Lau pareta baino askoz gehiago

Lau pareta baino askoz gehiago

Edurne Elizondo

Aterpe bat izan daitezke lau pareta. Gehiago behar da etxebizitza bat eraikitzeko, ordea: askatasun eta segurtasun espazio bat izan beharko lukeelako etxe batek, berez. Herritarrek etxean gelditu behar izan duten honetan, agerian gelditu da gizaki orok etxebizitza duin baterako eskubidea izan arren, ustez, eskubide hori beti ez dela bermatzen: etxerik ez duten herritarrak karrikan dira, eta, etxebizitza izan arren, eremu hori ez da espazio seguru bat bertze anitzentzat.

Nafarroako Gobernuak lege bilakatu zuen etxebizitzarako eskubidea, 2018an aurkeztutako testuaren bidez: etxebizitza “duina eta egokia” edukitzea “eskubide subjektibo bat” dela erran zuen, eta, hortaz, administrazioari exijitu ahal zaiola eskubide hori bermatzeko baliabideak jar ditzala.

Horixe egin du orain Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareak, etxebizitzaren inguruko “egoera larria” agerian utzi duen txostena Nafarroako Parlamentuan aurkeztu eta gero.

Pobreziaren aurkako sarean 30 erakundek egiten dute bat. 1994. urteko ekainean sortu zuten, bazterketa egoeran ziren pertsonei arreta osoa eskaini ahal izateko. Sarea osatzen duten elkarte guztietan baztertzeko arriskuan diren herritarrak dira erabiltzaile, eta osasunaren, enpleguaren, etxebizitzaren edo formakuntzaren arloko beharrak aztertzea dute helburu.

2019ko irailean, sareak erabaki zuen etxebizitzaren esparrua jartzea fokupean, alor horri buruzkoak zirelako erabiltzaile anitzek azaltzen zituzten kezkak eta arazoak. “2008ko krisi ekonomikoa gertatu zenetik, etxebizitzaren egoera hagitz ezegonkorra da Nafarroan, eta bereziki eragin die bazterketa egoeran diren pertsonei”, nabarmendu du Gara Gonzalezek, Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareko kideak. Nafarroan, 2018. urteko datuen arabera, 86.000 pertsona daude bazterketa jasateko arriskuan.

361 elkarrizketa

Sareko taldeek 361 elkarrizketa egin dituzte beren erabiltzaileen artean, eta “kezkagarritzat” jo dute lortutako datuek agerian utzi duten errealitatea: ondorio nagusia da eskaintza ez dela nahikoa dagoen eskaerari aurre egin ahal izateko. “%90ek baino gehiagok berretsi dute zailtasunak izan dituztela etxebizitza bat lortzeko; %31k ez dute lortu etxebizitza beren kabuz aurkitzea, eta, batez bertze, sei hilabete baino gehiago behar izan dituzte etxea lortzeko”.

Sareak merkatu librean eta babes ofizialeko etxebizitzen esparruan gertatzen dena aztertu du. Merkatu librean, hain zuzen ere, etxebizitzen prezioa da arazo nagusietako bat. Erabiltzaileen %52k nabarmendu dute auzi hori. Oro har, familiek beren diru sarreren %48 erabiltzen dute etxebizitza ordaintzeko.

Bada sareko erabiltzaileek nabarmendu eta mahai gainean jarri duten bertze arazo nagusi bat: bazterketa arriskuan diren hiru pertsonatik batek sufritu duela arrazakeria etxebizitza bilatu duenean. “Alarma pizteko moduko datua da hori, eta Nafarroako Gobernuak esku hartu beharko luke”, erran du sareko kide Ruben Unanuak.

Babes ofizialeko etxebizitzen arloan esku hartzeko aukera gehiago du administrazioak, ustez, baina esparru horretan ere badira arazoak. “Eragiteko tarte handiagoa du gobernuak, baina, neurriak hartu direla onartu arren, eskaintzaren eta eskaeraren arteko desoreka da nagusi, oraindik ere”, erran du sareko Edurne Redinek. Erantsi du, gainera, oraingo legegintzaldia amaitzen denerako orain babes ofiziala duten etxebizitza batzuek galdu eginen dutela. “Beraz, legegintzaldiaren hasieran baino etxe gutxiago izanen ditugu amaitzen denean”.

