Iritzia: 70 metro koadro

Iritzia: 70 metro koadro

Lohizune Amatria

Martxoaren 16an sentitu nuen lehen aldiz. Etxeko leiho guztietara atera ginen txalo egitera. Itxialdia ezarri zutela bi egun ia ez ziren, eta inguruko bizilagunak inoiz baino gertuago sumatu nituen. Ezagun izan ziren une batez ezezagunak, nire berdin. Atzo jakin nuen, esaterako, azpiko bizilaguna euskalduna dela. Leihoa zabalik zuela ari zen telefonoz hizketan.

Egoera honek duen onena bilatzen saiatzen ari naiz. Baina sentimenduena nahiko gorabeheratsua izaten ari da. Etxekoekin ordu gehiagoz egoten ikasten ari gara, afaria zeinek zeini egiten zion berrikusten, beti uxatzen gabiltzan dei horren beharra nondik datorren ikertzen; eta geure buruarekin hitz egin daitekeela ikusi dugu. Eta, bitartean, baieztapenak gero eta gertuago.

Hau kasurik onenean. Ez da erraza, ez.

Janaria erostera atera naiz hitz hauek idatzi aurretik. Ohikoan bezala, astean behin egiten dut. Gaur supermerkatura joatea egokitu zait. Ordaintzeko ilaran (metro eta erdiko espazioa behar bezala gordez) kutxazainari begira geratu natzaio. “Emakumea. Hego Amerikakoa. 45 urte inguru”, suposatu dut. Nire txanda:

Zer moduz daramazue?

Gaizki. Nazkatuta gaude.

Hotz erantzun du. Hotz geratu naiz. Etxean zer gehiago egin ez dakidala ematen ditut nik orduak. “Nahiko luke berak”, pentsatu dut.

Lanez gainezka hemen. Eta, gero, etxekoa…

Besteontzako lanean dabiltzan guztiekin oroitu naiz. Saltzaile, banatzaile, zaintzaile, erizain eta medikuak egiten ari diren esfortzuaz oroituko al gara gero? Gehienak emakumeak direla ere kontuan izan beharko dugu. Hilabete hasieran borroka feminista aldarrikatzen ari ginen; eta orain, lan erreproduktiboaren krisia inoiz baino agerikoagoa den honetan, ezin dugu apaltzen utzi. Indarkeria matxistak ez du berrogeialdirik egin; aitzitik, itxialdian eroso mugitzen ari da.

Amorratuta, kalera atera naiz. Polizia auto bat kalea zeharkatzen ari zen. Zeintzuk ziren ez du axola, buru bera baitute orain denek: tortura ahalbidetu duen epaile eta Barne ministro “eredugarria”. Trafiko eskuduntza berreskuratzeaz ari ginen, eta orain txintik esan gabe onartu dugu erregimen autoritario hau.

Mugak mapan baino ez daudela erakusten diguten herritarrekin oroitu naiz. Inoiz baino gehiago nabaritu dute inposatu diguten banaketa. Egoera gainditzeko behar dena eginen dugu, baina gogoan izanen al dugu gero muga horiek ez direla gureak?

Etxera iritsi naiz. Nire bizitza 70 metro koadroan. Gaur zumba dute alboko bizilagunek. Ama eta alaba aritzen dira horretan; semea, berriz, gero eta trebeagoa da tronpetarekin. Gure onerako, gaur haien ordutegiek ez dute bat egin. “Eskerrak gu bi garen bakarrik”, pentsatu dut. “Zeinen ongi egonen ginatekeen herriko etxean”, amestu dut. Ohartuko al gara, behingoz, herrien eredua hiriena baino askoz ere jasangarriagoa dela? Beharbada, hau guztia igarotzean behar bezala baloratuko ditugu herria, bizitza eta harremanak. Hartzen ari diren erabakiak ahaztu gabe, hala gerta dadila espero dut, zinez.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku