Hegalak hegan egiteko direlako

Hegalak hegan egiteko direlako

Edurne Elizondo

Ia bizitza osoa ematen dute hegan hegiten hainbat hegazti espeziek. Muturreko kasu bat da sorbeltz arruntena, habia egiteko baino ez baitira lurreratzen. Beren gainerako bizitza ziklo osoa airean garatzen ahal dute: airean jaten dute, eta airean egiten dute lo. Familia berekoak dira enara arruntak eta enara azpizuriak, eta sorbeltzak bezala, ohikoak dira herrialdeko hiri eta herrietan, udaberri-udetan. Intsektujaleak dira hiru espezieak, eta legez babestuta daude. Horrek ez du erran nahi, halere, erasorik sufritzen ez dutenik. Hegaztion aldeko kanpaina hasi du Azkoiengo Udalak, beren habiak honda ez ditzaten.

Azkoienera ailegatu dira jada sasoiko lehendabiziko enara arruntak, enara azpizuriak eta sorbeltz arruntak. Urte oro herriko ikastetxe publikoan beren habiak egiten dituzten enara azpizuriak ere laster ailegatuko direla argi du herriko Ingurumen zinegotzi Javier Campok. “Ehun habia baino gehiago egiten dituzte eraikin horretan. Herriko kolonia nagusia da”, erran du.

Horregatik, habia horiek babesteko kanpaina hasi du udalak, bigarrenez; Gorka Gorospe natura gidari eta ilustratzaileak egindako marrazkiak baliatu dituzte. Koronabirusaren ondorioz ezarritako konfinamendua amaitzen denean, gainera, hegaztioi behatzeko txangoak egin nahi ditu udalak, herritar guztientzat.

Azkoiengo enara azpizurien koloniarik handiena ikastetxe batean egoteak aukera “ezin hobea” ematen du hegazti horien inguruko informazioa zabaltzeko herriko haur eta gazteen artean. “Aukera hori baliatu behar dugu. Jendeak ez daki deus hegaztion ohiturei buruz, eta, legez babestuta egon arren, beren habiak suntsitzen dituzte, anitzetan, paretak zikintzen dituztelakoan”, salatu du Campok. Erantsi du habiak hegaztion etxeak direla, eta errespetatu egin behar direla. “Hegazti intsektujaleak dira; urtean 55 kilo intsektu jan dezakete, hain zuzen. Beren ohiturek, beraz, gizakioi ere egiten digute mesede”.

Sorbeltz arrunta. Irudia: Gonzalo Dean.

Sorbeltz eta enara arrunten eta enara azpizurien populazioak behera egin du azken urteotan. Batetik, jendeak beren habiak suntsitzen dituelako; bertzetik, nekazariek erabiltzen dituzten intsektiziden ondorioz hiltzen ari direlako; eta, hirugarrenik, beren habiak egiteko erabiltzen dituzten habitatak suntsitzen dituztelako.

“Enara azpizuriek, adibidez, buztina erabiltzen dute beren habiak egiteko; herriko ikastetxearen ondoan bada baratze bat, eta horko buztina baliatzen dute hegaztiok”, azaldu du Campok. Mila joan-etorri baino gehiago egin ditzakete enara azpizuriek beren habiak eraikitzeko, hain zuzen. “Horregatik da ikastetxekoa koloniarik handiena, gertu dutelako materiala”.

Eskola partekatzen

Ezohiko paisaia aurkituko dute aurten beren habiak Azkoiengo ikastetxean egiten dituzten enara azpizuriek, eraikina hutsik egonen baita. Hegaztion egunerokoa ez dela aldatuko azaldu du Campok, halere. “Haurrek ez diete inolako trabarik egiten enara azpizuriei; beren bizitzaren %90 ematen dute airean”.

Afrikatik etorriko dira hegaztiok udaberriarekin batera, eta udaberri-udetan herrialdean pasatuko dute, beren habiak eta kumeak zaintzen. “Haurrak irailean ikastetxera itzultzen direnerako hasiko dute, berriz ere, Afrikarako bidaia, zer jan bila”, erran du Azkoiengo zinegotziak.

Herri horretako udala ez da hegaztion inguruko kezka agertu duen bakarra: Gurelur talde ekologistak ere egin du enara azpizurien alde. Zehazki, taldeko kideek Nafarroako Gobernuari eskatu diote utz diezaiola hegaztion habiak suntsitzeko baimenak emateari. Gurelurrek salatu du baimen horiek fauna eta faunaren habitatak babesteko legearen aurka egiten dutela, eta ez dutela justifikaziorik. “Habiak suntsitzeko arrazoia omen da hegaztiek paretak zikintzen dituztela; gobernuak erran izan du, gainera, osasun publikoaren alde ematen dituela habiak suntsitzeko baimen horiek. Izugarria da. Ezagutzarik eza ikaragarria erakutsi dute Ingurumen Departamentuko kideek, bai eta ardurarik eza handia ere”.

Enara arruntarekin eta enara azpizuriarekin batera, bertze bi enara espezie badira Nafarroan: haitz enara eta uhalde enara, hain zuzen ere. Enara arrunta eta azpizuria gizakiarengandik hurbil bizi dira, baina bertze bi espezie horiek nahiago izaten dituzte gizakiengandik urrunago diren habitatak: haitzetan egiten du habia haitz enarak, eta, uhalde enarak, berriz, ur ibilguak eta legarra dauden tokiak maite ditu, batez ere. Mediterraneokoa da, bertzalde, enara ipurgorria, eta Nafarroakoa ez du berezko habitata; tarteka, halere, espezie horrek ere egin izan ditu habiak herrialdean.

Herritarrek etxean gelditu behar duten honetan, leihotik hegaztiei behatzera deitu dituzte ornitologoek nafarrak. Enaren eta sorbeltzen hegaldia bizia eta azkarra izaten da, baina, airea beren berezko habitat nagusia denez, emanen dute haiei so egiteko aukera.

Goiko irudia: Miguel Anton.