Etxebizitza kopurua ez da arazo bakarra: etxebizitza ereduan ere bada zer aldatu, Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareak agerian utzi duenez. “Duela 20 edo 30 urteko familientzako etxebizitzak dira oraingoak ere; gela bakarreko gutxi daude, adibidez. Egonkortasuna behar dugu, eta familien beharrei erantzuten dieten etxebizitza babestuak”.

Arazoak programetan

Bada bertze arazorik administrazioak etxebizitzaren arloan garatutako politiken esparruan, Redinek parlamentarien aurrean nabarmendu duenez. Zehazki, VAIS programan antzeman dituztenak aipatu ditu sareko kideak.

Inklusio Sozialerako Alokairuzko Etxebizitzen programa da VAIS, eta arduradunak dira Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Gizarte Eskubideen departamentuak, eta arlo sozialean ari diren bost erakunde. “Programaren arazo nagusia da etxebizitza nahikorik ez dagoela”. Edurne Redinek nabarmendu du azken urteotan %60 egin duela behera programan sartu diren familien kopuruak. 2016. urtean, adibidez, 50 familia ziren, eta 2019. urtean, berriz, 20.

Programan diren familiek etxebizitza lortzeko itxaron behar duten denborak ere egin du gora, sareko kideek agerian utzi dutenez: bizpahiru hilabetez egon behar zuten zain duela zenbait urte, eta, orain, berriz, bada bi urte luze zain dagoen familiarik.

Etxebizitzarik ez dutenentzako programan gertatzen dena ere aztertu dute sareko arduradunek, bertzalde, eta salatu dute esparru horretan ere baliabideak eskasak direla. “Egun, lau etxebizitza daude etxerik ez dutenentzako programan. Badakigu Nafarroako Gobernuak kopuru hori handitu nahi duela, baina bikoiztuko balu ere, ez luke egun dagoen arazoa konponduko, hogeita bost pertsona inguru baitaude programan sartzeko zain”.

Larrialdi egoeran diren familientzako programa aipatu du Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareak, hirugarrenik. Programa horrek artatzen ditu larrialdi egoera batean direnak, baina, ustez, hiru urteko epean etxebizitza lortzeko aukera izan dezaketenak. “Gertatzen ari da etxebizitzaren arloan dauden zailtasunengatik familia horiek ez dutela bertzerik aurkitzen, eta, ondorioz, ezin dute programa utzi. Aldi berean, larrialdi egoeran egon daitekeen bertze familiarik ere ezin da sartu”, salatu dute sareko arduradunek.

Errolda, eskubideen gako

Etxebizitza bat lau pareta baino anitzez gehiago da; bertzeak bertze, gaur egun etxebizitzarekin lotuta daudelako herritar ororen bertze oinarrizko eskubide batzuk ere. Horixe nabarmendu du Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Kontrako Sareak, eta horregatik eskatu die Nafarroako Parlamentuko taldeei esku har dezatela.

Esparru horretan, gako nagusietako bat errolda dela erantsi dute sareko kideek, eta bazterketa arriskuan diren pertsona anitzek erroldatzeko dituzten zailtasunak jarri dituzte agerian. “Etxebizitza duinik ez izateak ekartzen du okerrera egitea familien eta norbanakoen ongizateak eta osasunak. Etxebizitza da norbanakoari gizarteko kide izateko aukera ematen diona, egungo sisteman. Horregatik, erroldarik gabe, eskubiderik gabe gelditzen dira herritarrak”. Erroldaren arazoak eragiten die Iruñeko espetxean preso diren pertsonei ere. “Kartzelak ez die uzten Iruñean erroldatzen”, azaldu dute sareko kideek.

Berretsi dute erroldak ematen duela bertzelako zerbitzuak jasotzeko aukera, eta, erroldarik gabe, ondorioz, baztertzeko arriskuan diren pertsonen egoerak okerrera egiten duela. “Egun, etxebizitza egokirik gabe, nekez garatzen ahal da bizitza proiektu bat”, laburbildu dute.

Sareak txostena egin eta gero, bertze hainbat kolektibok ere egin dute bat sareko taldeek egindako salaketarekin, eta neurriak eskatu dituzte etxebizitzaren egoerak hobera egin dezan. Bertzeak bertze, SOS Arrazakeriak, Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformak eta CEAR erakundeak babestu dute pobreziaren aurkako sarearen lana. Etxea ez baita gauza bera herritar guztientzat.