uste dutenak, hitzak berak debekatu nahi dituztenak.

Alor asko dira, baina, aldi berean, bakar bat. Gurea dena ez diezagutela lapurtu. Hau ez da gurasoen, ikasleen, komunikabideen edo irakasleen kontua. Hau guztiona da. Eskuinak badaki euskarak gizarte justuago eta berdinzaleago bat eraikitzeko duen potentziala zein den. Horregatik zabaltzen du gorrotoa eta erabiltzen ditu bere esku dauden bide guztiak. Erabil ditzagun guk ere gureak: proiektuak, mobilizazioak, diskurtsoak eta beste batzuengana heltzeko anbizioa. Euskarak merezi du. Baina, batez ere, gizarteak eta gure lurrak merezi dute. Eraiki ditzagun bideak. Gu gara eta orain gara giltzak.

Hasi dira mobilizazioak egoten. Apirilaren 2an hitzordua dugu Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Euskara eskubidea delako. Eta bizi-ikuskera bat, eta egoteko modu bat, eta izaera anitzak, eta ikasi nahi dugun hizkuntza, eta bizitzarako ezinbestekoa zaigun tresna.