Abiadura moteltzeko garaia

Abiadura moteltzeko garaia

Edurne Elizondo

Espainiako Estatua alarma egoeran dago, baina koronabirusaren pandemiak ere ez du lortu AHT abiadura handiko trena egiteko lanak gelditzea herrialdean. Nafarroako Gobernuak berretsi du hori: ez duela eman obrak eteteko agindurik, alegia.

Egun, gobernuak aurreko legegintzaldian esleitutako zatietako lanak daude martxan: lau dira, denera, eta 32 kilometro inguru luze, Alesbes eta Tafalla artean. Castejon eta Alesbes arteko hamalau kilometroko bi zatietako obrak dira, oraingoz, bukatuta dauden bakarrak, eta egin zituzten aldaketaren gobernuaren aurreko garaian, UPNren gobernuen agindupean.

“Aldaketaren gobernuak sekulako bultzada eman zion abiadura handiko trenari”. Horixe nabarmendu dute Sustrai Erakuntza fundazioko ordezkari Pablo Lorentek eta AHT Gelditu Elkarlana taldeko Nafarroako kideek. Bi talde horiek eta AHTaren aurka ari diren bertze hainbatek koordinakundea sortu dute herrialdean. Hilaren 15erako antolatutako jardunaldia bertan behera utzi behar izan zuten, pandemiagatik, eta joan den astean ere, Nafarroako Parlamentuan egin behar zuten agerraldia ezin izan zuten egin. Abiadura handiko trenaren aurka lanean jarraitzen dute, halere, eta herritarrak batzera deitu dituzte. “Esprintak ez du balio; iraupen lasterketa bat da AHTaren aurkakoa”.

Bati eman, bertzeari kendu

Duela hogeita zazpi urte hasi zen iraupen lasterketa hori, 1993. urtean AHTaren aurkako lehen batzarra sortu zenean. Espainiako Estatuak 1992. urtean inauguratu zuen abiadura handiko lehendabiziko trena, Madril eta Sevilla artean. Geroztik, 25 urtean, 56.000 milioi euro baino gehiago gastatu ditu proiektuan, eta 3.240 trenbide kilometro baino gehiago eraiki ditu.

“Administrazioak abiadura handiko trenaren alde egindako apustuak baliabiderik gabe utzi ditu gainerako zerbitzuak. 2014an, adibidez, 30 milioi bidaiarik erabili zuten abiadura handiko trena, eta 405 milioi bidaiarik erabili zituzten, berriz, aldiriko trenak; AHTak 3.194 milioi euroren aurrekontua izan zuen urte horretan, eta, aldiriko trenek, berriz, 121 milioi eurorena”. Ekologistak Martxan taldeko Madrilgo kide Elena Diaz Caserorenak dira hitz horiek; Iruñera etortzekoa zen, AHTaren aurkako jardunaldira. 2017an egindako analisian jada zuzenean lotu zituen abiadura handiko trenaren aldeko apustua eta tren publiko eta sozialaren gainbehera, inbertsiorik ezagatik.

Nafarroan ere milioiak jaso ditu AHTak, azken urteotan. Aldi berean, tokiko hainbat geltokitan zerbitzuak murriztu dituzte: Tafallan, Castejonen eta Altsasun, adibidez, txartelak saltzeko leihatilak itxi dituzte. Datuak mahai gainean jarri ditu Pablo Lorentek: 9 milioi euro baino gehiago eraman zituen abiadura handiko trenak, Nafarroan, 2015ean; 45 milioi izan ziren, 2017an; ia 8 milioi, 2018an; eta 24 milioi, 2019an.

Datuok eta, oro har, abiadura handiko trenari lotutako guztiak egungo testuinguruan kokatzeko beharra nabarmendu du Sustrai Erakuntzako kideak: “Osasunaren esparruan dauden gabeziek erakusten dute dirua bertze toki batera joan dela. Ehunka eta ehunka milioi xahutu dituzte AHTa eta gisako azpiegiturak egiteko lanetan, lehentasunezkoak edo beharrezkoak ez izan arren; Nafarroan ere gertatu da hori. Baliabide naturalak eta ekonomikoak suntsitzen dituen kapitalismoa da birusik hilgarriena”.

“Ekintza burutuen politika”

Nafarroako AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek ez dute zalantzarik: “AHTa da Euskal Herrian inoiz martxan jarritako obrarik faraonikoena, garestiena eta suntsitzaileena”. Sistemak bere abiadura moteldu behar izan duen honetan, “aukera baliatzera” deitu dute: “Aldaketa handiak egiteko, lehendabizi gelditu egin behar dugu, hausnartu, eta ondorioak mahai gainean jarri. Oraingoa momentu interesgarria da hori egiteko”.

