Dolua, edo krisiaren barruko krisia

Dolua, edo krisiaren barruko krisia

Edurne Elizondo

Mari Carmenek ezin izan dio agur erran aitari. Buruko isuri batek jota eraman dute gizona ospitalera, baina, koronabirusaren pandemiak eragindako alarma egoeragatik, familiak ezin izan du ikusi. Bakarrik hil da. Axunen senarrak senideak ondoan izan ditu azken unean, baina orain emakumea da bakarrik gelditu dena, eta, lau paretaren artean itxita, depresioak hartuko duen beldur da.

“Nork bere dolu prozesua egin behar du; prozesu guztiak dira ezberdinak, batzuen eta bertzeen beharrak ere ezberdinak baitira”. Rakel Mateok erran ditu hitzok. Psikopedagogoa da, eta Goizargi elkartearen zuzendari eta sortzailea (https://goizargi.org/). “Nire saminetik jaio den elkarte bat da”, azaldu du. 15 urte zituenean, 11 urteko ahizpa hil zitzaion Mateori. Jendeak inguratuta zegoen, baina bakarrik sentitzen zen. “Inork ulertuko ez banindu bezala; inork ulertzen ez zuen hizkuntza bat hitz eginen banu bezala”. Babesa behar zuelako jarri zuen martxan Goizargi, duela hemezortzi urte: herritarrak beren dolu prozesuetan laguntzeko.

Egunotan, koronabirusaren pandemiak errealitate ezezagun bat eragin duen honetan, herritarren esku jarri ditu Goizargik bere baliabideak. Bost profesionalek osatzen dute lantaldea, eta etxetik ari dira, sarea baliatuz, aurretik zituzten erabiltzaileak eta orain lehen aldiz elkarteko kideengana jo dutenak artatzen. “Gainezka gaude”.

Irabazi asmorik gabeko erakunde bat da Goizargi, eta bi lan ildo nagusi ditu: batetik, dolu prozesu batean murgilduta daudenak laguntzea, taldeka edo banaka; eta, bertzetik, gizarteari zuzendutako lana sustatzea, jardunaldi edo ikastaroen bidezko formakuntzaren bitartez. “Gizartea presaka bizi da, baina emozioek denbora behar dute, eta dolua emozioen inguruko prozesu bat da”, azaldu du Mateok.

Haurrekin ere egiten dute doluari buruzko lan zehatz bat, etxeko gazteenen esku jartzeko beren emozioak kudeatzeko behar dituzten tresnak.

Oro har, heriotzari buruz gutxi hitz egiten dela uste du Goizargiko zuzendariak. Hobeki erranda, heriotzaz oro har mintzatzen ohi direla herritarrak, baina gizarte gisa anitz kostatzen zaiela, oraindik ere, heriotzari lotutako arlo emozionalei so egitea. “Edozein galerak frustrazioa eta ezintasuna eragiten digu, eta ez dakigu horren aurrean zer egin”.

“Mingarriagoa”

“Oraingo egoera ere bada galera bat guretzat; bakartzera behartu gaituzte, eta, ondorioz, karrikara ateratzeko askatasuna kendu digute, bertzeekin egoteko aukera”. Galera hori “are mingarriagoa” izan daiteke krisi egoera horretan bertze krisi batek jotzen dituenean herritarrak. “Oraingo testuinguruan, are zailagoa izan daiteke hurbileko baten heriotzak eragiten duen dolu prozesua”.

Izan ere, Mateok nabarmendu duenez, gauza bat da nork bere burua bakartzea erabakitzea, galera batek sortutako emozioak kudeatzeko; eta bertze gauza bat da bakartze horretara behartua izatea. “Bertzeen besarkada eta babesa behar duzunean bakarrik egon behar izatea ez da samurra”.

Doluaren iraupenaren araberako diagnostikoak ez ditu maite Rakel Mateok: “Joera dugu epeak jartzeko sentitu beharreko minari, eta epe jakin batetik aurrerakoa patologizatzen dugu”. Goizargin dolu “funtzionalak” eta “zailtzen direnak” bereizten dituzte. “Bigarren horietan sor daitezke arrisku egoerak, eta, agian, arreta kliniko zehatza behar izaten dute, uneren batean”.

“Jendeak ohitura du normala denaz eta ez denaz hitz egiteko”, erantsi du Mateok. Etiketa hori ez zaiola batere gustatzen argi utzi du: “Normala izan daiteke dolu egoera batean jendearekin egon nahi izatea; normala izan daiteke bakarrik gelditu nahi izatea; eta normala izan daiteke, halaber, zorura bota eta ostikoz jotzea. Samina ateratzeko modu bat da”.