Muskilda herriarena dela berretsi dute

Muskilda herriarena dela berretsi dute

Edurne Elizondo

Muskildako baseliza, herritarrena: horixe aldarrikatu zuen Otsagabiko Udalak, 2012. urtean, auzitara jotzea erabaki zuenean, eta horixe bera aldarrikatu du orain berriz ere, auzia epaitegi batera itzuli denean.

Iruñeko Artzapezpikutzak bere izenean erregistratu zituen Muskildako baseliza, ondoko etxea eta inguruko lurrak 1999. urtean. Erabaki horren kontra egin zuen udalak 2012an, eta, epaiketa egin eta gero, arrazoia eman zion Agoizko epaitegiak, 2017. urtean.

Elizak, baina, ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztea erabaki zuen azkenean, eta, ondorioz, egunotan Nafarroako Probintzia Auzitegian ari dira auzia aztertzen, berriz ere. Bi aldeetako abokatuek azken ondorioak aurkeztu eta gero, hain zuzen ere, sententziaren zain geldituko da epaiketa, datorren astean.

XII. mendekoa da Muskildako baseliza. Otsagabiko herritarrentzat toki hagitz preziatua da, zalantzarik gabe. Haiena da eraikina, baina Itzaltzutik eta Ezkarozetik ere joaten dira haraino erromerian. Irailaren 8an ospatzen dute Muskildaren eguna. Baselizaren barruan, hain zuzen, semea besoetan duen Ama Birjinaren tailla gotiko bat dago.

Iruñeko Artzapezpikutzak Espainiako Gobernuak Hipoteka Legean egindako aldaketa bat baliatu zuen ondarea bere izenean jartzeko, 1999an. Zehazki, 1946. urteko legea moldatu zuen PPko Jose Maria Aznarren gobernuak, 1998an. 1946. urteko lege horri esker, hamaika toki immatrikulatu zituen Elizak, eta 1998an moldatu eta gero, gurtzarako lekuak ere bere izenean jartzen hasi zen.

Otsagabian, 2007. urtean jakin zuten Elizak beretzat hartu zuela Muskildako baseliza, prentsan agertu zelako horren berri. Zehazki, Ondarearen Defentsarako Plataformak egindako lanari esker hasi ziren herritarrak errealitateaz jabetzen. Artzapezpikutzako arduradunekin hainbat bilera egin zuten herriko agintariek, konponbide bat negoziatzeko asmoz, baina ez zuten lortu. Ondorioz, auzitara jotzea erabaki zuten, baseliza, ondoko etxea eta inguruko lurrak berreskuratzeko.

Otsagabiko Udalak zehazki 2012. urtean jo zuen auzitara, baina 2014. urteko irailera arte ez zuten epaiketa egin, Agoizko auzitegian. Otsagabiko herritarren abokatu Ana Clara Villanuevak Roldan Jimeno historialariak egindako txostena baliatu zuen epaiketa hartan, bertzeak bertze. Egunotan Nafarroako Probintzia Auzitegian egiten ari diren epaiketan ere parte hartu du Jimenok, eta aurretik errandakoa berretsi du historialariak epailearen aurrean: Muskilda herriarena dela, alegia.

Jimenok baselizari buruz egindako txostenak eraikinaren inguruko agiriak ditu oinarri: “Botere laikotik eta Elizatik baselizara egindako bisiten inguruko agirietan, Muskilda herriarena dela zehazten da; XIX. mendean, halaber, Muskilda mendia eta hango baseliza Otsagabiarenak direla jaso zuten”, nabarmendu du Jimenoren lanak, bertzeak bertze.

Muskilda XII. mendekoa da, baina XVII. mendekoak dira baselizan egindako moldaketa nagusiak. Orduan ere, baseliza bereganatu nahi izan zuen Elizak, baina ez zuen lortu: herritarrek erretaulan, ateetan eta abarretan zehaztu zuten lanak Otsagabiak egin zituela. Herriak, alegia.

“Behar dena”

Gerta daiteke oraingo epaiketako sententzia Muskildako baselizari buruzko azkena ez izatea, helegitea aurkezteko aukera izanen baita, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian. Otsagabiko alkate Carmen Rekaldek argi utzi du, hain zuzen ere, herritarrak “behar dena egiteko prest” direla Muskilda beraiena dela argi gera dadin.

Kontrakoa da Iruñeko Artzapezpikutzaren tesia. Elizaren abokatuak epaiketan defendatu du baseliza eraiki eta hornitu izanak berez dakarrela “jabetzaren transferentzia”: hau da, jabetza Elizaren esku utzi gabe ez dagoela tokia sagaratzerik.

Bi aldeetako abokatuek beren azken ondorioak aurkeztuko dituzte datorren astean, eta, ondorioz, sententziaren zain geldituko da epaiketa.

Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak arreta handiz erreparatu dio Muskildari buruzko prozesu guztiari. Elkarteko kideek argi dute, halere, Elizak bere izenean erregistratutako eraikinen aferak “konponbide orokor bat” behar duela.

Ez dira gutxi Elizak bere izenean jarritako etxeak, hain zuzen ere: 5.000 immatrikulazio baino gehiago egin ditu herrialdean, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak abenduan emandako datuen arabera. Espainiako Estatuan 100.000 izan daitezkeela nabarmendu du elkarte horrek.

Otsailean, oraingo Nafarroako Gobernuko agintariekin lehen bilera egin zuten plataformako ordezkariek, eta Maria Txibite presidenteari eskatu zioten “arazoari eusteko”. Txibitek erantzun zuen gobernuak “interesa” baduela Elizak egindako immatrikulazioen auzia jorratzeko. Plataformak, bertzeak bertze, immatrikulazioen inguruko datuak lortzen jarraitzeko laguntza eskatu dio gobernuari.