Abiadura handiko trena gelditzeko aukera badela berretsi dute, azpiegitura horren sustatzaileek “ekintza burutuen politika” erabili arren. “Atzera egiterik ez dagoela sinetsarazi nahi digute, baina ez da egia”. Izan ere, obrek aurrera jarraitzen badute ere, hainbat dira, oraindik ere, Nafarroako proiektuaren inguruan lotu edo erabaki gabe daudenak.

Eta ez dira kontu txikiak. “Castejon eta Zaragoza arteko lotura zehaztu gabe dago”, erran du Lorentek, batetik. “Zati horren fase informatiboa ere ez dute egin, oraindik ere”, berretsi dute AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek. Asmoa da Castejon eta Zaragoza (Espainia) arteko zati horretan Ebroren gaineko zubi bat egitea. “Bertze 90 milioi euro beharko lituzkete, gutxienez”, erantsi du Lorentek.

Bertzalde, Iruñeko geltokiaren auzia jarri dute mahai gainean AHTaren aurkako ekintzaileek. Asmoa da Etxabakoitzen geltoki berria egitea, eta, horrekin batera, 10.000 etxebizitza eraikitzea, auzo horretan, bai eta oraingo geltokia dagoen Sanduzelai auzoan ere. Udalez gaindiko eragina duen plan baten bidez ari dira kudeatzen proiektu hori. Otsailean, hain zuzen, plan hori bertan behera uzteko eskatu zien Iruñeko alkate ohi Joseba Asironek hiriko egungo agintariei. Geltokiari buruzko plana garatzeko partzuergoa osatu dute Adif erakundeak, Nafarroako Gobernuak eta Barañain, Zizur eta Iruñeko udalek, eta partzuergo horrek berriki egindako txostenak ere kolokan jarri du proiektuaren bideragarritasuna. Lorentek argi du “erabat zentzugabea” dela egitasmo horri eutsi nahi izatea.

Bada zehaztu gabe jarraitzen duen beste kontu bat: abiadura handiko trenaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko modua, hain zuzen ere. “Oraindik ere, hainbat aukera dago mahai gainean. Aralar zeharkatzea zen hasierako asmoa; azken urteotan, berriz, Nafarroako korridorea eta Euskal Y-a Gasteiztik lotzeko aukera nabarmendu dute, batez ere”, azaldu dute AHT Gelditu Elkarlanako Nafarroako kideek.

2018ko urtarrilean, Espainiako Gobernuak bere lehentasuna zein den argitu zuen: Gasteizen nahi du lotunea. Baina ez da, halere, proposatu duen aukera bakarra: lotunea Ezkion egitea da bertzea. “Hamaika kontu airean dira, oraindik ere; baina, bitartean, aurrera jarraitzen dute lanekin, atzera bueltarik ez duen egitasmo bat dela irudikatzeko”, salatu dute proiektuaren aurkako taldeek.

Ez da hori AHTaren inguruko “gezur” bakarra, erantsi dutenez. Nagusietako bat da salgaiak garraiatzeko aukerari buruzkoa, Sustrai Erakuntza fundazioko Pablo Lorentek nabarmendu nahi izan duenez. Joan den astean Nafarroako Parlamentuan egitekoa zuten agerraldian, hain zuzen ere, gai hori jorratu behar zuten abiadura handiko trenaren aurkakoek. Lorentek argi eta garbi erran du: “AHTak Nafarroan ez du salgairik garrraiatuko”.

Sustrai Erakuntzak egindako txostena izan du abiapuntu Lorentek hori errateko; agiri horren arabera, Nafarroako AHTak ez dituela salgaiak garraiatuko erran dute ekonomiaren eta garraioaren esparruetako eragile garrantzitsu anitzek; eta horixe jasotzen du proiektuaren jatorrizko agiriak ere. “Iruñerriko Abiadura Handiko Partzuergoaren Zuzendaritza Kontseiluak ere onartu du Volkswagen enpresak tren konbentzionala erabiltzen jarraituko duela”, jaso du txostenak.

Abiadura handiko trena “arlo guztietan” da “suntsitzailea”, Pablo Lorentek salatu duenez. “Klima aldaketako egungo testuinguruan, ezin dugu jarraitu AHTaren gisako azpiegiturak bultzatzen dituen eredu kapitalista defendatzen”. Gehiago erran dute AHT Gelditu Elkarlana erakundeko kideek: “Gure espeziearen etorkizuna kolokan dago, eta herritarrok kriminal batzuen esku gaude”. Abiadura handiko trenaren aurkako lanari eustera deitu dute jendea, azpiegitura horretan egun xahutzen duten dirua osasunaren, hezkuntzaren edo gizarte zerbitzuen esparruetara bidera dezaten. Horietan dagoen beharra agerikoa da.

Goiko irudia: Ekinklik.